Ohikoa du irribarrea Pau Etxaniz piraguistak (Donostia, 2001); bada, atzo brontzezko domina eskuratu ostean, irribarretsu ailegatu da olinpiar hiriaren kanpoaldera. Herrialde askotako kirolariak batetik bestera doazela, egindako balentriaz mintzatu da, natural eta ausart. Ez du domina ekarri. «Ondo gordeta daukat», esan du. Hunkitu ere egin da, amonaz hitz egin duenean. «Niretzat opari bat da hark hau bizi ahal izatea».
Lorik egin al duzu?
3-4 ordu egin ditut lo. Atzoko eguna ikusgarria izan zen, emozio handikoa, eta, ohean etzan, eta nahiz eta nekatuta egon, lortutakoaz gozatzen aritu nintzen. Ederra da.
Domina alboan zenuela egin duzu lo?
Bai, bai; logelako mesanotxean nuela. Lehen aldia da olinpiar hirian nagoenetik, irtetean atea itxi dut... [irribarrez]
Eta gaur goizean, esnatu eta domina mahai horretan ikusi duzunean, zer sentipen izan duzu?
Handia dela lortu dudana, eta zoriontasun erabatekoa. Aspalditik amesten nuen, eta izugarria da lortu izana.
Ospakizunek luze jo al zuten?
Egia esan, ospatzeko denbora askorik ez genuen izan. Harrerak, elkarrizketak... Gaur asmoa dut lagunekin egoteko, eta lortutakoa haiekin disfrutatzeko. Abuztuaren 6ra arte hemen egongo gara, eta Donostiara bueltatzean ospatuko dugu behar den bezala.
Jokoen aurretik zenioen posible zela domina bat lortzea. Baina uste osoa zenuen horretan?
Bai. Inork ez zidan aukera hori ematen, baina nik eta ingurukoek posible zela sinisten genuen. Ondo nabigatzen eta arraun egiten banuen jaitsiera oso azkar bat egin nezakeela uste nuen. Esan bezala, aspalditik amesten nuen honekin, eta mentalki ere oso gogor prestatu naiz une honetarako. Prestakuntza horri esker, argi izan nuen une oro zer egin behar nuen, eta dena primeran atera zen.
Finalerako, hala ere, ozta-ozta sailkatu zinen. Hamabi piraguistak egiten zuten aurrera finalerdietan, eta zu hamabigarren izan zinen. Hasierako ateetako bat jo ostean, hanka altxatu zenuen?
Egia esan, ez. Hain nengoen sartuta jaitsieran, ez nintzen ezta konturatu ere egin. Bete-betean jarraitu nuen jaisten, eta eskerrak.
Ikusi duzu finaleko jaitsiera? Zer oroitzen duzu?
Bai, ikusi dut. Gogoan dut asko disfrutatu nuela uretan, eta oso bizkor nindoala sentitzen nuela. Pena bakarra dut: ate hori jo izana. Bestela urrea irabaziko nuen.
«Sekula egin dudan jaitsierarik onena izan da, eta balio handia ematen diot Joko batzuetan egin izanari»
Behin jaitsiera eginda, bazenekien denbora oso ona zela. Baina beste piraguista guztiak jaistea falta zen. Nolakoak izan ziren momentu horiek?
Gogorrak, eta oso luzeak. Zorabiatu ere egin nintzen. Kontuan izan De Gennarok berehala gainditu zuela nire denbora. Banekien beste hiru piraguista oso on geratzen zirela eta, nire denbora oso ona izan arren, gainditzeko moduan zeudela. Zorionez, Prskavek eta Clarkek huts egin zuten, eta oso zoriontsu nago.
Aurkarien erreferentziarik ez izateak mesede egin zizun?
Ez dakit. Garbi neukan finalerdietan egin nuen denbora nabarmen hobetu nezakeela. Aitarekin [Xabier Etxaniz entrenatzailea] hitz egin, eta garbi ikusi genuen 90 segundoan egin nezakeela. Baina, azkenean, zigorra kontuan hartu gabe, 86 segundoan egin nuen jaitsiera. Izugarria da. Inoiz egin dudan jaitsierarik onena izan da, eta oso piraguista gutxiren esku dago halako zerbait egitea. handia da Europako Txapelketa batean, Mundukoan edo Europako Kopa batean hori egitea; baina Olinpiar Joko batzuetan egiteari balio handia ematen diot. Testuingurua bestelakoa da.
Halako abiaduran, eta final bat izanda, izan zenuen gozatzeko denborarik?
Bai, izugarri disfrutatu nuen. Nik hau egiten badut, disfrutatu egiten dudalako da; kirolaren, piraguismoaren, esentzia hori da. Hau lortu badut, horregatik da.
Jarri dituzten zirkuituez zer iritzi duzu? Izan ere, nahiko konplikatuak zirela aipatu da.
