Olinpiar Jokoak

Miren Lazkano: «Entrenamendu txarretatik ere gauza onak ateratzen ikasi dut»

Azken orduan lortu zuen Miren Lazkanok Olinpiar Jokoetarako sailkatzea. Nabarmendu du «finalerdian ondo aritzea» emaitza ona izango litzatekeela. «Baina ondo arraun egitea da nire helburu nagusia, eta nire onena ateratzea».

Miren Lazkano piraguista.
ANDONI CANELLADA / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko uztailaren 30a
05:10
Entzun

Ingeles Filologia eta Kazetaritza ikasi ditu Miren Lazkano piraguistak (Donostia, 1997), eta, apirilean, aspalditik amesten zuen titularra irakurri, entzun eta ikusi ahal izan zuen hedabideetan: «Miren Lazkano Parisko Olinpiar Jokoetarako sailkatu da». Hasi zenetik egindako lanaren emaitza dela nabarmendu du, eta «natural» gozatu nahi duela Jokoez, «modu sinplean». Gaur ekingo dio lehiari.

Azken asteetan, Parisera joan-etorrian ibili zarete, kanalean entrenatzeko. Baina iritsi da lehiatzeko eguna.

Hala da. Egia esan, bete-betean entrenatu gara, eta gogotsu nago lehiatzen hasteko. Indartsu sumatzen dut neure burua, gero eta hobeto arraun egiten, ziurtasun handiagoarekin. Gainera, Paris etxetik horren gertu egonda, aukera izan dugu kanal olinpikoan gehiago entrenatzeko, eta asteburuetan etxera itzultzeko. Mentalki eta fisikoki asko eskertzen da. Etxean zaudenean aukera gehiago duzu egunerokoaz ahazteko, eta nik lagunekin eta familiarekin egiten dut hori.

Jada ikusten ari zara zer den kirolari olinpiko bat izatea. Nola definituko zenuke?

Nik beti erreparatu diot Maialeni [Chourraut] Jokoetan lehiatu denean, eta askotan galdetzen nion neure buruari zer izango zen bertan egotea. Esan dezaket pribilegio bat dela, amets bat. Ez du zerikusirik Munduko Kopa batekin edo Europako nahiz Munduko txapelketekin. Herrialde bakoitzak ordezkari bat dauka, eta giroa oso gertukoa da, lasaiagoa. Esperientziak partekatzeko gogo handiagoa dago lehiatzen garenon artean. Azken batean, denek dakigu zer zaila den hona iristeko bidea, eta nolako hautaketa probak igaro behar izan ditugun hona iristeko. Ni, adibidez, azken orduan sailkatu nintzen.

Eta partekatze horretan nola ikusi duzu zeure burua?

Egia esan, ni ez naiz oso hiztuna, eta kosta egiten zait. Baina pixkanaka ohitu naiz horretara ere, eta oso esperientzia polita izan da.

Zer ikasi duzu prestakuntza aldi honetan?

Egunerokoaz eta prozesuaz disfrutatzen, beste ezertan pentsatu gabe. Adibidez, lehen asko frustratzen nintzen entrenamendu bat gaizki ateratzen bazitzaidan. Berez, gure entrenamenduak oso gogorrak izaten dira askotan, klimaren baldintzengatik eta helburuak urruti izateagatik. Bada, pentsa frustratzen bazara. Eutsi egin behar diozu. Orain, gai naiz entrenamendu txarretatik ere gauza onak ateratzeko. Hamabi urte daramatzat goi mailan, eta oso zaila da hona iristea. Gogorra izan zen Tokiorako ez sailkatzea. Hau ez da azken urteetako saria, baizik eta hasi nintzenetik egindako lanaren emaitza. Horretaz gozatu nahi dut, kezkarik gabe, natural eta modu sinplean.

Eta zer moduz iritsi zara Jokoetara?

