Olinpiar Jokoak

Begoña Lazkano: «Estropada bukatzean, uretan nengoela, pentsatu nuen Olinpiar Jokoetara joan nahi nuela berriz»

Olinpiar Jokoetara iristea zen helburua, eta bete du. Sailkatu ez ezik, finalerdietara ere iritsi da, eta «pozik eta lasai» geratu da egindako estropadarekin. Bizi izandakoa «amets bat» dela aipatu du behin baino gehiagotan.

Begoña Lazkano, Parisen, olinpiar hirian. OLI ARTOLA APEZTEGIA
Olatz Artola Apeztegia.
Paris
2024ko abuztuaren 11
20:21
Entzun

Pasaian jaio izanak eduki du eraginik Begoña Lazkanoren (Pasaia, Gipuzkoa, 1994) kirol ibilbidean. Itsasadarrean piraguak ikusten zituen lagunekin jolasean zebilenean. «Erakargarria» egiten zitzaion, eta horregatik probatu zuen, ikastaro batean izena emanda. Orduan hasi zuen gaur arteko ibilbidea. Bidean amets asko bete ditu: «Gaztetxoa nintzela, Euskadiko Txapelduna izatearekin egiten nuen amets». Orain, Jokoetan egotearen ametsa bete du. Lehia amaituta, lasai etorri da elkarrizketara, baina oraindik «ametsetan» ari dela dio. Izan ere, orain arte probalekutik gertu zegoen hotel baten egon da, eta atzo etorri zen olinpiar hirira. Begiradan ikusten zaio irribarrea.

Bi alditan ahalegindu zara Jokoetarako sailkatzen. Hirugarrenean lortu duzu.

Bidea luzea da, eta, gainera, saiatu arren, baliteke ez lortzea. Rion, oso gaztea nintzen. Saiatu nintzen, baina ez nuen lortu. Tokion beste ontzi batekin egin nuen ahalegina, baina kanpoan geratu nintzen. Hau lau urtean behin antolatzen da, eta gutxik dute etortzeko aukera. Egia da zorte kontua ere badela, aldagai askok eragiten baitute...

Aurten zerk eman dizu parte hartzeko modua?  Zorte kontua bakarrik ez zen izango...

Ez. Maila ere izan behar duzu, horrek ezer bermatzen ez dizun arren. Aurten K2an saiatu nintzen lehendabizi, baina, gutxigatik, ez nuen lortu. Azken orduan, K1ean sailkatzea lortu nuen. Txapelketa batean eta egun batean jokatzen da sailkapena, eta egun ona izan beharra daukazu. Gurutzaketek eta beste hainbat aldagaik ere eragina dute.

Olinpiar Jokoetan Lisa Carringtonekin aritzea egokitu zitzaizun, historiako onenaren kontra... Hori zorte ona ala txarra da? Nola eragin zizun?

[Barreak] Oso txanda gogorra egokitu zitzaidan kanporaketan. Tira, hemen hain da maila handia, edozeinekin aritzea egokituta ere zaila baita; baina bai, egokitu zitekeen zailena egokitu zitzaidan. Baina esperientzia hori bizi izan nuen, eta gogoan gordeko dut.

Finalerdietan kanporatu zintuztelako pena izanda ere, ezagun da pozik zaudela.

Pozik nago, bai. Behin hemen egonda, gehiago nahi duzu; beti nahi dugu gehiago. Helburu bat jarri eta lortzen badugu, beste bat jartzen dugu... eta horrela joaten gara, urratsez urrats.

Kirolari batek goi mailan jarraitzeko funtsezkoa da hori?

Nolabait bai, bestela lehiakor izateari uzten diozu; eta, horrela, aukerak joaten dira.

Dena den, zure helburua Jokoetara iristea zen.

Bai, bai. Horregatik nago pozik. Ibilbideari ematen diot garrantzia: honaino iristeko egin dudan guztiari, hobetu behar izan dudanari... Saiatu naiz nire sasoirik onenean heltzen, baina kontuan hartu behar da prozesua nolakoa izan den. Gorabehera askoko denboraldia izan da. Zaila.

Zaila, zer dela eta?

Denboraldi batean ezin zara denbora guztian goian egon. Nik maiatzean egon behar nuen ondoen, ez orain, orduan baineukan aukera Jokoetarako sailkatzeko. Maiatzean ez banu sailkatzea lortu, ez nintzatekeen hemen egongo. Baina, aldi berean, hona ez zara boladarik onenean iristen errendimenduaren aldetik. Beste batzuek Jokoetara puntu-puntuan iristeko planifikatuko zuten denboraldia. Iazko Munduko Txapelketatik dut hau begiz jota, eta honetarako ibili naiz lanean...

Munduko Txapelketa hura ere gogorra izan zen...

Bai. K2an lehiatu nintzen. Seik lortzen zuten Olinpiar Jokoetara sailkatzea, eta gu zazpigarren gelditu ginen. Ehuneko oso-oso gutxirengatik gelditu ginen kanpoan. 

Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko proban izan zenuten azken aukera.

Hor bakarrak egiten zuen aurrera, eta ez genuen irabaztea lortu. Horren ondoren saiatu nintzen K1ean. Beraz, intentsitate handikoa izan da. Harro eta pozik nago hori guztia jasateko gai izan naizelako...

Eta hori guztia pasatuta, zer moduz heldu zinen buruz eta sasoiz Parisera?

Nahiko ondo, egia esan. Hasieran egokitzea kostatu zitzaidan. Lehen estropadan ez nintzen bete-betean aritu, zeren nabaritzen nuen giroa bestelakoa zela. Gure kirola ez da oso mediatikoa eta jendetza zegoen. Beraz, kokatzen nahiko lan [barreak]. Finalerdietan, unerik garrantzitsuenean, ez nuen sentipen hori eduki nahi: urduriegi nengoela, edo ez guztiz zentratuta... eta, egia esan, lasai eta ondo nabaritu nuen neure burua. Eman nezakeen guztia eman, eta nire denboretan ibili nintzen. Pozik nago egindako estropadarekin; eta baita bidelagunengatik ere. Hau talde lana da: entrenatzaileak, fisioterapeutak, nutrizionistak, psikologoak... horiek guztiek lagundu naute honaino iristen, eta ondo aritzeak haiengatik ere poztu ninduen.

K2ko zure kidearekin ere asko gogoratu zinen...

Harekin etorri nahi nuen hona. Berez, hori zen ametsa. Oso lagunak gara, eta hartu-eman handia daukagu. K2ko lehiaketa ikusten nenbilela, mezu bidez esaten nion guk hor egon behar genuela... Pena eman dit esperientzia hau harekin ez bizi ahal izateak.

Hala ere, nabari da pozik zaudela bizi izandakoarekin.

Bai, bai. Motibazio oso handia piztu zitzaidan sailkatzean, eta hemen ere asko gozatu dut. Hau ikaragarria da, olinpiar hirian egon gabe ere [atzo iritsi zen, abuztuaren 10ean]. Eskerrak! Zeren hau liluragarria da. Ikusten duzu beti imajinatu duzun zerbait erreala dela. Lehiatu bitartean hotelean egon gara, ohi bezala, eta hori horrela izateak lasaiago egoten eta txapelketan kontzentratzen lagundu nau. Zeren hemen estimulu asko daude. Munduko kirolaririk onenak ikusten dituzu, zu ere haiekin zaude... Amets baten parekoa da.

Lortu duzu ametsa betetzea, eta aparretan zaude oraindik...

Bai, bai. Bigarren ametsa hasi da orain. Gaurko gaua baino ez dut pasatu hemen, olinpiar hirian, baina orain bisitatzeko tartea hartuko dut... Ez dut hau bezalakorik ezagutzen, eta txikitatik nahi nuen halako zerbait.

Eta aurrera begira, ametsik baduzu?

Izandako esperientziak Jokoetara itzultzeko gogoz utzi nau: hemen ikusitakoa eta bizi izandakoa zoragarria izan da. Baina prozesua oso bizia izan da; beraz, orain arnasa behar dut. Lehenengo oporrak [barreak], eta gero pentsatuko dut nola egin Los Angelesera joaten saiatzeko. Lau urteko perspektibarekin antolatu behar dut bizitza, eta erabakiak ez dira gutxi. Azken boladan, esaterako, Pontevedrara [Galizia] joan behar izan dut bizitzera hau lortu ahal izateko.

Pasaian ezinezkoa da, ezta?

Beti ibili izan naiz kanpoan: Madrilen, Sevillan [Espainia], orain Pontevedran... Etxean gutxi, eta hori ez da erraza. Egia da aukeraketa nik egin dudala, baina gauza asko utzi behar izaten dira. Helburuak jartzen ditugu, eta horiek lortzeko toki batera edo bestera joan behar izaten dut, eta ez dut nik aukeratzen nora.

Eta tokiak berak eragina izango du zuregan...

Noski. Toki batzuetan gusturago zaude besteetan baino. Gainera, etxetik kanpo egonda, oso-oso garrantzitsua da eroso egotea. Ez bazaude gustura, oso gogorra da. Buruz ondo egon ez naizenetan, asko sufritu dut, eta uretan islatzen da hori. Maila honetan, ez bazaude ondo, ezinezkoa da emaitzak lortzea.

Egunotan kirolari askok azpimarratu dute hori.

Hala da. Eta pena da, adibidez,  hona erdizka edo gaizki iristea, ezin baituzu bete-betean disfrutatu. Niri ez zait hala gertatu: zortea izan dut. Estropada bukatzean, uretan nengoela, pentsatu nuen Olinpiar Jokoetara joan nahi nuela berriz. Poz-pozik nago!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.