OLINPIAR JOKOAK

Nadia Erostarbe surflaria final-laurdenetarako sailkatu da (euskal kirolariak Parisen, abuztuak 1)

Pau Etxanizek brontzezko domina lortu K1 piraguismoan. Nadia Erostarbe final-laurdenetarako sailkatu da surfean, eta diploma olinpikoa ziurtatu du. Virginia Diaz, ostera, ez da sailkatu aurrauneko finalerako.

Nadia Erostarbe, artxiboko irudi batean. BAT BASQUE TEAM
Nadia Erostarbe, artxiboko irudi batean. BAT BASQUE TEAM
2024ko abuztuaren 1a
22:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Pau Etxanizek brontzezko medaila lortu du piraguismoan. Virginia Diaz ez da sailkatu finalerako, aurraunean. Jon Rahmek lehiaketari ekin dio golfean. Nadia Erostarbe final-laurdenetara sailkatu da, surfean. Waterpoloan, eskubaloian eta hiruko saskibaloian ere jokatu dute euskal kirolariek gaur.

Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus daitezke.

Piraguismoa

Pau Etxanizek brontzezko medaila lortu du piraguismoan, ur bizietako jaitsieran, K1 modalitatean. Finalerdietan justu sailkatu da: hamabi leku ziren, eta hamabigarren postuan iritsi da finalera. Finalean, baina, jaitsiera ikusgarri azkarra egin du, eta hirugarren egin du. Segundo bakar batean sailkatu dira lehen hiru piraguistak: 0.65 segundora baino ez zaio gelditu urrezko domina Etxanizi.

Arrauna

Virginia Diazek ezin izan du: bakarkako skiff kategoriaren finalerdietan, bere txandako azken denbora egin du, atzetik aurrera egin ezinda, eta ez du lortu finalerako sailkatzea. Aldiz, diploma olinpiar bat lortzeko aukera badu oraindik. Larunbatean, 09:54an, B finalean parte hartuko du, eta, lehen bien artean gelditzea lortuko balu, diploma eskuratuko luke.

Golfa

Jon Rahmek golfeko lehen txanda egin du. Hideki Matsuyama japoniarrak bukatu du eguna lehen postuan, 63 kolpe eginda. Lau gehiago egin ditu Rahmek. Bihar jarraituko dute, bigarren txandan.

Surfa

Azkenean berrekin diete surfeko lehiaketei, bi eguneko etenaren ostean. Bart lehiatu behar zuen Nadia Erostarbek hirugarren jardunaldiko proban, baina baldintza meteorologikoengatik, azkenean, gaueko bederatzi eta erdietan lehiatu da. Final-laurdenetarako txartela lortu du, eta Shino Matsuda japoniarra garaitu du: Erostarbek 8.34 puntu eskuratu ditu, eta Matsudak, 5.84.

Waterpoloa

Alberto Munarriz Espainiako selekzioarekin ari da, bikain aritu ere. Hiru partida jokatu ditu Espainiak, eta hirurak irabazi ditu; azkena, gaur, Serbiaren aurka: 15-11. Munarriz bikain aritu da berriro: bi gol sartu ditu.

Eskubaloia

Lysa Tchaptchet Espainiako selekzioarekin ari da, eta gaur berriro galdu du: 27 eta 24. Lau partida jokatu, eta guztiak galdu ditu Espainiak. Beraz, jada ez du aukerarik sailkatzeko.

Hiruko saskibaloia

Hortense Limouzineren taldeak partida irabazi du Azerbaijanen aurka, 15-10. Limouzin bera izan da Frantziako selekzioari puntu gehien eman dizkiona: bost egin ditu. Gauean, berriz, Kanadaren kontra jokatu du Frantziak, eta 13 eta 9 galdu du; Frantziako bederatzi goletatik lau sartu ditu Limouzinek.

Bestalde, Gracia Alonso de Armiñok Espainiako selekzioarekin jokatutako bi partidak galdu ditu gaur. Goizean, 14-11 garaitu du Txinako selekzioak Espainiakoa. Eta, gauean, 17-11 irabazi die AEBetako selekzioak. Partida bakoitzean puntu bana lortu du Alonso de Armiñok

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.