Begoña Lazkano piraguistak bakarkako kayakeko 500 metroko finalerdietara iristea lortu du gaur. Asier Martinezek, aldiz, ez du finala jokatuko 110 metroko hesidunetan. Alain Kortabitartek ere ez du lortu finalerako sailkatzea skateboardingean. Carlota Ziganda hasi da golfean lehiatzen, eta 26. postua da lehen jardunaldia bukatuta. Eskubaloian, Kauldi Odriozola, Imanol Gartziandia eta Sergei Hernandez finalerdietarako sailkatu dira, Espainiako selekzioarekin. Waterpoloan, berriz, Alberto Munarrizek ez du lortu finalerdietara iristea, Espainiako selekzioarekin, baina ziurtatua du diploma olinpiko bat bederen.
Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke.
Piraguismoa
Begoña Lazkano piraguistak bigarren aukeran lortu du K1eko 500 metrokoko finalerdietarako sailkatzea. Lehen aukeran, kanporaketa fasean, talde bakoitzeko lehenbiziko biek lortu dute hori, eta laugarrena izan da Lazkano bere taldean. Final-laurdenetan, ordea, lortu du: laugarren postuan amaitu du, hirugarren txandan, eta finalerdietarako txartela eskuratu. Txanda bakoitzeko bost piraguista sailkatu dira finalerdietarako, eta Lazkanoren txandan atera dira piraguista gutxien, sei baino ez. Larunbatean izango ditu finalerdiak, 10:30ean.
Atletismoa
Asier Martinezek ez du finalerako txartela lortu 110 metroko hesidunean. Bosgarren amaitu du bere txandan, eta lasterketako hamar hesietatik bederatzi bota ditu lurrera. Txanda bakoitzeko bi onenek eta beste bi azkarrenek lortzen zuten finalerako sailkatzea. Beraz, bosgarren amaituta, inola ere ezin izan du sailkatu finalerako. Bestela ere, bere denbora 13.35 izan da, eta finalera sailkatu direnek 13.26ko denbora edo hobea egin dute. Grant Holloway estatubatuarrak egin du finalerdietako denborarik onena, 12.98. Atzo lortu zuen finalerdietarako txartela Martinezek, bigarren aukeran. Baina, gaur, ezin izan du aurrera egin. Bihar jokatuko dute 110 metroko hesiduneko finala, baina ez da bertan arituko atleta nafarra.
Golfa
Carlota Ziganda hasi da lehiatzen Parisko Olinpiar Jokoetan. Golflari nafarra hainbestean aritu da gaur, lehen jardunaldian: 73 kolpe jo ditu, parraren gainetik bat gehiago. 26. postuan dago sailkapenean, dominetatik hiru kolpera. Celine Boutier frantziarra da lider, 65 kolperekin; Ashleigh Buhai hegoafrikarra, bigarren, 68rekin; eta lau golfari daude hirugarren, 70ekin.
Skateboardinga
Alain Kortabitarte ez da sailkatu finalerako. Skateboardingeko park modalitatean aritu da, baina ezin izan du aurrera egin sailkatzeko probetan. Hemeretzigarren lekuan amaitu du, 75,46 punturekin. Finalerako txartela lortu duten zortziek 88,98tik gorako puntuazioa egin dute.
Eskubaloia
Espainiak luzapenean irabazi dio Egiptori (29-28) final-laurdenetan, eta, beraz, Kauldi Odriozola, Imanol Gartziandia eta Sergei Hernandez finalerdietan ariko dira, ostiralean (16:30), Alemaniaren aurka. Odriozolak eta Gartziandiak jokatu egin dute: zumaiarrak bi gol sartu ditu; urretxuarrak, aldiz, ez du golik sartu. Hernandez ordezko gisa ari da.
Waterpoloa
Alberto Munarrizek ez du lortu finalerdietarako sailkatzea. Espainiako selekzioak galdu egin du Kroaziaren aurka final-laurdenetan, 8 eta 10. Une oro aurretik aritu da Kroazia: 3 eta 6 amaitu dute bigarren zatia; 5 eta 8, hirugarrena. Halere, azken zatian, Espainia asko gerturatu zaio, eta gol baten aldearekin ere egon dira. Azkenean, bi golen aldearekin nagusitu da Kroazia. Munarrizek diploma olinpikoa ziurtatu du, eta ostiraletik aurrera erabakiko da zer postutan amaituko duten.