Olinpiar Jokoak

Ebosele, triste, baina etorkizunera begira: «Asko ikasi dut»

Atleta arabarra sailkapeneko fasean kanporatu dute Olinpiar Jokoetatik. 22 urterekin egin du debuta, eta balioa eman dio Parisen lehiatzeari: «Ez da nahi nuena izan, baina saiatu naiz, eta, azkenean, Olinpiar Joko batzuk dira».

Tessy Ebosele sailkatzeko probetan, gaur. MIGUEL TOÑA / EFE
mikel rodriguez
2024ko abuztuaren 6a
14:08
Entzun

Triste bukatu ditu Olinpiar Jokoak Tessy Ebosele atleta arabarrak: «Gaizki; ez nago oso ondo, egia esateko, ez baitzen espero nuena». Luzera jauziko sailkapen proba jokatu du gaur goizean Frantziako Estadioan, baina ez du lortu etziko finalerako sailkatzea. Orain arte egin dituen marka onenak urruti gelditu zaizkio gaur, eta ez du lortu lehian jarraitzeko gutxieneko langara hurbiltzea. Triste, bai, hasi eta gutxira etxera joan behar izan duelako, baina argi du Parisko Jokoek zer balio izan duten beretzat: «Esperientzia hau positiboa da, asko ikasi dut». Jauzi bat gehiago garapenean.  

Izan ere, Eboselek 22 urterekin egin du debuta Olinpiar Jokoetan, eta duela hilabete pasa eskas jakin zuen Parisera etorriko zela, Espainiako hautatzaileak zerrendan sartu zuela jakinarazi ziotenean. Astebete inguru lehenago egin zuen urteko marka onena: 6.60 metro, Guadalajarako mitinean (Espainia). Gaur marka horren hagitz azpitik aritu da: 6.09 metrokoa egin du jauzirik luzeena. 

Sailkapen fasean hiru jauzi egiteko aukera baino ez zuten, eta Eboselek hirugarrenean egin du onena. Bigarren jauzia baliogabetzat eman diote, eta, bederen, azken aukeran lehenbizikoan baino zertxobait hobeki salto egitea lortu du —6.02 metrokoa egin du Olinpiar Jokoetako estreinakoan—. 32 jauzilarik parte hartu dute, eta sailkatzeko baldintza zuten gutxienean 6.75 metro saltatzea, edo, bertzela, hamabi jauzi luzeenetako bat egitea. 

«Badakit gaztea naizela, eta banekien hauek ez zirela nire Olinpiar Jokoak, baina askoz gehiago nahi nuen»

TESSY EBOSELEAtleta

Erronka zaila zen arabarrarentzat, baina ez ezinezkoa: 6.80 metrokoa du marka pertsonala —iazko ekainean Castellon (Herrialde Katalanak) lortua—, eta 6.73koa ere egina du Espainiako Txapelketan —iazko uztailean—. 6.59 metroko jauzia egin dute hamabi jauzilari onenen arteko azkenek —Ackelia Smith jamaikarrak, Marthe Koala burkinafasoarrak eta Hilary Kpatcha frantziarrak—, Eboselek bederatzi aldiz gainditu ahal izan duen langa. Hortaz, posiblea zen, bai, baina orain arte egin dituen proba onenetan bezala jauzi egiteko beharra zuen, eta ez da horretarako gai izan. 

Ibilbidearen hasieran

Proba bukatu ondotik ez zegoen kontent, baina badaki, gauzak normal, goi-mailako ibilbidearen hasieran baino ez dagoela. «Balioa ematen diot hemen egoteari. Hori ezin da kendu. Ez da nahi nuena izan, baina saiatu naiz, eta, azkenean, Olinpiar Joko batzuk dira». Horregatik, «gehiago ikastea» izan du helburu, nahiz eta ez den gogobete. «Badakit gaztea naizela, eta banekien hauek ez zirela nire Olinpiar Jokoak, baina askoz gehiago nahi nuen». Etorkizunerako plana irribarre batekin kontatu du: «Aurrera jarraitu, eta oporretara».  

Sailkapen faseko jauzirik luzeena Tara Davis-Woodhall estatubatuarrak egin du: 6.90 metrokoa. Joan den martxoan pista estaliko Munduko Txapelketa irabazi zuen, Glasgown (Eskozia), eta iaz txapeldunorde izan zen Budapesten, pista irekian, 6.91 metroko jauzi batekin. Larissa Iapichino italiarra sailkatu da gibeletik, 6.87 metroko saltoarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.