Olinpiar Jokoak

Bukatu da euskal surflarien jarduna Olinpiar Jokoetan

Nadia Erostarbe eta Joan Duru final-laurdenetan kanporatu dituzte, eta diploma olinpikoarekin itzuliko dira. Garazi Sanchez surflariaren iritziz, «harro» senti daitezke egindako lanaz.

Nadia Erostarbe final-laurdenetan lehian, gaur, Tahitin. FAZRY ISMAIL / EFE
Nadia Erostarbe final-laurdenetan lehian, gaur, Tahitin. FAZRY ISMAIL / EFE
mikel rodriguez
2024ko abuztuaren 2a
17:46
Entzun

Bihar jokatuko dute surfeko finala, Tahitin, Paristik 15.000 kilometrora. Ez da euskal surflaririk izanen dominen lehian, baina bi diploma olinpiko eramanen dituzte etxera: Nadia Erostarbe eta Joan Duru final-laurdenetan kanporatu dituzte, eta zortzi surflari onenen artean sailkatu dira, beraz. «Olinpiar Jokoetan egotea bera ere oso amets zaila zen, munduan dagoen maila ikusita, eta final-laurdenetan egonda uste dut biak harro egon daitezkeela», adierazi du Garazi Sanchez surflariak. «Euskal surflariok haietaz harro gaude, erakutsi dutelako posible dela eta lan eginez ametsak bete ditzakegula».

Erostarbe Tatiana Weston-Webb brasildarrak kanporatu du, munduko sailkapeneko zazpigarrenak —8.10 Weston-Webbek, eta 6.34 Erostarbek—. Brasildarrak Caitlin Simmers munduko zerrendako liderra kanporatu zuen aitzineko txandan. Duru, berriz, etxeko surflariak utzi du kanpoan, Kauli Vaast tahitiarrak —15.33 Vaastek, eta 12.33 Duruk—. Surfa Tokioko 2020ko Jokoetan estreinatu zuten kirol olinpiko gisa, eta bai Erostarbe eta bai Duru lehenbizikoz lehiatu dira Jokoetan. Duruk 35 urte ditu, eta Jokoen aitzinetik adierazi zuen azken denboraldia izanen duela hau. 

OLINPIAR JOKOAK - SURFA
Joan Duru final-laurdenetan lehian, gaur, Tahitin. FAZRY ISMAIL / EFE

Erostarberekin eta Dururekin batera, bertze bi euskal surflari aritu dira lehenbiziko aldiz Jokoetan: Janire Gonzalez-Etxabarri eta Andy Criere. Biak bigarren txandan kanporatu zituzten. Gonzalez-Etxabarrik Anat Lelior israeldarraren kontra galdu zuen —hurrengo txandan, Tyler Wright australiarrak kanporatu zuen Lelior—, eta Criere, berriz, Julen Lasa zarauztarrak entrenatzen duen Alan Cleland mexikarrak —Clelandek Dururen aurka galdu zuen hurrengo kanporaketan—. Sanchezen ustez, Gonzalez-Etxabarrik eta Crierek ere «oso harro» egoteko motiboak dituzte. «Itzelezko emaitza, lana eta esfortzua da sailkatzea bakarrik. Ilusioa piztu digute gainerako kirolarioi, eta disfrutatu egin dugu haiekin».

Tahitiko olatua

Parisen dago Sanchez, Toyota markak gonbidatu baitu Jokoetara. «Polita da hemen dauden energia eta milaka amets ikustea, eta horrek ere niri amets eginarazten dit hurrengo ziklorako». Surfa, ordea, Frantziak urrutien dituen kolonietako batean egin da: Tahitin, Ozeano Barearen erdian. Astelehenetik aitzinera izandako haizete gogorren ondorioz, asteazkeneko proba bertan behera utzi zuten, olatuen indarra arriskutsuegia baitzen, eta zalantza sortu zen lehiaketari noiz eta nola berrekin. «Hor dagoen olatuak izugarrizko errespetua eragiten digu surflarioi», adierazi du Sanchezek. «Askotan ez dugu sinesten surfa kirol arriskutsua dela, egunero aritzen garelako, baina hor ikusi da berezia eta emozioz betea dela». Sanchezen ustez, lehiaketako bigarren eguneko kanporaketak «surfaren historian» lorratza utzi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.