Urteak zeramatzan Euskal Herriak Olinpiar Jokoetako boxeoan parte hartu gabe. Azken biak Bartzelonako Olinpiar Jokoetan lehiatu ziren, 1992an: Oscar Vega eta Sergio Rey. Bada, badute oinordekoa: Oier Ibarretxe (Galdakao, Bizkaia, 2001). Bere kategorian—63,5 kilo baino gutxiago— arituko den boxeolaririk gazteenetakoa da, baina horrek ez du esan nahi gainerakoak baino gutxiago izango denik ringean. Txapelketa «berezia» den arren, «lasai» dago, eskularruak jantzi eta onenekin borrokatzen hasteko «gogoz».
Ez da lehiatzearekin konformatzen: urrea irabaztera doa Parisko Olinpiar Jokoetara. «Nire asmoa beti da urrea eskuratzea, txapelketa zein den erreparatu gabe. Irabazi ahal izateko entrenatzen naiz. Nire prestakuntza beti horretara dago bideratuta, Bizkaiko Txapelketan, Olinpiar Jokoetan… Egiten dudan ahalegina urrea irabazteko da». Aho bizarrik gabe mintzo da. Asko sinesten du bere buruan. Haren ustez, ezaugarri hori gabe ez dago ezer egiterik boxeoan: «Teknika alde batera utzita, garaipen baten %80 konfiantzari lotuta dago, nire ustez. Ringera konfiantza barik igotzen bazara, borrokaldia galdu egingo duzu ziurrenik. Aurkariek oso erraz antzematen dute hori, eta kolpeak ematen hasiko zaizkizu».
Parisen izango dituen lehiakideen zerrenda ez da makala, baina Ibarretxek bat nabarmendu du guztien gainetik: Sofiane Oumiha. Europako Jokoetan hiru domina eskuratu ditu —bi zilar eta urre bat—, hirutan irabazi du afizionatuetako Munduko Txapelketa, eta Rioko Olinpiar Jokoetan zilarra irabazi zuen 2016an. Gainera, frantziarra da, eta, etxekoa izanik, zaleen babesa izango du.
Ez da batere erraza horrelako torneo handi eta selektibo baterako sailkatzea. Ibarretxe, aipatu bezala, 63,5 kiloz azpiko kategorian arituko da. Bertan, hogei lehiakide baino ez dira arituko nor baino nor gehiago. Europako boxeolarientzat lau toki baino zeuden, eta horietako bat lortu du Ibarretxek. Gogor borrokatu behar izan du bere izena zerrenda horretan idazteko, azken aukeran lortu baitzuen. Azkena eta bakarra: «Hautatzaileak, lehenengo, beste boxeolari batzuei eman zien sailkatzeko aukera. Ni baino nagusiagoak dira, eta, haiek kale egin ostean, nire txanda iritsi zen. Sekulako zirrara sentitu nuen sailkapena lortzean. Gainera, aita joan zen ikustera».
«Nire lagunek, gurasoek eta taldekideek badakite zenbat lan egin dudan hau lortzeko. Eta haiek ere, ni bezalaxe, seguru zeuden lortuko nuela»
OIER IBARRETXEBoxeolaria
Maiatzaren amaieran erdietsi zuen sari nagusia. Bangkokeraino joan behar izan zuen, baina bidaiak merezi izan zuen. Olinpiar Jokoetarako sailkapen probetako lau txandak gainditu zituen. Azkenengoan, Emilio Esteban Garcia menderatu zuen. Hortxe bete zuen hilabete batzuk lehenago abstraktua zen helburua. Une berezi hartan, etxekoekin akordatu zen: «Nire aititarekin gogoratu nintzen. Joan den urtean hil zen, eta hari eskaini nion. Ibilbide honetan zehar lagundu didatenekin ere gogoratu nintzen. Emozio asko nahastu ziren». Ez daudenen eta daudenen babesa sentitu zuen une oro Ibarretxek: «Nire lagunek, gurasoek eta taldekidek badakite zenbat lan egin dudan hau lortzeko. Eta haiek ere, ni bezalaxe, seguru zeuden lortuko nuela».
Euskal Herritik kanpo
21 urte baino ez izan arren, alde batetik bestera ibili da Ibarretxe. Boxeoa gogorra da: entrenamenduak, borrokaldiak, pisua… Diziplina handia eskatzen du. Horri guztiari etxetik kanpo bizi beharra batzen badiozu, egoera are zailagoa da. Umea zela, 8 urterekin, aitari kasu eginez, kickboxingean hasi zen. Baina hankekin ez zen ondo moldatzen ostikoak ematen, eta boxeoan hasi zen.
Ondo konpontzen zela ikusita, Espainiako selekzioaren deia jaso zuen, eta 14 urterekin Murtziara (Espainia) joan zen bizitzera, bera bakarrik. «Aurreneko bi urteak oso gogorrak izan ziren. Ni aurretik etxe ingurutik atera gabe nengoen: beti lagun berberak, ikastola bera… Gero, ohitu egin nintzen azkenean, baina hasiera ez zen erraza izan. Han zaildu egin nintzen, 14 urterekin gauza asko ikasi bainituen».
Azken bi urteak Madrilen egin ditu. Pixkanaka-pixkanaka, baina orain arte egindako lan eta sakrifizio guztiak fruituak ematen hasi dira: «Zentzua hartzen ari da urte hauetan guztietan egindako esfortzu guztiak. Egindako guztiak merezi izan du honaino heltzeko». Gauzak oso argi ditu. Helburua «erdizka» bete du Ibarretxek. Parisko Olinpiar Jokoetan egongo da, baina orain beste erdia betetzea falta zaio.