Miren Lazkanok hamargarren egin du piraguismoan. Eskubaloian, futbolean, belar hockeyan eta hiruko saskibaloian ere aritu dira euskal kirolariak gaur.
Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke.
Piraguismoa
Miren Lazkanok hamargarren postuan amaitu du C1 mailako eslalom lehiaketa. Finalerako sailkatu da, denborarik onenetan hamargarrena eginda —hamabi sailkatzen ziren—, eta finalean berriz ere bederatzi izan ditu aurretik. Azken proban finalerdian baino azkarrago osatu du jaitsiera Lazkanok, baina hiru ate jo ditu —finalerdian, bi—. Azkenean, 116.97ko denbora egin du, Jessica Fox irabazleak baino ia hamasei segundo gehiago.
Surfa
Astearteko jardunaldia atzeratu egin zuten. Baldintza meteorologikoek baimentzen badute, bihar arituko dira Nadia Erostarbe eta Joan Duru. Euskal Herriko ordu txikietan (02:24) ahaleginduko da Erostarbe final-laurdenetarako txartela lortzen. Duruk bihar arratsaldean izango du final-laurdenetako proba (19:36).
Eskubaloia
Imanol Gartziandia eta Kauldi Odriozola protagonistak izan dira Espainiaren eta Japoniaren arteko eskubaloi partidan. Espainiak lortu du garaipena, 37-33. Hiru gol egin ditu Gartziandiak, eta sei Odriozolak. Hura izan da Espainiako selekzioan gol gehien egin duen jokalaria. Sergei Hernandezek ez du jokatu. Partida guztian aurretik ibili da Espainia, baina alde txikiarekin beti. Azkenean, lau golen abantailarekin irabazi du.
Futbola
Lucia Garcia, Oihane Hernandez, Elene Lete eta Irene Paredes final-laurdenetarako sailkatu dira. Espainiak 2-0 irabazi dio Brasilgo selekzioari, eta multzoko lehen postuan igaro dira final-laurdenetara. Gaur lau euskal herritarretako batek ere ez du jokatu. Multzokako faseko hiru partidak irabazi ditu Espainiak, eta urrezko domina irabazteko hautagai sendoa da.
Belar hockeya
Urrats garrantzitsua egin du Jose Maria Basterraren eta Rafael Villalongaren taldeak. Espainiako selekzioak 3-0 garaitu du Hegoafrika, eta gertu dauka final-laurdenetarako sailkatzea. 23. minutura arte bi taldeetako batek ere ez du golik sartu. Orduan iritsi da Espainiaren lehengoa: Marc reynek sartu du. Basterrak egin du bigarrena, partidaren hirugarren zatian. Eta, azkena, berriz ere Reynek, 53. minutuan.
Hiruko saskibaloia
Bi euskal herritarrek jokatzen dute hiruko saskibaloian, eta, gaur, ezinezkoa zen biek irabaztea. Gracia Alonso de Armiñok Espainiako selekzioarekin jokatzen du, eta Hortense Limouzinek Frantziakoarekin. Gaur elkarren aurka aritu dira, eta Alonso de Armiñoren taldea nagusitu da. 17-12 irabazi dio Espainiak Frantziari.