Olinpiar Jokoak

Falta zaion dominaren bila

Alberto Munarriz hirugarrenez arituko da Olinpiar Jokoetan. Egutegi betea izan dute urtarriletik, baina «ondo eta lasai» iritsi da torneora. «Eskarmentuak erakusten dizu zer behar duzun halako txapelketa bat prestatzeko».

Alberto Munarriz, pase bat egiteko ahaleginean, partida batean. FRANCK ROBICHON / EFE
Alberto Munarriz, pase bat egiteko ahaleginean, partida batean. FRANCK ROBICHON / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko uztailaren 28a
05:05
Entzun

Alberto Munarriz waterpolo jokalariak beti aitortu izan du ez zaiola igeri egitea gustatzen, eta galdetuz gero jokalari gehienek gauza bera esango dutela. Bere kirolaren parterik «aspergarriena» dela esan izan du. Baina igerilekuan garaipen zerrenda luzea osatu du. Talde eta selekzio arteko txapelketetan 35 garaikur lortu ditu, eta azken horietan beste sei domina, zilarrezkoak eta brontzezkoak kontuan hartuta. Baina bada lortu ez duen bat: domina olinpikoa. Rion zortzigarren tokian amaitu zuen, Espainiako selekzioarekin; Tokion, berriz, gertuago izan zuen podiuma, baina laugarren izan zen. Hirugarrenez saiatuko da oraingoan. «Ederra izango litzateke, eta nire kirol ibilbideko lorpenik garrantzitsuena. Baina ez da obsesio bat, beti egongo delako beste erronka bat», nabarmendu du.

Kirol helburuetatik harago, beste asmo batzuk jarri dizkio bere buruari. «Kirolari gutxik dute Olinpiar Joko batzuetan lehiatzeko aukera; bada, pentsa hirutan. Lan handia dago atzetik, eta luxu bat da bertan egotea. Gozatu egin nahi dut: olinpiar hiriko giroaz, familia gertu egoteaz, lehiaketaz...». Herenegun, hasiera ekitaldi batean egoteko aukera izan zuen estreinakoz, aurreko bi aldietan ez zelako egon, hurrengo egunean lehiatu egin behar zutelako, eta COVID-19aren murrizketengatik. Gaur ekingo diote torneoari, Australiaren kontra (10:30).

Urte betea izaten ari da hau Munarrizentzat. Jokoen aurretik, selekzio arteko beste bi txapelketa jokatu ditu: Munduko Txapelketa eta Europakoa. «Guk, normalean, urtero selekzio arteko txapelketa bakarra jokatzen dugu. Aurten, berriz, pandemiaren erruz egin zuten egitarau berregituraketa tarteko, hiru izango dira denera. Gainera, kontuan izan aldi olinpikoa urtebete motzagoa izan dela. Zoramena izan da, eta exijentea mentalki eta fisikoki. Baina, niri, behintzat, gehien gustatzen zaidana lehiatzea da, eta, alde horretatik, ez dut kexarik». Parisera zein aldarterekin iritsi den ere azaldu du: «Ondo eta lasai nago. Eskarmentuak erakusten dizu zer egin behar duzun halako txapelketak ondo prestatzeko, eta hori abantaila bat da, beste patxada bat ematen dizu».

«Alferrik da sailkapen fase on bat egitea, gero kanporaketetan huts eginez gero. Mentalki eta fisikoki, hor egon behar duzu zure onenean»

 ALBERTO MUNARRIZWaterpoloko jokalaria

Prestakuntza aldia «normaltasunez» egin ahal izatea izan da horretarako arrazoietako bat. «Tokiokoa, pandemiako kontrolak eta murrizketak tarteko, niri, behintzat, gogorra egin zitzaidan. Une oro tentsio betean egoten ginen, proben emaitzak, sintomak eta abar tarteko. Nik, adibidez, familiarekin egoteko libre eman ziguten asteburu batean sukarra izan nuen, eta, azkenean, testak negatibo eman zuen arren, gaizki pasatu nuen. Hara iritsi ginenean, behin lehian sartuta, lasaiago egon nintzen, nahiz eta kontrolak egin eta harmailetan zalerik egon. Oraingo honetan lasai prestatu ahal izan ditugu Jokoak».

