Olinpiar Jokoak

Domina irabazteko aukerarik gabe gelditu da Solaun

Espainiako selekzioko bortzkoteak akats larriak egin ditu gimnasia erritmikoko kanporaketan, eta ez du lortu zortzi onenen artean sailkatzea biharko. Faboritoen artean zegoen.

Espainiako taldea, gimnastika erritmikoko kanporaketan, gaur, Parisen. Eskuinetik hasita bigarrena da Salma Solaun gasteiztarra. ESPAINIAKO GIMNASTIKA FEDERAZIOA
Espainiako taldea, gimnastika erritmikoko kanporaketan, gaur, Parisen. Eskuinetik hasita bigarrena da Salma Solaun gasteiztarra. ESPAINIAKO GIMNASTIKA FEDERAZIOA
mikel rodriguez
Paris - Berriemaile berezia
2024ko abuztuaren 9a
15:25
Entzun

Bi egun baino ez dira falta Olinpiar Jokoak bukatzeko, eta gutxi dira oraindik lehian dauden euskal atletak. Bi domina irabazi dituzte oraingoz —Gracia Garcia de Armiñok hiruko saskibaloian zilarrezkoa, Espainiako taldearekin, eta Pau Etxanizek brontzezkoa K1 eslalomean—, eta pronostikoetan zegoen bertze kirolari batek, Salma Solaun gimnasta gasteiztarrak, aukera zuen dominen lehian egoteko, gimnastika erritmikoko Espainiako selekzioa faboritoen artean baitzegoen. Pronostikoak ez dira bete, ordea: kanporaketako lehen proban, uztaienean, akats larriak egin dituzte Solaunek eta taldekideek, eta hipoteka handiegiarekin hasi dute bigarren proba, aparatuena. Hamalau selekziotatik hamargarren bukatu dute azken buruan, finalerako sailkatzea ziurtatzen zuten lehenbiziko zortzi postuetatik kanpo.  

Kirol berezia da gimnastika erritmikoa, kirol egiten duen lehia fisikoa ez ezik espresio artistikoa ere konbinatzen baitu, balletaren, dantzaren eta musikaren elementuekin. Probaren inguruko giroan bertan sumatu da berezitasun hori gaur. Ikusmin handia sortu du, eta Paris iparraldeko La Chapelle Arena estadioaren kanpoaldean ilaran pilatu dira ikusleak, megafoniatik aditzen ziren Britney Spearsen kantuen erritmoan estadiora sartzeko. Barrenean ere, besta giroa: lehiaketa hasi aitzin, harmailak ilunpean, pop kantu ezagunak diskoteka baten intentsitatean, eta ikusleak ikuskizunera arruntean emanak, kantuan eta sakelakoak argia piztuta altxatuta, garai bateko kontzertuetan txiskeroekin egiten zen bezala.

Bestatik gutxi izan du, ordea, Solaunen eta taldekideen jardunak. Bederatzigarren tokian lehiatzea egokitu zaie, eta hasieratik bertatik egin dituzten akatsek baldintzatu diete lehen proba ez ezik, baita kanporaketa osoa ere. Taldeen erdiek bezala, bi minutu eta erdiko ariketarako kanta bat baino gehiago kateatzea erabaki dute. Hasi eta gutxira, uztai bat galdu dute, eta bertze akats nabarmen batzuk kateatu dituzte hortik aitzinera —taldekide bat erori da tapizaren gainean irrist eginda, bertzeak bertze—. Ariketa bukatzeko exekuzioan ere deskoordinazio akats bat izan dute, eta epaileek azken-aurreko tokian sailkatu dituzte, Mexikoren gibeletik. Bertze sei talde falta ziren lehian hasteko, baina uztaien zatia postu horretan bukatu du Espainiak. 

Erreklamazio bat aurkeztu du, eta puntu ehunen batzuk bildu ditu Espainiak horrekin. 30.400ekin bukatu du lehenbiziko partea. Guzien beharrean zen, aparatuen ariketan akatsak egiteko tarterik gabe gelditu baita. Finalerako sailkapena ematen zuen azken postua, zortzigarrena, 3.450 puntura zuen —Azerbaijan zegoen postu horretan—. 

Tarte handiegia iraultzeko

Hiru zinta eta bi baloi ziren aparatuak, bertze bi minutu eta erdiko proba betetzeko. Uztaiekin baino selekzio gehiagok egin dute Espainiakoak baino lan kaskarragoa, baina tarte handiegia zuten iraultzeko. Zortzigarren bukatu dute aparatuetan, 30.000 punturekin. Apalegi. Zintekin pare bat akats egin dituzte —truke batean, eta tapizetik aterata—, eta epaileek 0.30 puntuko zigorra eman diete. Exekuzioan aritu dira pattalen —5.100 puntu; soilik Alemaniak eta Egiptok egin dute okerrago—.

Solaun eta taldekideak burumakur atera dira lana bukatu dutenean, eta ez dute adierazpenik egin nahi izan. Arabarrak ilusioa zuen Estibaliz Martinez, Lorena Gurendez eta Tania Lamarca herrikideek Atlantan (1996) egin zuten balentriari heltzeko moduan egoteko —urrea irabazi zuten—, baina lehiaren bertze aldea ezagutzea egokitu zaio.

Gimnastika erritmikoko taldekakoan Errusia da potentzia historikoa, baina aurtengo Jokoetan parte hartu gabe zigortu dute. Kanporaketan, Tokioko 2020ko Jokoetako urrezko dominaduna gailendu da, Bulgaria, eta haren gibeletik gelditu da Tokioko brontzearen irabazlea, Italia. Ezustea Ukrainak eman du, hirugarren tokian sailkatuta. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.