Askotariko emaitzak lortu ditut. Europako Txapelketan finalerako sailkatu nintzen, baina gero ez nintzen nahi bezain ondo aritu. Ondorengo bi Munduko Kopetan ere ez nintzen finalerako sailkatu. Baina emaitza horiek neurrian aztertu, eta balio izan digute hobetzen jarraitzeko, ziurtasun handiagoz aritzeko. Gure kirolean, oso garrantzitsua da ziurtasunez aritzea, zalantzarik ez egitea.

«Modua egin behar duzu huts txikiek zugan ahalik eta eragin txikiena izan dezaten, eta zera ikasi: egiten ari zaren lana ez epaitzen hura amaitu arte»

Pariserako piragua aukeratzea asko kostatu zitzaizun?

Beti izan naiz gauza txikienari begiratzekoa piragua aukeratzeko garaian. Baina kasu honetan ez zen hala izan. Iritsi zitzaidanetik, barruan sartu, eta eroso nabaritu nuen neure burua. Alde horretatik, ez dut trabarik izan.

Nahiko garaia zara, eta kanala ez da oso zabala. Horrek kezkatzen al zaitu?

Ondo dago. Azken asteetan aldaketa batzuk egin dituzte, eta egonkorrago eta hobeto dago; nahiz eta apur bat aldakorra izan, eta ur korronteak berdinak ez izan. Baina kanala bera da denentzat. Beraz, ez dut kexarik. Egia da, hala ere, ez dela nire kanalik gogokoena. Nahiago ditut kanal zabalagoak, leku handiagoa dudalako mugitzeko. Hori dela eta, niretzat funtsezkoa izango da teknikoki zorrotza izatea.

Kirol teknikoa da zuena, eta, alde horretatik, zenbateko garrantzia du arlo psikologikoak?

Esango nuke lortzen dugun emaitzaren %70 dela. Hain kirol teknikoa da, huts txiki batek jaitsiera guztia izorra baitiezazuke. Beraz, modua egin behar duzu huts txiki horiek zugan ahalik eta eragin txikiena izan dezaten, eta zera ikasi:  egiten ari zaren lana ez epaitzen hura amaitu arte. Bestela, arreta galdu, eta huts gehiago egiteko arriskua dago. Zaila da hori, baina funtsezkoa.

Zer emaitzarekin egiten duzu amets?

Gure kirolean, oso zaila da aurreikuspenak egitea, eta ez dut obsesionatu nahi horrekin. Gainera, nire lehen Jokoak izanda, zaila da halakorik egitea. Beti esaten dute presioa handiagoa dela Jokoetan, eta hori kudeatzen ere jakin behar dela. Beraz, ondo arraun egitea da nire helburua, eta nire onena ateratzea. Gero horrek emaitza onak ekartzen baditu, primeran.

Zer litzateke zuretzat emaitza on bat?

Finalerdian ondo aritzea.

Kayak krosean ere arituko zara. Gustuko al duzu Jokoetan ikusi ahal izango den modalitate berria?

Lau urte daramatzagu modalitate horretan entrenatzen. Ez da modalitate erraza, baina, egia esan, uste dut azken urtean aurrerapauso handiak eman ditudala. Piraguista moduan ere ikasten ari naiz modalitate horretatik, eta lehen Olinpiar Jokoetan bi probatan parte hartzeko aukera izatea pizgarria da niretzat.

Aipatu izan duzue arraun egiteko orduan oldarkorragoa dela.

Egia da lehia buruz burukoa dela, baina esango nuke hasieran oldarkorragoa zela, eta indarra erabilita saiatzen ginela aurkaria aurreratzen. Orain, estrategia eta teknika ere garrantzia hartzen ari dira, nire ustez.

Prestakuntzan nola eragin dizu bi modalitate izateak?

Urte askoan, kayakean eta kanoan ibili naiz, eta, beraz, ohituta nago. Fisikoki eta mentalki entrenamenduak ez dira aldatu, kayak krosak eslalomaren antz handia baitu. Kayak krosean eragin handia du egokitzen zaizun aurkariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.