Nadia Erostarbe eta Joan Duru ez dira surfeko finalerdietara iritsi. Jon Rahmek bigarren jardunaldia laugarren postuan bukatu du. Maialen Chourraut eta Miren Lazkano erlojupeko kayak krossean aritu dira. Belar hockeyan, eskubaloian, saskibaloian eta hiruko saskibaloian ere aritu dira euskal kirolariak. Aimar Oroz, Beñat Turrientes eta Jon Pacheco, berriz, futboleko finalerdiak jokatzeko sailkatu dira Espainiako selekzioarekin.
Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegia eta ordutegia kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke.
Surfa
Nadia Erostarbe eta Joan Duru ez dira finalerdietarako sailkatu. Atzo, gaueko hamarrak aldera lortu zuen Erostarbek final-laurdenetan sartzea. Baina, gaur, goizeko hiru eta erdietan lehiatu den proban ezin izan du Tatiana Weston-Webb brasildarra garaitu. Brasildarrak 8.10 puntu lortu ditu, eta zarauztarrak, 6.34.
Lehenago geratu da lehiatik kanpo Joan Duru baionarra. Gauerdia igaro eta gutxira lehiatu da final-laurdenetako proban, eta hark ere ezin izan du aurkaria mendean hartu. Etxean ari zen Kauli Vaast polinesiarra, eta eguneko puntuaziorik handiena lortu du: 15.33 puntu. Duru, 12.33 puntu lortuta, ez da finalerdietarako sailkatu. Beraz, gaurkoarekin, amaitu dira Olinpiar Jokoak euskal surflarientzat.
Golfa
Ondo aritu da Jon Rahm Versaillesko zelaian. Lau jardunalditatik lehen biak jokatuta, Barrikako (Bizkaia) golflaria laugarren postuan dago, 133 kolpe eginda. Bi kolpera ditu lehen hiru sailkatuak: Xander Schauffele estatubatuarra, Hideki Matsuyama japoniarra eta Tommy Fletwood britainiarra. Rahmek 66 kolpe jo ditu gaur, atzo baino bat gutxiago.
Ur bizietako piraguismoa
Kayak-krosseko probak hasi dira gaur, eta bertan aritu dira Miren Lazkano zein Maialen Chourraut. Erlojupeko proban lehiatu dira, eta hamabosgarren eta hemeretzigarren izan dira, hurrenez hurren. Denborarik onena egin duenak baino lau segundo gehiago behar izan ditu Lazkanok (74.77), eta bost gehiago, berriz, Chourrautek (75.23).
Belar hockeya
Jose Maria Basterra eta Rafael Villalonga final-laurdenetara pasatu dira. Partida galdu dute Herbehereen aurka (5-3), baina hurrengo txandara igarotzea lortu dute halere. Laugarren postuan geratu dira B multzoan —lau sailkatzen ziren—, eta Belgikari egin beharko diote aurre igandean, A multzoan lehen postuan geratu baita. Jokatu dituen lau partidak irabazi ditu Belgikak.
Gaurko norgehiagokan, berriz ere protagonista izan da Basterra. Berak sartu du lehen gola, eta Espainiako selekzioa aurretik joan da hirugarren zatira arte. Orduan iritsi da herbeheretarren erantzuna: lau gol sartu dituzte azken hogei minutuetan.
Eskubaloia
Imanol Gartziandiak, Sergei Hernandezek eta Kauldi Odriozolak jokatzen dute Espainiako selekzioan, eta gaur 33 eta 31 galdu dute Alemaniaren aurka. Partida orekatua izan da, gehienean Alemania aurretik joan den arren. Halere, azken zatian, Espainiak hartu du aurrea, eta 28-30 joan dira. Azken minutuetan, ordea, bost gol sartu ditu Alemaniak. Gartziandiak hiru gol sartu ditu gaurko partidan.
Multzokako faseko azken partida geratzen zaie jokatzeko, bertan erabakiko da aurrera egingo duten ala ez. Igandean, 21:00etan arituko dira Kroaziaren aurka.
Futbola
Aimar Oroz, Beñat Turrientes eta Jon Pacheco finalerdietan arituko dira. Espainiak 3 eta 0 irabazi dio Japoniari final-laurdenetan, eta finalerdiak jokatuko ditu astelehenean, Marokoren aurka (18:00). Orozek ia partida osoa jokatu du; 84. minutuan aldatu dute. Orduan, haren ordez sartu da Turrientes. Pacheco aulkian egon da gaur.
Saskibaloia
Kanadak 88-85 irabazi dio Espainiako selekzioari. Horrela, Jokoetatik kanpo geratu da Xabier Lopez Arostegiren eta Dario Brizuelaren taldea. Azken partida bikaina osatu du Brizuelak, hamazazpi puntu lortu ditu. Ez da, ordea, nahikoa izan Kanada indartsua garaitu ahal izateko. Alde handiarekin joan da aurretik Kanada, baina, azkenerako, Espainia asko gerturatu zaio. Azken minutuan sartuta, oraindik irabazteko aukera zeukaten, baina ezin izan dute.
Hiruko saskibaloia
Partida bana jokatu dute gaur Gracia Alonso de Armiñok eta Hortense Limouzinek, baina emaitza erabat ezberdinekin. Alonso de Armiñok Espainiako selekzioarekin jokatzen du, eta irabazi egin diote Australiari: 21-17. Gauean, Kanadaren kontra ere irabazi egin du, 22 eta 20. Limouzinek jokatzen duen Frantziako selekzioak, ostera, galdu egin du AEBen kontra (14-13), baita Alemaniaren kontra ere (14-13).