Joan Duru final-laurdenetarako sailkatu da surfean. Aldiz, Janire Gonzalez eta Andy Criere lehiaketatik kanpo gelditu dira. Sebastien Guerrerok ez ditu aukera asko tiro olinpikoan finalerako sailkatzeko. Eskubaloian ere aritu dira euskal kirolariak gaur.
Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus daitezke.
Surfa
Joan Duru surflari baionarra final-laurdenetan arituko da. Epaileek bederatzi puntu baino gehiago eman dizkiote hartu dituen olatuetatik bitan. Horrela, 18.13ko puntuazioa lortuta, Alan Cleland mexikarra gainditu du —15.17—. Bihar, 19:36an jokatuko du final-laurdenetako proba. Finalerdietarako sailkatzeko, Kauli Vaast garaitu beharko du, haren etxean. Tahitikoa (Polinesia Frantsesa) da Vaast, eta han ari dira lehiatzen aurtengo Olinpiar Jokoetako surfeko probak.
Bestetik, Janire Gonzalez eta Andy Criere lehiaketatik kanpo gelditu ziren bart. Larunbatean ekin zioten lehiari, eta lehen txandan kanpoan gelditu ziren, eta atzo, bigarren jardunaldian, ez zuten lortu aurrera egiteko behar adina puntu. Nadia Erostarbek lehiaketan jarraitzen du: gauerditik aurrera izango du bere proba.
Tiroa
Sebastien Guerrerok oso zaila du hobi olinpikoan finalean aritzea. Baionarrak lehen hiru txandak jokatu ditu gaur, eta 70 puntu lortu ditu 75etik. Lehen seiak sailkatuko dira, eta 73 ditu seigarrenak; alde handia da hori. Guerrero bihar ariko da azken bi txandetan (09:00). Finalerako sailkatuko balitz, 15:30ean lehiatuko litzateke.
Eskubaloia
Imanol Gartziandia, Sergei Hernandez eta Kauldi Odriozola ari dira Espainiako selekzioan, eta galdu egin dute gaur ligaxkako bigarren partidan: 29-26 Suediaren aurka. Gartziandiak gol bat sartu du, Odriozolak batere ez, eta Hernandez ez da sartu deialdian.