OLINPIAR JOKOAK

Etxaniz eta Lazkano finalerdietarako sailkatu dira

Erraz lortu dute lehenbiziko langa gainditzea. Lazkanok ez du nahi bezain kontent bukatu bere lanarekin, eta Etxaniz «oso pozik» atera da uretatik.

Pau Etxaniz, gaur, K1eko proban, Vaires-sur-Marneko kanalean. MAXIM SHIPENKOV / EFE
Pau Etxaniz, gaur, K1eko proban, Vaires-sur-Marneko kanalean. MAXIM SHIPENKOV / EFE
mikel rodriguez
2024ko uztailaren 30a
18:37
Entzun

Euskal Herriko bi piraguista lehenbiziko aldiz lehiatu dira Olinpiar Jokoetan: C1ean Miren Lazkano eta K1ean Pau Etxaniz. Estreinakoa «gazi-gozoa» izan da Lazkanorentzat, eta «oso pozik» bukatu du Etxanizek. Vaires-sur-Marneko kanaleko segadei eta bero itogarriari buru egin behar izan diote, baina biek ala biek lortu dute helburua: finalerdietarako sailkatzea. Bihar lehiatuko da Lazkano, eta, etzi Etxaniz. C1ean Gabriela Satkova txekiarrak irabazi du sailkatze saioa, 99.44ko denborarekin, eta K1ean Titouan Castryck bretoiak (80.09).

Alena Marx suitzarraren gibeletik atera da Lazkano, zortzigarren tokian. Denbora txukuna egin du, ordura arteko zortzietan onena: 109.49. 11. atea jo du, eta bi segundoko zigorra ezarri diote horregatik. Hamahirugarren atearen eta hemezortzigarrenaren artekoan zegoen jaitsierako tarterik konplikatuena; kostata, baina ongi burutu du lau ate eta bi erremonteko puska. Hamaseigarren atetik hamazazpigarren erremonterako olatua hartzeko zailtasunak izan ditu, bertze hainbatek bezala, baina azken buruan ongi bete du lana. Ikusleen artean ordura arteko harrabots handiena sortu du helmugan, denborarik onena ezarri baitu. Hamabigarren atera den palistak, Klaudia Zwolinskak, gainditu du Lazkanoren denbora. Azkenean, lehenbiziko txandan 21etik hamargarren. Lan ona.

«Nik uste nire maila beste bat dela, ez gaur erakutsi dudana. Sekulako frustrazioa sentitu dut, gehiago nahi bainuen»

MIREN LAZKANOPriaguista

Bigarren txanda, ordea, ez du lehenbizikoa bezain ongi egin. Jaitsiera bizkorra egin du (105.60) baina zigor gehiegi pilatu ditu, eta 113.60ra igo zaio azken emaitza. Atera eta gutxira egin ditu lehenbiziko hutsak, eta jaitsiera baldintzatu dio horrek. Dena den, 21etik hamabortzgarren tokian bukatuta, gutxieneko langa gainditu du. «Nik uste nire maila beste bat dela, ez gaur erakutsi dudana», adierazi du proba bukatu ondotik. «Sekulako frustrazioa sentitu dut, gehiago nahi bainuen». Lehenbiziko txandarekin, oro har, gustura bukatu du; horregatik, bigarrena hastean «lasaiago-edo» ikusi du bere burua, baina ez du nahi bezalako bukaera izan. «Bihar hobeki aritzea gustatuko litzaidake».  

Etxaniz: «Oso eroso aritu naiz» 

K1ean, berriz, Pau Etxanizek estreinako ezin hobea izan du. Bare-bare ekin die lehenbiziko oztopoei, eta erdiguneko zonako jauzia eta olatua ere egoki hartzea lortu du. Denbora onarekin ekin dio bukaerako bideari, baina han egin du huts bakarra, 22. atean; bi segundoko zigorra ezarri diote. Jaisten hamargarrena izan da, eta denborarik onenetan bigarrena ezarri du, Pedro Gonçalves brasildarraren gibeletik: 87.84. Bederatzigarren denborarik onena egin du azkenean. Bigarren txandari hainbesteko presiorik gabe ekin dio, baina bare-bare jaitsi da horretan ere. 24tik hamabigarren bukatu du azkenean, helburua aise beteta. «Gehiagorako gogoz» bukatu du eguna: «Oso eroso aritu naiz. Denbora asko egin dut buruz Jokoak prestatzen. Buruan mila aldiz egin dut lehiaketa hau, eta seguru nekien zer egin behar nuen». Finalerdietarako zirkuitu zailagoa eginen dutela kontatu du Etxanizek, baina gogotsu dago: «Berdin egin behar dugu arraunean, disfrutatu, eta ea zer ateratzen den».  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.