OLINPIAR JOKOAK

Virginia Diaz arraunlaria finalerdietarako sailkatu da (euskal kirolariak Parisen, uztailak 30)

Piraguismoan eta hiruko saskibaloian estreinatu dira euskal kirolariak. Virginia Diaz scull kategorian lehiatuko da arrauneko final-laurdenetan. Miren Lazkanok eta Pau Etxanizek sailkatzea lortu dute. Emakumeen surfa atzeratu egin dute.

Virginia Diaz final-laurdenetako proban, gaur. MAXIM XIPENKOV / EFE
Virginia Diaz final-laurdenetako proban, gaur. MAXIM XIPENKOV / EFE
2024ko uztailaren 30a
17:55
Entzun

Virginia Diaz finalerdietarako sailkatu da arraunean. Miren Lazkano eta Pau Etxaniz ere finalerdietarako sailkatu dira. Sebastien Guerrerok hemeretzigarren egin du tiro olinpikoan. Surfean, atzeratu egin dute jardunaldia. Belar hockeyan, eskubaloian, futbolean eta saskibaloian ere aritu dira euskal kirolariak gaur.

Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke.

Surfa

Nadia Erostarbek itxaron egin beharko du hirugarren jardunaldian lehiatzeko. Baldintza meteorologikoak medio, atzeratu egin dituzte surfeko lehiaketak. Final-laurdenetarako txartela lortu dezake. Hori bera erdietsi zuen atzo iluntzean Joan Duruk. Alan Cleland mexikarra gainditu zuen, eta Kauli Vaastekin lehiatuko da final-laurdenetan. Gaur jokatzekoa zen final-laurdenekoen proba, baina antolatzaileek oraindik ez dute argitu noiz berrekingo dioten lehiaketari.

Arrauna

Virginia Diaz finalerdietarako sailkatu da bakarkako scull modalitatean. Laugarren postuan joan da probaren zatirik handienean, baina, azken metroetan, aurrea hartu dio hirugarren zihoanari. Horrela, hirugarren postuan amaitu du bere final-laurdenetako lasterketa, eta finalerdietarako sailkatu da. 7 minutu eta 34 segundoan osatu ditu 2.000 metroak; final-laurdenetako denborarik onenen artean zazpigarrena egin du.

Ur bizietako piraguismoa

Miren Lazkano eta Pau Etxaniz finalerdietarako sailkatu dira: Lazkano, C1 mailan; eta Etxaniz, K1 mailan. Lazkano hamabosgarren postuan sailkatu da, eta Etxaniz, hamahirugarrenean. Lazkano bihar ariko da finalerdietan, 15:30ean. Hamabi onenen artean geratzen bada, finalean lehiatuko da, 17:25ean.

Tiro olinpikoa

Sebastien Guerrero baionarrak hemeretzigarren egin du, 30 lehiakideren artean, hobi olinpikoko modalitatean, eta ez da sailkatu finalerako.

Belar hockeya

Jose Maria Basterrak eta Rafael Villalongak hiruna berdindu dute Espainiako selekzioarekin, Frantziaren aurkako partidan. Frantziako selekzioak 0-2 hartu du aurrea, eta horrela amaitu da lehen zatia. Gero, Espainiak berdintzea lortu du. Villalongak egin du 2-2koa, partidaren erdia igaro berritan. Baina berriz ere Frantzia aurreratu da. Eta, partidako azken zatian, 51. minutuan, sartu du Espainiak azken gola, 3-3koa.

Saskibaloia

Garaipena lortu du Espainiako selekzioak, Grezia indartsua 84-77 mendean hartuta. Dario Brizuelak eta Xabier Lopez-Arostegik zenbait minutu egin dituzte kantxan. Brizuelak hiru puntu lortu ditu. Larunbatean Australiaren aurka galdu ostean, datorren ostiralean, Kanadaren aurkako partidan, erabakiko da Brizuela eta Lopez-Arostegi final-zortzirenetara igaroko diren ala ez.

Eskubaloia

Lehen bi partidak galdu eta gero, Espainiak 29-24 irabazi die Herbehereei, eta oraindik badu aukera txiki bat final-laurdenetarako sailkatzeko. Lysa Tchaptchetek jokatu egin du, eta gol bat sartu du. Maitane Etxeberriak, aldiz, zuntz haustura bat du, eta ez du gehiago jokatuko Parisen.  

Futbola

Euskal Herriko futbolariek jardunaldi eskasa izan dute. Aimar Orozek, Jon Pachecok eta Beñat Turrientesek Espainiarekin jokatu dute, eta 1-2 galdu dute Egiptoren aurka. Hala, multzoko bigarren izan dira, eta Japoniaren aurka arituko dira final-laurdenetan, ostiralean. Dominikar Errepublikak, berriz, bana berdindu du Uzbekistanekin. Beraz, Ibai Gomezen eta Nowend Lorenzoren taldea lehiaketatik kanpo geratu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.