Naia Lasok diploma lortu du bere estreinako Jokoetan

Zazpigarren tokian amaitu du parkeko skate modalitateko finala. Bizkarrean min hartuta aritu da Laso finalean, eta 86,28koa izan da jaso duen puntuaziorik altuena.

Naia Laso skaterra, gaurko saioetako batean. YOAN VALAT / EFE
Naia Laso skaterra, gaurko saioetako batean. YOAN VALAT / EFE
ainara arratibel gascon
Paris
2024ko abuztuaren 6a
19:40
Entzun

Naia Laso skaterra diploma batekin itzuliko da Parisko Olinpiar Jokoetatik. Ez da nolanahiko emaitza. Kontuan izan behar da lehen aldia duela Olinpiar Jokoetan. Gainera, azken hiru hilabeteetan min hartuta ibili da, Shanghaiko sailkapen serieetan lepauztaia apurtu baitzuen. Ebakuntza ez egitea erabaki zuen, eta ezin izan du Parisko proba bete-betean prestatu. Eta, hori gutxi ez, eta gaurko finalerdietan mina hartu du.

Finalerdietan zazpigarren amaitu ostean, zortzi onenekin lehiatu da finalean. Eta berriro zazpigarren egin du, hirugarren ahaleginean egindako saioko puntuekin. Ariketa amaitzear zuela, balkoian trikimailu on eta bizkor bat egin du, eta 86,28ko puntuazioa jaso du.

«Pozik nago, helburua finalean egotea baitzen, eta diploma olinpikoa lortzea. Baina pena dut aldi berean, bizkarreko pitzadurak ez didalako behar bezala lehiatzen utzi finalean. Hala izan ez balitz, gehiago egin nezakeen», adierazi du amaieran. Laso Olinpiar Joko batzuetan parte hartu duen Euskal Herriko kirolaririk gazteena da: 15 urte eta sei hilabete ditu.

Jokoak kalera eraman nahi izan dituzte Parisko Jokoetako antolatzaileek, eta horren ikurretako bat da Concorde ingurua. Giro paregabea izan da gaur ere bertan. Jendetza zegoen inguruan, eta harmailak ere bete egin dira skate parkeko lehia ikusteko. Eragozpen bakarra, egiten zuen bero sapa.

Parte hartzaileek 45 segundoko hiru saio egin behar zituzten, eta hiru horietako puntuaziorik hoberena hartzen zen aintzat sailkapenerako. Finalerdietan 22 skater aritu dira beren trebeziak eta trikimailuak erakusten. Lehen saiakeran, Laso erori egin da, eta 29,39ko puntuazioa jaso du.

Beste bi ahalegin geratzen zitzaizkion, eta bigarrena izan da balekoa. Bizkor eta trebe aritu da horretan, eta haren trikimailuek epaileak asebete dituzte. 82,49ko nota eman diote. Hirugarrenean antzeman zaio min hartu duela, bizkarrari eutsi baitio.

Finalari ondo ekin dio, baina azken unean ez da fin aritu, eta horren ondorioz ez du ordura arte merezi izan duen puntuazioa jaso: 59.85. Bigarren ahaleginean erori egin da, eta hirugarrenean jaso du, azkenean, zazpigarren postua eman dion marka.

«Sekulako maila»

Lasok balekotzat jo du Jokoetako esperientzia: «Aurkariek sekulako maila erakutsi dute, eta haiekin buruz buru indarrak neurtzea izugarria da. Bestalde, kirolari asko ezagutzeko aukera ere izan dut, eta horrekin ere geratzen naiz».

Pistari dagokionez, neurria hartzea zaila izan dela nabarmendu du. «Kostatu egin zait abiadura hartzea; gu ez gaude ohituta halako pista altuetan lehiatzera, gainera. Baina, tira, alde horretatik ez dut kexurik». Azkenean, urrea Arisa Trew australiarrak irabazi du (93,18); zilarra, Cocona Hiraki japoniarrak (92,63); eta brontzea, Sky Brown britaniarrak (92,31).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.