OLINPIAR JOKOAK

Alonso de Armiñok zilarrezko domina irabazi du hiruko saskibaloian (euskal kirolariak Parisen gaur, abuztuak 5)

Maialen Chourraut azkena izan da haren kayak-kroseko final-laurdenetako txandan. Futbolean, finalerako sailkatu dira Oroz, Pacheco eta Turrientes.

Alonso de Armiño, defentsan, AEBen aurkako finalerdian. YOAN VALAT / EFE
Alonso de Armiño, defentsan, AEBen aurkako finalerdian. YOAN VALAT / EFE
2024ko abuztuaren 5a
22:55
Entzun

Taldeko kiroletan zenbait lorpen eskuratu dituzte euskal kirolariek gaur, Espainiako selekzioekin. Gracia Alonso de Armiñok zilarrezko domina eskuratu du hiruko saskibaloian; Alemaniaren kontra galdu du finala. Futbolean, Aimar Oroz, Jon Pacheco eta Beñat Turrientes finalerako sailkatu dira. Waterpoloan, Alberto Munarriz final-laurdenetarako sailkatu da, partidarik galdu gabe. Maialen Chourrautek, aldiz, lehiaketa utzi du, kayak-krosean final-laurdenetan.

Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegiak eta ordutegiak kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke.

Piraguismoa

Maialen Chourraut kayak-kroseko final-laurdenetan lehiatu da, baina azkena izan da bere txandan, eta ez da sailkatu finalerdietarako. Beraz, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) piraguistak amaitu du haren lana Parisko Olinpiar Jokoetan.

Futbola

Aimar Oroz, Beñat Turrientes eta Jon Pacheco futboleko finalean izango dira, Espainiako selekzioarekin. Marokori 1 eta 2 irabazi diote gaur. Marokok sartu du lehen gola, penaltiz, eta hala iritsi dira atsedenera, baina bigarren zatian gailendu egin da Espainiako selekzioa. Partida osoa jokatu du Orozek, eta azken minutuetan atera dute Turrientes zelaira. Finala abuztuaren 9an jokatuko dute, 21:00etan, Frantziaren eta Egiptoren arteko finalerdiaren irabazlearen kontra.

Waterpoloa

Alberto Munarrizek ziurtatuta zeukan final-laurdenak jokatuko zituela, Espainiako selekzioarekin, eta gaur zalantzak uxatuta gainditu du multzokako fasea. Espainiak jokatutako partida guztiak irabazi ditu: gaur, Frantzia hartu dute mendean, 10 eta 8. Munarrizek hiru gol egin ditu. Asteazkenean jokatuko dute final-laurdenetako partida, Kroaziaren kontra.

Hiruko saskibaloia

Gracia Alonso de Armiño bilbotarrak zilarrezko domina lortuko du hiruko saskibaloian, Espainiako selekzioarekin. 17:30ean, 18 eta 16 garaitu dute AEBetako selekzioa, finalerdietan, eta edozer lortzeko gai izan zitezkeela ematen zuen. Finalean, baina, Alemaniak gogor egin, eta 17 eta 16 irabazi du urrezko domina. Alonsok bost tanto egin ditu, eta bi errebote jaso, baina ez da aski izan: tanto pare batek aldendu dute urretik, eta zilarrezko domina eramango du etxera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.