Virginia Diaz final-laurdenetarako sailkatu da arraunean, eta Maialen Chourratu, finalerdietarako, piraguismoan. Oier Lazkanok 26. egin du erlojupeko txirrindularitza proban. Oier Ibarretxe boxeolaria final-hamaseirenetan kaleratu dute. Eskubaloian, futbolean, belar hockeyan eta saskibaloian ere lehiatu dira euskal kirolariak gaur.
Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus daitezke.
Arrauna
Virginia Diaz sailkatzeko lehian aritu da scull modalitatean, eta erronka gainditu du. Vaires-sur-Marneko probalekuan, bere taldean bigarren egin du Diazek, 7.37.30 denborarekin. Tara Rigney australiarra izan da lehena (7:30.71). Beraz, zuzenean pasatu da Diaz final-laurdenetara. Sailkapena sei taldetan jokatu dute.
Piraguismoa
Maialen Chourraut finalerdietarako sailkatu da ur bizietako piraguismoko K1 mailan. Hala ere, espero baino apalago aritu da, eta deseroso. Lehen jaitsieran, hamazazpigarren postuan sailkatu da 25 piraguisten artean. Bigarrengoan, berriz, hobeto aritu da, eta 11. izan da.
Bi saioetako denborak kontuan hartuta, hamahirugarren postuan sailkatu da. Oso urrun izan ditu faboritoak. Adibidez, Jessica Fox australiarrak egin du denborarik onena, eta hura baino lau segundo pasatxo mantsoago aritu da lasartearra. Finalerdietan ariko da bihar, 15:30ean, eta, finalerako sailkatuko balitz, 17:45ean lehiatuko litzateke. Gora egin beharko du aurrean ibili nahi badu.
Txirrindularitza
Txirrindularitzako lehen lasterketak lehiatu dituzte gaur, erlojuaren aurkako probak. Bertan hartu du parte Oier Lazkano gasteiztarrak. Euriak baldintzatu du lehiaketa, eta eroriko asko izan dira gizonezkoen zein emakumezkoen lasterketetan. Lazkano ere jaustear izan da azken bihurgunean, baina bizikleta gainean mantentzea lortu du. Azkenean, 26. postuan amaitu du, irabazlearengandik bi minutu eta 56 segundora. Remco Evenepoelek irabazi du gizonezkoen proba, eta Grace Brownek, emakumezkoena.
Boxeoa
Oier Ibarretxe gogotsu iritsi da Olinpiar Jokoetara, 63,5 kilorainokoen kategorian emaitza handi bat lortzeko asmotan, baina lehen saioan kanporatu dute. Gauean jokatu du final-hamaseirenetako borroka, Bazarbay Uulu Mukhammedsabyr kazakhstandarraren kontra, eta puntuetan galdu du. Eta puntuetan lehia estua izan duten arren, epaiak ez du zalantzarik: bost epaileek eman dute Mukhammedsaby aurretik, eta 5-0 galdu du.
Eskubaloia
Imanol Gartziandia, Sergei Hernandez eta Kauldi Odriozola ari dira Espainiako Selekzioan, eta lehenengo garaipena lortu dute gaur goizean, Esloveniaren aurka. 25-22 irabazi dute, eta ez da erraza izan, atsedenaldian hiru golez galtzen ari zirelako (8-11).
Belar hockeya
Jose Maria Basterra eta Rafael Villalonga ari dira jokatzen Espainiako selekzioarekin, eta partida zuten gaur Erresuma Batuaren aurka. 4-0 galdu du Basterra eta Villalongarenak. Basterrak bi jaurtiketa argi egin ditu lehenengo zatian.
Saskibaloia
Dario Brizuela eta Xabier Lopez-Arostegi ari dira jokatzen Espainiarekin, eta partida zuten gaur Australiaren aurka. 92-80 galdu du Brizuela eta Lopez-Arostegirenak. Brizuelak bi puntu sartu ditu, eta Lopez-Arostegik, beste bi.
Futbola
Aimar Oroz, Jon Pacheco eta Beñat Turrientes ari dira jokatzen Espainiarekin, eta Nowend Lorenzo, Dominikar Errepublikarekin —Ibai Gomez da hautatzailea—. Elkarren aurka jokatu dute gaur, eta Espainiak 1-3 irabazi du. Horri esker, final-laurdenetarako sailkatu da. Aimar Orozek partida osoa jokatu du; Nowend Lorenzok, bigarren zatia; Pachecok, 24 minutu; eta Turrientesek, hamahiru.