1990ean sortu zuten Droit au logement (DAL, Etxebizitzarako Eskubidea) elkartea, hiriko 20. barrutiko bizilagunek. Urte hartan, auzoan okupatutako bi eraikinetatik 48 familia kanporatu zituzten, eta orduan abiatutako borrokaren emaitza da elkarteak egindako 35 urteko ibilbidea.
Ikusi gehiago
Errepublikaren plazan egin du hitzordua BERRIAk Jean-Baptiste Eyraud (Paris, 1954) DAL elkarteko kidearekin, kanpaleku batean. Ekainetik plazaz plaza dabiltza, kanpalekuak eraikitzen eta kaleak hartzen. Kanpa Eyraud pankarta bat eskegitzen ari da eskailera batera igota. Zereginak sekula bukatzen ez diren arren, hizketarako tartea atera du.
Zergatik hartzen duzue kalea?
Ekainean Bastillako plazan jarri genuen kanpalekua, baina hona mugitu behar izan dugu [Errepublika plazara] Olinpiar Jokoengatik. Kalera aterata, bi modutara eragiten dugu: arazoa gizarteratzen dugu, batetik; etxegabeek edota baldintza txarretan bizi direnek elkar ezagutzeko balio dute espazio hauek, bestetik: bizipenak elkarrekin banatzeko, beren eskubideak zeintzuk diren ezagutzeko eta horiek eskuratzeko borrokan indarrak batzeko.
Eragiteko kolektiboa indartsuagoa delako, alegia?
Kaltebera direnek borroka beren kasara egitea oso gogorra eta nekeza da, eta boteredunen aurrean eragitea, kasik ezinezkoa. Indarrak batuta, taldean joanda, oihartzun handiagoa lortzen da, errazagoa da entzuna izatea; eta, ondorioz, hobekuntzaren bat lortzea. Hemendik joateko esaten badigute, adibidez, negoziatzeko aukera zabaltzen zaigu: «joango gara, baldin eta…». Borroka kolektiboa da aukera bakarra.
Dena den, elkarteko kide guztien egoerak eta beharrak ez dira berdinak izango…
Ez. Batzuk etxegabeak dira, eta beste batzuk, ez; denetik dago. Hala ere, etxebizitzarako eskubidea eskatzen dugu. Eta hori guztiek merezi dute, duten egoera dena delakoa izanda ere.
Elkartearen izenak berak argi dio: etxebizitza eskubidea.
Bai, eta izatez pertsona hauek, legearen aurrean, eskubideak dituzte, baina estatuak ez du legea errespetatzen, eta, ondorioz, dagokien eskubiderik gabe geratzen da jendea. Etxerik gabe daudenei, berez, aterpe bat eman beharko lieke, non bizi, eta ez da horrela gertatzen. Dagozkien eskubideak izan ditzaten borrokatzen gara.
Legeak hala esanagatik, eskubideak ez dira bermatzean.
Ez, kalteberenei ez zaizkie bermatzen. Beste lege batek dioenez, denbora luzez etxea hutsik badago, estatuak hartu dezake, eta jende pobrearentzat prestatu. Jende asko dago etxe beharrean, eta etxe asko dago hutsik, baina lege hau ere ez da aplikatzen. Arazoari irtenbidea —hein batean— emango lioke beteko balitz, eta hori exijitzen dugu.
«Inbertsiorako erabiltzen dituzte etxeak, ez bizitzeko. Hemen eta mundu guztian. Sistema ustelduta dago. Kapitalismoaren aurkako borroka da hau» JEAN-BAPTISTE EYRAUDDAL elkarteko kidea
Hutsik dauden etxe horiekin zer gertatzen da?
Asko inbertsore handiek erosten dituzte, eta negozioa egiten dute.
Joera hori handitzen ari da…
Espekulazio asko dago. Inbertsiorako erabiltzen dituzte etxeak, ez bizitzeko. Hemen, eta mundu guztian. Sistema ustelduta dago. Kapitalismoaren aurkako borroka da hau.
Olinpiar Jokoen harira egoera gehiago okertu al da?
Bai. Paris Handia deiturikoa sortu dute Olinpiar Jokoen harira. Paris zenari periferia gehitu diote, eta eremu hori guztia eder eduki nahi izan dute. Metro lineak luzatu dituzte. Horrek zer dakar? Jendeak erdialdetik urrunago bilatu behar izatea alokagai daudenak, eta pobreenak, kanpoko auzoetan bizi zirenak, are urrunago botatzea, azken geltokia baino urrutiago. Antza, eder egoteko modua da bertakoentzat bizigaitza izatea.
Arazoa, hala ere, ez da berria.
Aspaldikoa da, baina Jokoen harira bizkortu egin da. Okupatutako etxeetatik kanporatu dituzte estadioak egiteko, kalean bizi zirenak ere beren espazioetatik bota dituzte, Airbnb eta antzeko plataformetara jo du jendeak diru azkarraren bila, ikasleak beren etxeetatik bota dituzte horiek garesti alokatu ahal izateko… Duela 35 urte ere bagenuen arazo hori, urtez urte handituz joan dena, eta orain azkar batean puztu dena.
Olinpiar Jokoen ostean puztutakoa lehertu edo hustuko dela uste al duzu?
Hauteskundeek eragin dezakete horretan, baina ez dut uste.
Atzera bueltatzeko zirrikiturik bada, orduan?
Gobernuan dagoenaren politiken araberakoa da, zeren legeak egon badaude, baina… [barreak] Dagoeneko metroko lineak luzatuta daude, horrek ez du atzera-bueltarik.