Jokoen aurretik ere esan nuen kanala gustuko nuela. Bada, orain, are gehiago. Bai entrenatzen, baita lehiatzen ere, asko disfrutatu dut. Jolas egiteko kanal bat da, dibertigarria eta gozatzekoa, dituen ur mugimenduak tarteko. Gainera, fisikoki ez ezik, teknikoki ere trebea izatea eskatzen dizu, eta hori da nire ezaugarri nagusietako bat. Oraingo zirkuituak artifizialak dira, eta helburu horrekin egiten dituzte. Nik oso gustuko ditut. Zirkuituei dagokienez, sailkapenekoa errazagoa izan zen, eta nabigazioan segida izateko aukera eman zigun. Horrek lehiaketari neurria hartzeko balio izan zigun. Finalerdietan eta finalean, berriz, baziren pare bat mugimendu tekniko eta zail. Finalean, goiko aldean zegoen mugimendu horietako batean arriskatu egin nuen, izan ere, pare bat ate zeuden piraguista gehienek atzeraka gainditu zituztenak; nik, berriz, aurreraka. Hor denbora dezente irabazi nien aurkariei, eta, ondo atera zitzaidala ikusita, konfiantza handiagoarekin jaitsi nintzen, domina posible zela sinetsita. Zirkuituekin ere asko gozatu dut.
Aitak zioen meritu osoa zurea zela, zuk egin baitzenuen jaitsiera. Baina lortu duzun dominaren parte bat harena ere bada, ezta?
Jaitsiera nik egin nuen, baina aurretik, prestakuntzan, egin genuen lana hari zor diot, eta domina hau batez ere harena da.
«Aitak esan zidan ni neu izateko. Beti esan ohi dit uretan zaldi basati baten parekoa naizela. Baina hori da nire estiloa, horrela ateratzen zaizkit gauzak ondo»
Gomendiorik eman al zizun azken jaitsiera baino lehen?
Ni neu izateko, eta nekien bezala jaisteko. Beti esan ohi dit uretan zaldi basati baten parekoa naizela. Baina hori da nire estiloa, horrela ateratzen zaizkit gauzak ondo, eta ez dut hori aldatuko.
2020an La Seu de Urgell utzi, eta Donostiara itzuli zinen aitarekin entrenatzeko. Zenbateraino izan du eragina erabaki horrek domina lortzeko garaian?
Nik uste dut erabaki hori hartu izan ez banu ez nintzela hemen egongo. Aitarekin eta Maialenekin [Chourraut] entrenatzea erabakigarria izan da. Une oro honi begira entrenatu gara, serio. Azken batean, haiek oso ondo dakite zer den Joko batzuk prestatzea, eta izugarri lagundu naute.
Eta hemendik aurrera zer asmo duzu?
Bi aste barru, Europako 23 urtez azpiko Europako Txapelketan arituko naiz. Azkena izango da, eta gogo handiz nago gainerako kideekin batera txapelketa horretan parte hartzeko. Izan ere, oso giro ona daukagu. Disfrutatu egin nahi dut azken urtea haiekin. Ondoren, irailean, Seu de Urgellen izango dut Munduko Kopako proba, eta hor ere nire onena eman nahi dut, etxean arituko bainaiz. Eta ondoren, oporrak hartuko ditut, indarberritu eta hobetzen jarraitzeko.
Nora joango zara oporretara?
Lasai egon nahi dut, eta Seu de Urgellera joango naiz, hango familiarekin egotera. Denbora gutxi dut haiekin egoteko. Izan ere, Donostian ez banago, kanpoan egoten naiz lehiatzen eta entrenatzen. Haien hutsunea nabari dut. Hemen egon dira nirekin, baina ezin izan dut haiekin asko egon. Beraz, lortutakoa haiekin ere ospatu nahi dut. Merezi dute, beti daudelako nire ondoan.
Zeinek behar du atseden gehiago, buruak edo gorputzak?
Egia esan, mentalki eta fisikoki ondo nago, hau baita gustuko dudana: lehiatzea, eguraldi onarekin, lagunen pareko diren lehiakideekin. Niretzat gogorrena, bai mentalki, baita fisikoki ere, negua izaten da. Ez dugu lehiaketarik, eta gogorra da hotzarekin eta euriarekin uretara sartzea. Askotan ez duzu gogorik.
Behin domina lortuta, lehiaketetan presio gehiago izango duzula uste duzu?
Egia esan, uretan nagoenean, presioak berdin dit. Ez dut iraganean pentsatzen, ezta etorkizunean ere. Orainari erreparatzen diot, garrantzitsuena hori delako.
Azken lau Olinpiar Jokoetan Euskal Herriko piraguismoak dominaren bat lortu du. Nahikoa garrantzi ematen zaio zuen kirolari?
Ditugun baliabideekin hau lortu badugu, pentsa zer lortuko genukeen entrenatzeko behar bezalako baldintzak izango bagenitu. Kanal bat izatea falta zaigu. Bultzada handia litzateke guretzat, baita atzetik datozen piraguista gaztetxoentzat ere. Ni Seu de Urgellen bizi izan naiz urte askotan, eta etxe ondoan kanala izateak, nahi duzunean entrenatzera joan ahal izateak, oinarri sendo bat ematen dizu.
Los Angeles 2028 esanda, zer datorkizu burura?
Hemendik lau urtera dela, eta gogor egingo dudala lan hobetzeko, eta are bizkorrago jaisteko. Izan ere, nahiz eta zaila dirudien, posible da.