Nadia Erostarbek eta Joan Duruk lortu dute hirugarren txandarako sailkatzea, surfean. Ariane Toro, berriz, final-hamaseirenetan kaleratu dute, judoan. Maialen Chourrautek finalera sailkatzea lortu du, baina ez du dominarik eskuratu. Waterpoloan, eskubaloian eta futbolean ere lehiatu dira euskal kirolariak gaur.
Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus daitezke.
Surfa
Larunbat gauak albiste onak eta ez horren onak utzi ditu Olinpiar Jokoetan dabiltzan euskal surflarientzat. Nadia Erostarbe eta Joan Duru euren txandako onenak izan dira, eta zuzenean lortu dute hirugarrenerako sailkatzea. Janire Gonzalez Etxabarrik eta Andy Crierek, ordea, bigarren aukera baliatu beharko dute txapelketan segitzeko. Teahupo'oko (Tahiti) olatu ospetsuan ari dira lehiatzen, Polinesia Frantsesean, eta horregatik aritu dira horren ordu arraroetan.
Erostarbe zarauztarrak aurreikuspenak bete eta aise gainditu ditu aurkariak. Bere bi olatuen artean 13.83 puntu lortu ditu. Zeelanda Berriko Saffi Vettek, berriz, 7.50, eta Txinako Yang Siqik 5.40. Duru baionarrak, berriz, larri-larri lortu du lehen postua. 13.84 puntu eskuratu ditu, eta 13.36 Jack Robinson australiarrak. Astearte gauean lehiatuko dira berriro bi euskal kirolariak. Hirugarren txandatik aurrera buruz burukoak izango dira kanporaketa guztiak, 25-40 minutu artekoak, itsasoaren baldintzen arabera.
Gonzalez Etxabarrik aurkari gogorra izan du parean lehen txandan: etxean lehiatzen ari den Vahine Fierro, urrezko domina lortzeko faboritoetako bat. Hirugarren amaitu du zumaiarrak, eta bigarren aukeran saiatu beharko du berriro. Antzekoa gertatu zaio Andy Criereri: munduko txapeldun John John Florencen aurka aritu da, eta hirugarren amaitu du txandan.
Judoa
Judoan, gaur ekin dio lehiari Ariane Toro nafarrak, baina nahi baino azkarrago amaitu du bere ibilbidea. Goizean jokatu du final hamaseirenetan, Mongoliako Lkhagvasurenen aurka, baina immobilizazioagatik galdu du 52 kiloz azpiko mailan.
Eslalom piraguismoa
Euskal kirolari nabarmenduenetako bat, Maialen Chourraut, gaur lehiatu da. K1 eslalomeko sailkapen proba gainditu zuen atzo, finalaurrekoa ere bai gaur goizean, baina finalean berehala egin dio alde laugarren domina olinpikoa lortzeko aukerak. Jaitsiera erabakigarrian 52 segundoko zigorra jaso du ate bat igaro ez duelako eta beste bat jo duelako. Datozen egunetan beste aukera bat izango du dominaren bat lortzeko, kayak krosean.
Waterpoloa
Waterpoloan, lehen garaipena erdietsi du Alberto Munarrizen Espainiak. 9-5 irabazi diote Australiari.
Eskubaloia
Maitane Etxeberriak eta Lysa Tchaptchetek 21 eta 26 galdu dute, Espainiako selekzioarekin, Angolaren kontra.
Futbola
Lucia Garcia, Oihane Hernandez, Elene Lete eta Irene Paredes Espainiako selekzioarekin aritu dira Nigeriaren kontra, eta 1 eta 0 irabazi dute.