Duplantisek urrea kolkoratu du, eta munduko marka ezarri: 6,25 metro

Tokion eskuratutakoaren ostean, bigarren urrea du, eta gizonezkoetan hori lortu duen bigarren jauzilaria da. Marka olinpiko berria ere ezarri du. Aurrekoa 6.03 metroan zegoen.

Armand Duplantis
Armand Duplantis, urrezko domina lortu duela ospatzen. JULIO MUÑOZ / EFE
ainara arratibel gascon
Paris
2024ko abuztuaren 5a
23:25
Entzun

Armand Duplantis pertika jauzilariak beste erakustaldi bat egin du. Suediarrak, urrea kolkoratzeaz gain, munduko marka berria ezarri du: 6,25 metro. Bederatzi aldiz lortu du marka hori ezartzea. Aurrekoa apirilean lortu zuen: Diamantezko Ligan. Txinan izan zen, eta orduan 6,24 metro egin zuen jauzi. Hala, atletismoko egungo izarretako bat dela berretsi du, eta zutik jarri ditu Frantziako estadioan bildutako ikusleak. Zilarra Sam Kendricks estatubatuarrarentzat izan da, eta brontzea, Emmanouil Karalis greziarrarentzat. 5,95 eta 5,90 egin dute salto, hurrenez hurren. Aldeak agerian uzten du Duplantisen nagusitasuna.

Lehen langa 5,70ean ezarri du, eta nahi bezala joan da hurrengoak gaindituz: 5,85, 5,95, 6,00 eta 6,10. Denak aurrenekoan gainditu ditu. 6,00koarekin urrea ziurtatu du, Kendricksek ezin izan baitu altuera hori gainditu, eta huts egin du hiru saiakeretan. Baina Duplantisek ez zuen nahi ikuskizuna hor amaitzerik, eta, ikusleen gozamenerako, beste bi marka gainditu nahi izan ditu. 6,10ean, marka olinpikoa gainditu du. Artean Thiago Brizen eskuetan zegoen. Brasildarrak 6,03 egin zuen salto 2016an, Rion. Ondoren, langa 6,25ean jarri du.

Hori gaindituta, munduko errekorra ezarri, eta bere marka pertsonala gaindituko zuen. Lehen bi ahaleginetan huts egin du: bietan belaunarekin jo du langa. Orduan, lehia eten da, protokoloa tarteko, gizonezkoen 100 metroko dominen banaketa egin baita, nahiz eta final hori atzo jokatu. Duplantisek eten hori baliatu du tableta batean bere jauzia ikusteko eta aitarekin batera aztertzeko.

Hala, hirugarrenean iritsi da balentria. Foku guztiak hari begira zeuden jarrita, eta arazorik gabe egin du salto. Gaurkoarekin, urrezko bigarren domina lortu du, Tokion irabazitakoaren ostean. Orduan 6,02ko jauzia egin zuen. Orain arte, gizonezkoetan, jauzilari bakarrak zituen irabaziak urrezko bi domina Olinpiar Jokoetan: Bob Richard estatubatuarrak. Sergei Bubkak berak ere ez zuen halakorik lortu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.