OLINPIAR JOKOAK

Jon Rahm lehen postuan dago (euskal kirolariak Parisen, abuztuak 3)

Bihar jokatuko dute azken jardunaldia, eta barrikoztarra Xander Schauffele estatubatuarrarekin berdinduta dago lidergoan. Gracia Alonso de Armiño eta emakumezko futbolariak finalerdietarako sailkatu dira, eta Alberto Munarriz, final-laurdenetarako.

Jon Rahm, kolpe on bat ospatzen. ERIK S. LESSER / EFE
Jon Rahm, kolpe on bat ospatzen. ERIK S. LESSER / EFE
2024ko abuztuaren 3a
21:00
Entzun

Golfean, hirugarren jardunaldia bukatuta, Jon Rahm buruan da sailkapenean. Txirrindularitzan, Alex Aranburuk hamabosgarren egin du errepideko proban, eta Oier Lazkanok 35. postua lortu du. Virginia Diazek ez du diploma olinpikoa eskuratu scullean; hamabigarren geratu da. Miren Lazkanok eta Maialen Chourrautek, berriz, kayak crosseko bigarren egunerako sailkatzea lortu dute.

Eta taldeko kiroletan, Espainiako selekzioekin: Alberto Munarriz final-laurdenetarako sailkatu da, waterpoloan; aldiz, Lysa Tchaptchetek ez du lortu sailkatzea, eskubaloian; Lucia Garcia, Oihane Hernandez, Elene Lete eta Irene Paredes finalerdietarako sailkatu dira futbolean; eta Gracia Alonso de Armiño ere bai, hiruko saskibaloian.

Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikusgai daude.

Golfa

Jon Rahm bete-betean ari da domina bat irabazteko lehian. Bihar jokatuko dute azkeneko jardunaldia, eta Barrikako (Bizkaia) golflaria lehen postuan dago sailkapenean, Xander Schauffele estatubatuarrarekin berdinduta. 199 kolpe jo dituzte biek lehen hiru jardunaldietan. Gaur, Rahm hobeto aritu da: 66 kolpe jo ditu, Schauffelek baino bi gutxiago. Tommy Fletwood britainiarra dago hirugarren postuan, kolpe bat gehiagorekin: 200. Rahmek eta Schauffelek hiru kolpera dute laugarren sailkatua.

Txirrindularitza

Alex Aranburu eta Oier Lazkano aritu dira errepideko proban, eta lehen postuetatik oso urrun geratu dira: Aranburu, hemezortzigarren postuan sailkatu da, Remco Evenepoel irabazlearengandik 2.13ra; Lazkano, berriz, 35. postuan helmugaratu da, 3.42ra. 

Arrauna

Virginia Diaz B finalean lehiatu da scull modalitatean, bakarka. Lehen bi postuetan amaitu behar zuen diploma olinpikoa lortzeko, baina seigarren izatea lortu du bere finalean. Beraz, hamabigarren lekuan amaitu du sailkapen orokorrean.

Piraguismoa

Kayak-crosseko lehen jardunaldia jokatu dute gaur, eta Miren Lazkano zuzenean sailkatu da bigarren txandarako; bere taldekoetan bigarren egin du. Maialen Chourrautek ez du lortu lehen aukeran, baina bigarren aukeran bai, eta hura ere bigarren txandan arituko da. Bihar jokatuko dute, 16:45ean.

Waterpoloa

Alberto Munarriz final-laurdenetan arituko da. Espainiako selekzioak 23-8 menderatu du Japonia. Jokatutako lau partidak irabazi ditu Munarrizen taldeak, eta lehen postuan dago bere multzoan. Horrela, multzokako faseko azken partida falta dela —astelehenean, Frantziaren aurka—, jada ziurtatu dute final-laurdenetan arituko direla.

Eskubaloia

Lysa Tchaptchetek, ostera, ez du aurrera egin. Lehendik ere jakina zen Espainiako eskubaloi selekzioa ezingo zela final-laurdenetan aritu, ordura arteko partida guztiak galduak baitzituzten. Bada, gaur, lehiaketako bosgarren partida ere ezin izan dute irabazi. Tchaptchetek bi gol sartu ditu, baina 24-32 garaitu du Frantziak bere taldea.

Hiruko saskibaloia

Espainiak galdu egin du 18-15 Alemaniaren aurka, baina, hala ere, finalerdietarako sailkatu da. Astelehenean jokatuko ditu finalerdiak, AEBen aurka (17:30), eta horietan ariko da Gracia Alonso de Armiño. Bilbotarrak ia zortzi minutuan jokatu du gaur, eta bost puntu sartu eta hiru errebote jaso ditu.

Hortense Limouzinek, Frantziako selekzioarekin, irabazi egin dio Australiari, 18-16. Lau puntu sartu, eta lau errebote jaso ditu. Selekzioak bi garaipen bakarrik lortu ditu, eta, beraz, Jokoak bukatu ditu Limouzinek.

Futbola

Espainiak finalerdiak jokatuko ditu, gaur final-laurdenetan Kolonbiari penalti jaurtiketetan irabazi eta gero. Bina egin dute luzapenean. Hain zuzen, Irene Paredesek behartu du luzapena, 97. minutuan binakoa eginda. Partida amaitzeko ordu laurden eskas falta zela, Kolonbia 2-0 zen aurretik. Asteartean jokatuko dituzte finalerdiak, Brasilen aurka, 21:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.