Buruz buru ez du parekorik. Hori da Remco Evenepoel flandriarraren lehiatzeko modua. Bakarka, erlojua aurkari bakarra duela. Horrela irabazi zuen aurreko larunbatean Olinpiar Jokoetako erlojupeko proba. Eta modu berean gailendu da, gaur, errepideko proban. Jarraitzaileekiko aldea zenbatekoa zen galdezka aritu da azken kilometroetan, hori zuen ardura bakarra. Minututik gora atera dio bigarren sailkatuari.
Bere estrategiak, teorian, ez du akatsik: urrunetik jo, eta iraun. Halaxe egin zuen 2022ko Munduko Txapelketan, eta bi minuturen aldearekin helmugaratu zen. Helmugarako kilometro asko falta zirela egin zuen eraso 2022ko Lieja-Bastogne-Liejan, baita 2023koan ere. Bietan 50 segundotik gorako aldearekin iritsi zen azken zuzengunera. Modua berdina da, eta emaitza ere bai.
Helmugarako 37 kilometro falta zirenean egin du gaur bere apustua. Ez dio inork jarraitu. Aurrean taldetxo bat zeukan. Inoren laguntzarik gabe harrapatu ditu. Eta talde horretan zihoazenak atzean utzi ditu, banaka-banaka. Valentin Madouas bretoia izan da jarraitu ahal izan dion bakarra. Lepoa zentimetro batzuk luzeagoa izango du gaur gauean Madouasek, zenbait kilometrotan eutsi baitio flandriarraren ekinaldiari. Montmartreko azken igoeran utzi du.
Evenepoelek bere erara egin ditu azken 15 kilometroak, bakarrik. Garaipena berea zuela zirudien, baina, halako batean, bide bazterrean geratu da. Zulatua izan du. Aldea, ordea, handia zen. Bizikleta aldatu, berriz martxan jarri, eta, halere, atzekoak gerturatu ere ez zaizkio egin. Bizikletatik jaitsita ospatu du urrezko domina, atzean, Eiffel dorrea, beste inor ez.
Ihesaldi koloretsua
Ezohiko izenak eta ezohiko koloreak izan dira protagonista lehen kilometroetan. Lasterketarik ospetsuenetan lehiatzen ez duten zenbait txirrindularik beren burua erakusteko baliatu dute probaren lehen zatia. 278 kilometroko ibilbidea zuten aurretik eta iheslariek ez diete kezkarik eragin faboritoei. Alde egin duten sei txirrindularietatik, Thanakhan Chaiyasombat thailandiarra soilik lehiatzen da kontinental mailan —UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren mailarik baxuenean—. Are eta kategoria apalagoetan aritzen dira gainerakoak: Achraf Ed Doghmy marokoarra, Eric Manizabayo ruandarra, Charles Kagimu ugandarra eta Christopher Rougier-Lagane mauriziarra.
Tarte handia lortu dute, baina pelotoiak segituan murriztu diete aldea. Atzetik txirrindulari ezagunagoak agertu dira: Georgios Bouglas, Elia Viviani eta Ryan Mullen. Segituan iritsi dira burura, eta, laster, World Tourrean lehiatzen diren biak, Viviani eta Mullen, bakarrik geratu dira. Mauriziarrak iraun du gehien haiekin. Azkenaldian, gehiagotan ere agertu da Maurizioko bandera koloretsua txirrindularitzaren munduan. Emakumezkoetan mailarik bikainean dabil herrialde bereko Kimberley Le Court Pienaar. Giroan etapa bat irabazi berri du, eta biharko emakumezkoen probarako hautagaietako bat da.
Halere, lasterketak aurrera egin ahala, protagonismoa galdu dute txirrindulari exotikoek. Eta protagonista ezagunagoak agertu dira. Pelotoian, Danimarka, Belgika eta Herbehereak aritu dira lanean. Ez da mugimendu askorik egon helmugarako 92 kilometro falta ziren arte. Orduan, muino batean, sua piztu dute. Ihes egin dute Ben Healyk eta Alexei Lutsenkok. Oraindik aurretik zihoan Mullen irlandarra, eta itxaron egin dio Healy herrikideari. Haren lanari esker Vivianirengana iritsi dira, eta, segituan, Lutsenko eta Healy nabarmendu dira.
Betiko lehia: Van der Poel eta Van Aert
Atzetik, Belgikak martxa bat gehiago jarri du: Tiesj Benoot pelotoi buruan jarri, eta estutu on bat eman du igoeratxo batean. Evenepoelek bertan egin du lehen mugimendua, baina imintzio bat baino ez zen. Gero etorri denaren abisua. Nahasmendu hori probestu dute zenbait ziklistak ihes egiteko; bi iheslarien eta talde nagusiaren artean geratu dira Madouas, Stefan Kung, Marco Haller eta beste hainbat. Montmartreko lehen igoeran Healyk atzean utzi du Lutsenko. Une berean, harbidean gora, talde nagusitik erasoa jo du Mathieu Van der Poelek.
Bikain erantzun dio, ordea, Wout van Aertek. Helmugarako 45 kilometro falta ziren. Bien artean ondo moldatu dira, baina atzekoek bazekiten ezin zietela abantailarik utzi, eta soka motzean lotu dituzte. Harrapatu dituzten unea baliatu du Evenepoelek eraso erabakigarria jotzeko. Helmugarako 37 kilometro falta zirela, bakarrik joan da. Aurretik zihoan taldera iritsi eta txikitu egin du, baita Healy harrapatu ere. Bost geratu dira buruan: Evenepoel, Healy, Madouas, Kung eta Haller.
Atzean Van der Poelen selekzioak, Herbeherek ez zuten jende asko lanerako. Dylan van Baarle aritu da jo eta su, baina berak bakarrik ezin izan du aldea murriztu. Montmartreko bigarren igoera 45 segundoren aldearekin hasi du Evenepoelen taldetxoak. Lehen metroetan, jada, Madouasek baino ezin izan dio eutsi erlojupeko txapeldun olinpikoari. Atzean, berriro Van der Poel. Baina, berriro, Van Aert. Herbehereetakoak ez du atzean utzi flandriarra, eta Van Aertek, bere herrikide Evenepoel aurrean edukita, ez dio erreleborik eman Van der Poeli.
Montmartreko azken igoerara arte berarekin eraman du Evenepoelek Madouas. Bitartean, mugimenduak izan dira atzean, eta zenbait ziklista batu zaizkie Haller, Kung eta Healyri. Urrea, baina, jada urrun zegoen. Evenepoelek berea egin du, eta bakar-bakarrik iritsi da Eiffel dorrearen aurrera. Atzetik, Madouasek bigarren postuari eutsi ahal izan dio, 1.11ra iritsi da. Eta, hurrengo taldean, Cristophe Laporte izan da azkarrena, Evenepoelengandik 1.16ra. Alex Aranburuk hemezortzigarren amaitu du 2.13ra, eta Oier Lazkanok, 35. postuan, Evenepoelengandik 3.42ra.