Edonoren esku

Bihar hasiko dira eskaladako probak Parisen. Emakumezkoetan, Janja Garnbret esloveniarra da faborito argia. Gizonezkoetan, irekia ageri da lehia: Jakob Schubert edo Adam Ondra beteranoak, Sorato Anraku, Alberto Gines, Colin Duffy, Toby Roberts gazteak...

2023KO MUNDUKO ESKALADA TXAPELKETA
Colin Duffy eskalatzaile estatubatuarra eskuetako magnesioa harrotzen, iazko Munduko Eskalada Txapelketan, Bernan (Suitza). ANTHONY ANEX / EFE
ramon olasagasti
2024ko abuztuaren 4a
05:00
Entzun

Bihar hasiko dira eskaladako probak Olinpiar Jokoetan. Batetik, zailtasuneko eta boulderreko proben konbinatua, eta bestetik, abiadurakoa. Aurretiazko sailkapenetan galbahe zorrotza eta estua gainditu ondoren, hogei eskalatzaile ariko dira bakoitzean. Izartegiko izarrak. Izarren hautsa, horixe da haien eskuetako magnesioa astintzean aireratzen dena. Izan ere, hogei horien artean, munduko izarrik distiratsuenak daude, eta, gizonezkoetan bederen, «edonork eskura dezake garaipena», Mikel Linazisoro eskalatzailearen arabera (Bergara, Gipuzkoa, 1991). Emakumezkoetan, aldiz, Janja Garnbret (Slovenj Gradec, Eslovenia, 1999) «besteak baino koska bat gorago dago», Ainhize Belar eskalatzailearen irudiko (Atxondo, Bizkaia, 2006).

Eskalada Tokioko Jokoetan izan zen lehen aldiz kirol olinpikoa: orduko hartan, lehiakideek eskaladako hiru modalitateetan lehiatu behar izan zuten, zailtasunean, blokean eta abiaduran, eta, hiru diziplinetako emaitzen konbinazioa aintzat hartuta, Janja Garnbret esloveniarrak eta Alberto Gines espainiarrak irabazi zuten eskaladako lehen olinpiar urrea. Parisko Olinpiar Jokoetan alde nabarmen bat izango da lehiaketan: hiru modalitateen konbinatua izan ordez, alde batetik, blokeko eta zailtasuneko probak jokatuko dira, eta, bestetik, abiadurakoa. Aldaketa «egokia, logikoa eta naturala» iruditzen zaie Ainhize Belarri eta Mikel Linazisorori.

2023KO MUNDUKO ESKALADA TXAPELKETA
Janja Garnbret esloveniarra da faborito argia emakumezkoetan. ANTHONY ANEX / EFE

Linazisororen ustez, abiadura bestelako modalitatea da erabat. «Badira blokeko espezialistak eta badira sokako espezialistak, baina biak eskutik doaz, eta logikoa da abiaduratik bereiztea. Tokion nabarmena zen blokeko eta zailtasuneko eskalatzaileek sobran zutela speed modalitatea. Oso espezifikoa da, eta abiadura egiten duten eskalatzaileek beste gorpuzkera bat dute. Azken batean, beste kirol bat da, eta, beraz, ondo dago bereiztea. Gainera, jendeak ikusiko du zein diren abiadurako benetako espezialistak, zein diren onenak». Bat dator Ainhize Belar ere: «Eskalatzaileek, nork bere diziplinan, beren ahalmen osoa erakutsi ahal izango dute, eta ikusleok ere gauza askoz harrigarriagoak ikusi ahal izango ditugu». Hurrengo Olinpiar Jokoetan, Los Angelesen, gainera, hiru modalitateak bereizita jokatuko dira, eta «naturalena» horixe dela uste dute Linazisorok, Belarrek, eta eskalatzaile gehienek, oro har.

«[Janja Garnbret] Beste mundu bat da, ez dauka ezeren beldurrik, oso era dinamikoan eskalatzen du, teknika izugarria dauka, burua ere bai...»

AINHIZE BELAREskalatzailea

Pariskoei begira, blokeko eta zailtasuneko konbinatu horretan, izen bat ageri da urrezko letraz: Janja Garnbret (Slovenj Gradec, Eslovenia, 1999). Hogeita bost urte gorrirekin, blokeko nahiz sokako probak aintzat hartuta, zortzi aldiz izan da munduko txapeldun eta bitan txapeldunorde, eta beste lautan Europako txapeldun. Nazioarteko Kirol Eskalada Federazioak antolatutako Munduko Kopako probetan 45 garaipen ditu, beste inork baino gehiago, eta Ainhize Belarrek dio «beste maila batean» dagoela. «Oso indartsua da bai fisikoki eta bai mentalki. Boulderrean eta sokarekin, bietan ondo moldatzen da, blokean zertxobait hobeto agian. Beste mundu bat da, ez dauka ezeren beldurrik, oso era dinamikoan eskalatzen du, teknika izugarria dauka, burua ere bai... Beste inork egiten ez dituen gauzak egiten ditu».