Bestea, aurretik aipatu bezala, eskarmentua izan da. Tokiora Rion baino jokalari hobea izanik iritsi zen, batez ere jokoa hobeto ulertzen eta ikusten ikasi zuelako. 2013tik ari zen Espainiako Ligako talderik indartsuenean, Atletico Barcelonetan, eta han eman zuen aurrerapauso hori. Horrek erabakiak bizkorrago eta hobeto hartzen lagundu zion. «Waterpoloan hori ezinbestekoa da». Horri betidanik izan duen ezaugarri bat gehitu behar zaio: postu diferenteetan jokatzeko gaitasuna. Orain, beste bat batu dio: «Indarrak neurtzen ikasi dut, etengabe waterpoloan ez pentsatzen, eta atsedenari garrantzia ematen. Azken batean, multzoen fasean bi egunetik behin lehiatzen zara, eta jakin behar duzu neurtzen, dena kanporaketetan erabakitzen baita. Alferrik da sailkapen fase on bat egitea, gero kanporaketetan huts eginez gero. Mentalki eta fisikoki hor egon behar duzu zure onenean».

Aurreko bi Olinpiar Jokoez sentipen gazi-gozoak ditu. Rion, adibidez, aurreikusitako kirol helburuetatik urrun geratu ziren. Baina, gutxienez, hortik kanpokoaz gozatu ahal izan zuen. «Asko gustatu zitzaidan olinpiar hiriko giroa, eta beste kiroletako atletekin egunerokoa partekatzea». Tokion, berriz, ezin izan zuten beste kirolariekin harremanik izan, eta, emaitzari erreparatuta, «arantza» geratu zitzaion. «Finalerdietako porrota nire kirol ibilbideko mingotsenetakoa izan zen, bost minutu falta zirenean hiru golen errenta genuelako. Ez genuen asmatu minutu horietan ongi jokatzen. Jasotako kolpearen ondorioz, Hungariak erraz hartu gintuen mendean, brontzezko domina irabazteko partidan».

Indarrak, parez pare

Txapelketa «polita eta lehiatua» espero du. «Azken urteetan waterpoloan asko parekatu dira gauzak». Araudi aldaketak asko lagundu du horretan, Munarrizen esanetan. «Bizkorrago jokatzeko aukera ematen dizu, eta ez dago horrenbeste eten. Hori abantaila da bizkorragoak eta teknikoagoak diren selekzioentzat. Indarrak parekatu egin dira fisikoagoak eta garaiagoak diren taldeekin. Guk geuk ausart jokatu nahi dugu, eta bai erasoan eta bai defentsan aurkaria deseroso sentiarazi».

Australiaren aurka ez ezik, Serbiaren, Hungariaren, Japoniaren eta Frantziaren aurka ere jokatu dute multzoen fasean. «Beste multzoa gogorxeagoa dela uste dut. Kroaziaren, Italiaren, Estatu Batuen, Greziaren eta Montenegroren artean, bat ez da final-laurdenetara iritsiko, eta bostak selekzio indartsuak dira, domina irabazteko hautagaiak». Dominen borrokan zein selekzio egongo diren esatera ere ausartu da: «Hungaria, Kroazia eta Italia hor egongo dira. Eta beste izen bat nabarmenduko nuke: Grezia. Azken txapelketetan ez du emaitza onik lortu, baina azkenaldian oso ondo ikusi dut».

Europako Txapelketan urrea eta Mundukoan brontzea eskuratu ostean, Espainiako selekzioa ere faboritoen artean dagoela onartu du. «Hori ere kudeatzen jakin eta asmatu behar dugu. Gakoetako bat izango da, alde horretatik beste selekzio batzuek eskarmentu handiagoa dutelako. Baina horretan ere taldeak aurrerapauso bat eman du. Gero eta garbiago ditugu bakoitzaren rolak eta ardurak, eta hobeto kudeatzen ditugu partidetako momentu erabakigarri eta zailak».

Rion bezala, etxekoak bertan izango ditu. «Niretzat funtsezkoak dira, haiek dira nire egunekoa konpartitzen dutenak, une onak eta txarrak, etxetik urrun ematen ditudan egunak... Beraz, honen parte ere egin nahi ditut». Familiatik datorkio Munarrizi waterpoloarekiko zaletasuna, hain zuzen ere: aitak eta osabak ere jokatu zuten. Laugarren Olinpiar Joko batzuetan ikusten al du bere burua? Berehala erantzun du: «Indarra eta ilusioa ez zaizkit falta, eta, sailkatuko banintz eta hautatuko banindute, han egongo nintzateke, ez izan zalantzarik».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.