Rioko Olinpiar Jokoetan 29. eta Tokiokoetan 19. amaitu ostean, gorago begiratu nahi du Carlota Ziganda golflariak (Iruñea, 1990), bihartik aurrera, Parisen. Urteak daramatza gorenean, eta patxada handiagoz jokatzen ikasi du. «Pilota jotzean eta zelaian estrategia finkatzean erabakigarria da hori».
Zer esan nahi du kirolari batentzat hirugarren Olinpiar Joko batzuetan parte hartzea?
Oso pozik eta harro nago, baita aurrekoetan baino lasaiago ere. Gainera, uztail hasieran etxean egoteko aukera izan nuen, eta hori izugarri eskertu dut. Etxekoekin eta lagunekin egon, mendi bueltatxo batzuk egin... Horrek laguntzen dit mentalki fresko egoten.
Emaitzei erreparatuta, denboraldia ona izaten ari da: seigarren amaitu zenuen The Chevron Championship torneoan, denboraldiko lehen torneo nagusian; eta, hirugarren, Ford Champioship torneoan. Sentipenak ere halakoak dira?
Bai, urtea ona izaten ari da. Ondo ari naiz lehiatzen, pilota sendo jotzen. Pat-arekin zertxobait okerrago aritu naiz azken torneoetan, baina asmatzen badut, uste dut dominak lortzeko borroka horretan egon naitekeela azken egunean. Lehen hamarren artean sailkatzea ederra litzateke. Horretarako, funtsezkoa izango da denboraldi honetan jokatu dudan erregulartasunarekin eta sendotasunarekin jokatzea.
Bada alderik urte osoan jokatzen dituzuen torneoen eta Olinpiar Jokoen artean?
Bai, bi alde nabarmenduko nituzke. Batetik, golflari gutxiagok jokatzen dugula, eta, bestetik, bigarren egunaren osteko emaitzen arabera ez dela inor kanpoan geratzen. Horri esker, lau egunetan lehiatzeko aukera duzu, eta lasaiago aritu zaitezke. Lo hartu gabe, noski.
34 urte dituzu, eta urteak daramatzazu gorenean. Zertan antzematen duzu hori?
Patxada handiagoa dudala esango nuke, eta hori erabakigarria da pilota jotzeko eta finkatutako estrategia zelaian gauzatzeko garaian. Hamar urte daramatzat Jorge Parada entrenatzailearekin lanean. Harekin hastea mugarri izan zen nire kirol ibilbidean. Lan egiteko modu bat ezarria dugu aspalditik, eta ez dugu askorik aldatu. Swing-ean aldaketa txiki batzuk egin ditugu azkenaldian, baina gainontzean berdin jarraitzen dugu. Bestalde, bidaien eta nekearen kontua hobeto daramat. Urtean 25 astetan lehiatzen naiz, eta akidura handia da. Baina gorputza ohitu egiten da, eta atsedena ere prestaketaren parte garrantzitsu gisa barneratu dugu.
Behin lehiatu zara Parisen arituko zareten zelaian. Zer oroitzapen daukazu?
Europako Txapelketa batean izan zen, oraindik profesional ez nintzenean. Bigarren amaitu nuen. Asko gustatu zitzaidan. Eskozian egon ohi diren zelaien antza dauka, belar askorekin. Gainera, gogoan dut haizeak dezente jotzen zuela.
Haizeak asko baldintzatuko du zuen jarduna, ezta?
Bai. Baina polita ere bada. Kolpeak jotzean sortzaileago izatera behartzen zaitu, haizearen norabidearekin jokatu behar baituzu. Horren arabera, kolpe altuagoak edo baxuagoak jo behar dituzu. Nik beti esaten dut golfa ez dela bakarrik taktika eta teknika kontua, sormen puntu bat ere baduela, eta hori gustatzen zait. Erronka bat da. Asko disfrutatzen dut nire, makilaren eta pilotaren arteko buruz buruko horrekin. Izan ere, entrenatu daitekeen zerbait da, baina aldi berean badu berezkotik. Horrek ez du esan nahi aurretik ere estrategia bat izan behar ez duzunik landuta. Baina ezin zara horretara guztiz lotu. Torneo entretenigarri bat espero dut, eta ikusteko polita.
«Beti esaten dut golfa ez dela bakarrik taktika eta teknika, sormen puntu bat ere baduela. Hori gustatzen zait»
Baina gaur egungo golfean gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da indarra. Atzetik datozen golflariek gero eta gogorrago jotzen dute pilota.
Hala da. Arlo fisikoa gero eta gehiago lantzen da, eta elikadura ere asko zaintzen da. Horrek, dudarik gabe, aldaketa bat ekarri du. Emakumeen golfean urratsak nabarmenak izan dira. Baina nik beti esaten dut pilota gogor jotzea ez dela nahikoa. Teknikarik ez baduzu, alferrik da. Horrek ezartzen du aldea.
Eta tenperaturari dagokionez, zer nahiago duzu, beroa edo hotza?
Beroa egitea gustatzen zait. Erosoago aritzen naiz, eta hobeto moldatzen naiz. Kontuan izan AEBetan bero handiarekin jokatzera ohituta nagoela. Gainera, hotza egiten duenean gorputza uzkurtu bezala egiten zait, eta gehiago kostatzen zait besoa aske mugitzea.
Egungo txapeldun olinpikoa, Nelly Korda, denboraldi bikaina egiten ari da. Bost torneo irabazi ditu. Ezusterik izan ezean, hark zintzilikatuko du urrezko domina?
Nik uste dut baietz. Baina aurkari gogorrak izango ditu. Lilia Vu min hartuta egon da, baina itzuli berri da, eta jokatu dituen torneoetan lehen eta bigarren izan da. Kontuz harekin. Asian ere sekulako indarra hartzen ari da emakumeen golfa. Tokioko Olinpiar Jokoei begira, sekulako lana egin zuten hainbat herrialdetan, eta horren fruituak jasotzen ari dira. Hego Koreako golflariak goian ibiliko dira, eta Yuka Saso japoniarrak AEBetako Irekia irabazi du aurten.
Oso kirolzalea zara. Izango duzu denborarik beste kirolen bat ikusteko Parisen?
Saiatuko naiz. Batez ere futbola eta tenisa ditut gustuko. Mentalki, tenisak badu antzekotasunik golfarekin, eta alde horretatik asko ikusten dut. Atsegin dut ikustea nola egiten dioten aurre partida luze edo egoera zail bati. Ahal badut, bi kirol horiek ikustera joango naiz.