Nork egin diezaiokeen itzal? Nork eman dezakeen ezustekoa? Brooke Raboutou estatubatuarra eta Jessica Pilz austriarra, horiek ikusten ditu Belarrek dominak eskuratzeko borrokan. Pilz austriarra, 27 urterekin, beteranoetako bat izango da Parisen emakumezkoen artean. Tokioko finalean zazpigarren izan zen, eta zailtasuneko modalitatean gaur egungo munduko txapelduna da. Hain zuzen, soka, zailtasuna du gustuko diziplina. Brooke Raboutou estatubatuarra (23 urte), berriz, Robyn Ebersfield eta Didier Raboutou eskalatzaile historikoen alaba, dominetatik gertu ibili zen Tokion, eta Pariserako sailkapen probetan bi garaipen handi eskuratu ditu. Oso sendoa da hala boulderrean nola zailtasunean, eta hauxe izan dezake bere lehiaketa handia.

2023KO MUNDUKO ESKALADA TXAPELKETA
2023ko Munduko Txapelketako podiuma: Jessica Pilz austriarra (zilarra), Janja Garnbret esloveniarra (urrea) eta Ai Mori japoniarra (brontzea). ANTHONY ANEX / EFE

Belaunaldi gazteko ordezkarien artean, Ai Mori japoniarrak (20 urte) behin baino gehiagotan estutu du Garnbret: 2023ko zailtasuneko Munduko Txapelketan, Bernan, gailendu egin zitzaion, eta duela hiru aste, Munduko Kopako Chamonixeko proba irabazi zuen. Ekainean, Innsbruckeko zailtasuneko proban, buruz buruko ikusgarria izan zuten Morik eta Garnbretek, eta sailkapeneko puntuei esker lortu zuen azken garaipena esloveniarrak. Moriren herrena boulderra izan daiteke, ondo moldatu arren, ez baita Garnbret bezain fina blokeko eskaladan. «Ai Mori eta Laura Rogora italiarra oso indartsu daude, baina batez ere sokan, boulderrean ez dabiltza hain fin. Los Angelesen, bi diziplinak banatzen direnean, askoz hobeto egin dezaketela iruditzen zait», adierazi du Belarrek.

Gazteak beteranoen aurka

Gizonezkoetan, ederra izan daiteke 30 urtetik gorako belaunaldiaren eta gaztetxoen arteko lehia. Linazisororen ustez, egunaren arabera, «edozeinek» irabaz dezake. «Bloke bat gaizki ateratzen bazaizu edo esku batek irrist egiten badizu, Jainkoa izan arren, jende mordo batek hartuko dizu aurre. Oso ausazkoa da. Ikusi Tokion zer gertatu zen. Inork ez zuen faboritotzat hartzen Alberto Gines, baina bera izan zen irabazle, eta Parisen ere berdin gerta liteke».

SWITZERLAND CLIMBING
Jakob Schubert austriarra, 33 urterekin, beteranoetako bat izango da. ANTHONY ANEX / EFE

Beteranoen artean, hor da Jakob Schubert austriarra, 33 urterekin bere ibilbideko unerik gozoenean. Gaur egungo munduko txapelduna da; lautan izan da munduko txapeldun, eta hirutan Munduko Kopako irabazle. Tokioko Olinpiar Jokoetan brontzea irabazi zuen, eta aurten Munduko Kopako Innsbruckeko (Austria) proba irabazi du, parte hartu duen bakarra. Beteranoen artean, ezin da inoiz ahaztu Adam Ondra txekiarra ere (31 urte), harkaitzean munduko eskalatzaile onena eta animalia bat lehiaketetan. Hirutan izan da zailtasuneko munduko txapeldun, eta boulderrean behin. Tokion seigarren izan zen, baina dominak igurtzi zituen azken unera arte. «Adam Adam da, baina iruditzen zait munduko izar guztiek lerrokatu beharko dutela urrea lortzeko. Indartsu dago, baina ez dut garaipena lortzeko borroka horretan ikusten. Nahiago nuke, haren zale amorratua naiz, txikitatik izan da nire idoloa, eta gustatuko litzaidake Adamek irabaztea, baina aurten maila goi-goian dago, eta urrea zail izango du», Linazisororen iritziz.

