Olinpiar Jokoen azken-aurreko eguna da gaur, lehiaketako hamabosgarren eguna. Bi euskal atleta lehiatu dira: Carlota Ziganda golfean, eta Begoña Lazkano piraguismoan.
Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke.
Piraguismoa
Begoña Lazkano lehitik kanpo geratu da K1 modalitateko 500 metroko finalerdietan. Azken-aurreko tokian amaitu du bere txanda eta ez du finalerako txartelik lortu. Halere, Pasaiako piraguista «pozik» geratu da: «Saiatu naiz nire bertsiorik onena ateratzen, eta, nire ustez, lortu egin dut».
Golfa
Ahazteko moduko esperientzia izan du Carlota Zigandak Parisko Jokoetan; bai, behintzat, lehiari dagokionez. Izan ere, golflari nafarra ezinean aritu da lehiak iraun duen lau jardunaldietan. Azkenean, 49. postuan bukatu du, parraren gainetik hamahiru kolpe gehiago emanda. Lydia Ko txapeldunarengandik 23 kolpera geratu da, eta brontzearengandik hogeira.