Eskubaloian brontzezko domina Odriozola, Gartziandia eta Hernandezentzat (euskal kirolariak Parisen, abuztuak 11)

Azken partidan 23-22 irabazi diote Esloveniari. Waterpoloan seigarren amaitu du Alberto Munarrizek, eta maratoian hamazazpigarren Majida Maayoufek.

Imanol Gartziandia defentsa lanetan, gaur, Parisen. ALEX PLAVEVSKI / EFE
Imanol Gartziandia defentsa lanetan, gaur, Parisen. ALEX PLAVEVSKI / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko abuztuaren 11
11:00
Entzun

Olinpiar Jokoek hamaseigarren eta azken eguna izan dute. Imanol Gartziandiak, Sergei Hernandezek eta Kauldi Odriozolak brontzezko domina eskuratu dute, Espainiako selekzioarekin. Ordu berean baina dominarik lortzeko aukerarik gabe, bosgarren eta seigarren postuaren arteko lehian, Alberto Munarriz aritu da waterpoloan, Espainiako selekzioarekin, Greziakoaren kontra, eta 13-15 galdu du. Horiek baino lehenago hasi da Majida Maayouf maratoian lasterka, eta emaitza ederra lortu du: hamazazpigarren izan da, 2.28.35eko denbora eginda.

Eskubaloia

Finalaurrekoetan hartutako kolpearen ondotik indarberritu, eta brontzezko domina kolkoratu dute eskubaloian Espainiako selekzioarekin aritu diren hiru ordezkariek. Gaurko partida erabakigarrian, Olinpiar Jokoetako ezustekoa izan dute parean, Eslovenia. Neurketa oso parekatua izan da, baina azken minutuetan gehiago asmatu du Espainiak, eta gol baten aldearekin gailendu da, 23-22.

Kauldi Odriozolak bi gol sartu ditu gaur; Imanol Gartziandiak, berriz, aurreko partidetan baino gutxiago parte hartu du, eta Sergei Hernandez atezaina ez da deialdian izan.

Waterpoloa

Waterpoloan, bosgarren eta seigarren postuetarako lehia jokatu du gaur Alberto Munarrizek, Espainiako selekzioarekin. 13-15 galdu dute eta, beraz, seigarren postuan amaitu dute txapelketa, diploma eskuratuta.

Maratoia

Maratoian, gaur goizean egin du korrika Majida Maayouf Aguraingo (Araba) atletak. Lehen 25 kilometroetan lasterketa buruan ibili den taldean eutsi dio Maayoufek, eta, azken kilometroetan postu batzuk atzera egin arren, emaitza bikaina eskuratu du, hamazazpigarren amaitu baitu (2.28.35).

Bukatu da, horrenbestez, euskal atleten parte hartzea aurtengo Olinpiar Jokoetan, Parisen. 43 izan dira aurten, eta banaka eta taldeka lehiatu diren guztien berri eman dute BERRIAko kazetariek, Paristik bertatik. Olinpiar Jokoetarako sortutako eduki guztiak webgune berezi batean bilduta daude, eta hartan ikus liteke euskal atletek zer egin duten, baita Jokoek Parisen zer eragin izan duten ere. Kirol proba guztien egutegi eta ordutegi zehatzak kontsultatzeko egutegi interaktibo bat ere bada orrialde horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.