«Adam [Ondra] Adam da, baina iruditzen zait munduko izar guztiek lerrokatu beharko dutela urrea lortzeko»

MIKEL LINAZISOROEskalatzailea

Gazteen artean, japoniar bat dabil askoren ahotan: Sorato Anraku, aurten 18 urte beteko dituen estralurtarra. Iaz, Munduko Kopa irabazi zuen, hala boulderrean nola zailtasunean, eta aurten ere bera da Munduko Kopako liderra boulderrean. Hain gaztea izanik, lehiaketaren handitasunak jan egingo ote duen, horra askoren iritzia. 2023an Bernako Munduko Txapelketan presioak gaina hartu zion, eta Asiako sailkapen probetan lortu behar izan zuen Pariserako txartela. Nolanahi ere, «hark daukan fisikoa ez dauka beste inork», Linazisororen ustez. Gazteen artean ikaragarri fin dabil Colin Duffy estatubatuarra ere: iaz bigarren izan zen Munduko Txapelketan, aurten Chamonixko proba irabazi du... Toby Roberts 19 urteko ingelesa ere hor da: zailtasuneko Munduko Kopako liderra da orain arte, eta bikain moldatzen da bi modalitateetan.

HUNGARY OLYMPIC QUALIFIER SERIES
Alberto Gines espainiarra, Tokion eskaladako lehen urrea irabazi zuena, hautagai nagusietako bat izango da aurten ere. ZOLTAN BALOGH / EFE

Eta ezin ahaztu Alberto Gines espainiarra (Caceres, 2002), Tokioko urrea. Linazisorok «oso ondo» ikusten du aurten Gines. «Tokion irabazi egin zuen batere faborito izan gabe, oso ondo lehiatu zelako, baina oraintxe bertan askoz prestatuago dago, eta orduan baino aukera gehiagorekin, berez». Eta ez luke aipatu gabe utzi nahi Sam Avezou frantziarra ere: «Ikaragarri ondo eskalatzen du, oso gaztetatik elkarrekin aritu gara lehiatzen, oso-oso laguna dut, eta nahiz eta ez duen inoiz irabazi ez blokeko ez sokako txapelketarik, beti hor dago, eta nahiago nuke dominetako borrokan ibiliko balitz; ezustekoa eman dezakeela uste dut».

Ainhize Belar harkaitz eskaladari emana ari da aspaldion. Baltzolako kobazuloan (Bizkaia) Iñi Ameriketan bidea (9a+) probatzen ibili da udaberrian, eta udazkenean berriro ere bete-betean saiatzekotan da. «Oraintxe bertan ez nago hain zentratuta lehiaketetan, eta, beraz, ez naiz joan Parisko Jokoetarako sailkatzeko probetara. Hurrengo Olinpiar Jokoetarako? Txapelketek ematen didate motibazio puntu bat entrenatzen jarraitzeko, baina arrokak motibatzen nau gehien». Mikel Linazisorok, berriz, medikuntzako ikasketak zirela eta, ezin izan da nahiko zukeen beste entrenatu urteotan, baina, karrera bukatu berri duen honetan, pare bat urte hartu nahi ditu buru-belarri eskalatzeko. Ez du baztertzen, beraz, Los Angelesko hurrengo Olinpiar Jokoetan aritzea. «Serio-serio orain hasi behar dut. Lau urte barru, Los Angelesen, 27 urte izango ditut, eta, adibidez, Ondrak, Schubertek eta horiek guztiek 30 urtetik gora dituzte. Eskaladak daukan ona hori da: punta-puntan egon zaitezkeela 18 urterekin edo 30 urterekin. Beraz, adina ez da oztopo izango. Nire asmoa orain urte batzuetan bete-betean eskaladan zentratzea da, eta ea ba...».

EGITARAUa

BOULDERRA-ZAILTASUNA KONBINATUA

  • Abuztuak 5, astelehena. 10:00: Boulderreko finalerdia (gizonezkoak).
  • Abuztuak 6, asteartea. 10:00: Boulderreko finalerdia (emakumezkoak).
  • Abuztuak 7, asteazkena. 10:00: Zailtasuneko finalerdia (gizonezkoak).
  • Abuztuak 8, osteguna. 10:00: Zailtasuneko finalerdia (emakumezkoak).
  • Abuztuak 9, ostirala. 10:15: Boulderreko finala (gizonezkoak). 12:35: Zailtasuneko finala (gizonezkoak). DOMINEN BANAKETA.
  • Abuztuak 10, larunbata. 10:15: Boulderreko finala (emakumezkoak). 12:35: Zailtasuneko finala (emakumezkoak). DOMINEN BANAKETA.

ABIADURA

  • Abuztuak 5, astelehena. 13:35: Sailkapena (emakumezkoak).
  • Abuztuak 6, asteartea. 13:35: Sailkapena (gizonezkoak).
  • Abuztuak 7, asteazkena.

    12:35: Final-laurdenak, finalerdiak eta finala (emakumezkoak)

    DOMINEN BANAKETA.

  • Abuztuak 8, osteguna. 1

    2:35: Final-laurdenak, finalerdiak eta finala (gizonezkoak)

    DOMINEN BANAKETA.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.