Ez dira nahi bezalakoak izan Maialen Chourrautentzat Parisko Olinpiar Jokoak, eta bukaera mingotsa izan dute. Kayak-kroseko final-laurdenetan kanporatu dute, eta hunkituta eta etsita bukatu du proba. «Saiatzen zara erlatibizatzen eta pentsatzen bizitzan askoz gauza okerragoak daudela, baina momentu hau bizitzea, presio honekin eta muturreko emozio hauekin, oso gogorra da», adierazi du proba bukatu ondotik. «Ez dut egin nire ametsetako lasterketa, eta Olinpiar Joko hauek ez dira izan nire ametsetako Olinpiar Jokoak». Bortzgarren Olinpiar Jokoak egin ditu jarraian, eta Euskal Herriaren historiako kirolari olinpikorik arrakastatsuena da, hiru domina lortuta —metal bakoitzeko bat—. Etorkizunaz ez du deus erran nahi izan: «Hori galdetzen ari zait jendea, baina orain lasaitasuna behar dut».
Kayak-kros modalitatea 2017tik jokatzen da Munduko Txapelketetan, baina Olinpiar Jokoetan aurten izan du estreinakoa. Launaka, bata bertzearen aurka lasterketa batean buruz buru lehiatzen dira piraguistak, eta Jokoetako zirkuituan sei ate, bi erremonte eta eskimotatze bat —piragua buruz beheiti iraulita gainditu beharreko oztopo horizontal bat— gainditu behar dituzte. Laugarren kalean ateratzea egokitu zaio Chourrauti, eta lasterketa baldintzatu dio horrek. «Dudarik gabe kale motelena da, kale mantsoa da, eta lehenbiziko ateari aurre egiteko ez dizu tokirik uzten. Denek kanpora botatzen zaituzte, eta sekulako oztopoa da».
Atzoko sailkatze fasean, Chourrautek ez zituen edonolako aurkariak izan —bertzeak bertze, Jessica Fox eslalomeko leienda, bi urre olinpiko irabazi berritan, eta kayak-krosean birritan munduko txapeldun izana—, eta laugarren kalea egokitu zitzaion orduan ere. «Atzo lortu nuen. Sekulako laukotea ginen, baina atera nuen, eta orduan, esaten nuen: 'Atzo atera bagenuen, egin, egin daiteke'. Saiatu naiz, baina ez dut lortu».
«Badakit eslalomaren familia nirekin dudala. Sekulako estimua sentitzen dut haien aldetik: egunero erakusten didate. Oso harro nago guztiez, eta tratu hori itzuli egin didate»
MAIALEN CHOURRAUTPiraguista
Final-laurdenetan ere, Chourrautek goi mailako kontrarioei buru egin behar izan die: Noemie Fox australiarrari —Jessicaren ahizpa gazteari; hain zuzen, sailkatze fasean Chourrauten eta ahizparen txanda berean lehiatu eta biei irabazi zienari—, Ricarda Funk alemaniarrari —Tokioko Jokoetan K1ean urrezko domina irabazi zuenari, eta, bertze lorpen anitzen artean, iazko Europako Txapelketan kayak-krosean zilarra lortu zuenari—, eta Luuka Jones Zeelanda Berrikoari —Rio de Janeiroko 2016ko Jokoetan K1eko podiumean Chourrauten eskuinaldeko mailara igo zenari, zilarrezko dominarekin—.
Atera orduko bertzeen gibelean gelditu da, baina lasterketaren haria galdu gabe ailegatu da erdi partera, laugarren eta bortzgarren ateen zonara. Hor egin dio ihes lasterketak. «Aukera bakarra nuen seigarren atean Ricarda [Funk] ixtea, eta hor bera aurreratuz gero bigarrenaren bila joatea; Ricarda kanpora bota dut, baina ni ere kanpoan geratu naiz».
Fox eta Jones sailkatu dira finalerdietarako, eta Chourraut hirugarren gelditu da, Funki penalizazio bat zigortu baitiote. Finalean, Foxentzat izan da urrea: kayak-krosaren lehenbiziko urrea Olinpiar Jokoetan, baita Fox ahizpa gazteenaren lehenbiziko domina ere.
Aitortza Chourrauti
Final-laurdenetako txanda bukatu bezain pronto, kanaleko esatariak txaloak eskatu ditu Chourrautentzat, eta haren ibilbide olinpikoa oroitu du. Ikusleek gogoz erantzun diote esatariaren eskariari. «Ez naiz ohartu momentu horretaz», adierazi du Chourrautek. «Baina badakit eslalomaren afizioa, eslalomaren familia nirekin dudala. Sekulako estimua sentitzen dut haien aldetik: egunero erakusten didate. Oso harro nago guztiez, eta uste dut tratu hori itzuli egin didatela».