OLINPIAR JOKOAK

Futbolean, urrea lortu dute mutilek, baina dominarik ez neskek (euskal kirolariak Parisen, abuztuak 9)

Oroz, Pacheco eta Turrientes futbolariek urrea irabazi dute. Paredes, Hernandez, Garcia eta Lete, ostera, dominarik gabe geratu dira. Solaun ere ezingo da dominengatik borrokatu gimnastika erritmikoan.

Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartuko duten 43 euskal jokalariak. BERRIA
Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartuko duten 43 euskal jokalariak. BERRIA
2024ko abuztuaren 9a
21:30
Entzun

Futbolean, Aimar Oroz, Jon Pacheco eta Beñat Turrientesek urrezko domina irabazi dute, Espainiako selekzioarekin; aldiz, Lucia Garcia, Oihane Hernandez, Elene Lete eta Irene Paredesek ez dute brontzezkoa lortu. Eskubaloian, Imanol Gartziandia, Sergei Hernandez eta Kauldi Odriozolak ez dute lortu finalera pasatzea, eta brontzezko dominarengatik lehiatuko dira. 

Golfean, Carlota Zigandak aukera gutxi ditu, hirugarren jardunaldia jokatuta parrak baino hamar kolpe gehiago baititu. Gimnastika erritmikoan, lehia bukatu du Salma Solaunek, Espainiako taldeak kanporaketan galdu baitu jarraitzeko aukera. Waterpoloan, Alberto Munarriz brontzearen bila arituko da, Espainiako selekzioak ez baitu lortu finalera iristea.

Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke.

Golfa

Carlota Zigandak ia ezinezkoa du domina irabaztea. Azken jardunaldiaren faltan, hamazazpi kolpera du brontzea. Ziganda eskas dabil: parraren gainetik hamar kolpe jo ditu. 

Gimnastika erritmikoa

Salma Solaun ez da finalerako sailkatu gimnastika erritmikoko taldekako proban. Espainiako selekzioa domina irabazteko faboritoetako bat zen, baina kanporaketako lehen proban huts larriak egin ditu. Horrela, hamargarren postuan amaitu du sailkatzeko proban —hamalau taldek hartu dute parte—. Soilik zortzi selekziok ziurtatuko zuten finalerako sailkapena, eta, beraz, Solaun ez da bertan arituko.

Waterpoloa

Alberto Munarrizek ez du domina irabazteko aukerarik, baina bosgarren eta zortzigarren postuen arteko lehiarekin jarraitzen du, Espainiako waterpolo selekzioarekin. Gaur, Italia garaitu dute, 11 eta 9. garaipen horrekin, seigarren edo bosgarren postua ziurtatu dute. Igandean, 09:00etan, jokatuko dute partida.

Futbola

Alemaniako futbol selekzioak irabazi du brontzezko domina. Hirugarren posturako norgehiagoka jokatu dute Alemaniak eta Espainiak Lyongo estadioan. 1 eta 0 nagusitu da Alemania. Horrela, Irene Paredes, Oihane Hernandez, Lucia Garcia eta Elene Lete euskal jokalariak dominarik gabe geratu dira, laugarren.

Paredes ez da aritu gaurko partidan, min hartuta baitago. Hernandezek, berriz, partidaren zati handiena jokatu du —71. minutuan aldatu dute— eta Garcia azken minutuetan —84.ean— zelairatu dute. Lete, ostera, aulkian egon da.

Futboleko partidak, ordea, ez dira Paredes, Hernandez, Lete eta Garciarekin amaitu. Geroago, Parisko Olinpiar Jokoetako lehen urrezko domina lortu dute euskal kirolariek. Aimar Oroz, Jon Pacheco eta Beñat Turrientes futbolariek eskuratu dute. Hirurek Espainiako selekzioarekin jokatzen dute, eta, gaur, Frantziako selekzioa garaitu dute Printzeen Parkea estadioan, 3 eta 5.

Hirurak aritu dira finalean. Orozek hasieratik jokatu du eta 87. minutuan aldatu dute Pachecorengatik. Turrientes ere partidaren amaieran zelairatu dute, 82. minutuan 

Eskubaloia

Alemaniak 25 eta 24 irabazi dio Espainiari eskubaloiko finalerdietan, eta, beraz, Espainiarekin ari diren hiru euskal jokalariek ez dute finala jokatuko: Kauldi Odriozolak, Imanol Gartziandiak eta Sergei Hernandezek. Halere, brontzezko domina lor dezakete. Horretarako, hirugarren eta laugarren posturako lehia irabazi beharko dute igandean, 09:00etan. Gaur, Odriozolak bi gol sartu ditu, eta, Gartziandiak, beste bi. Hernandez ez da deialdian sartu, ordezkoa baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.