Olinpiar Jokoak

Bueltan da, eta onenean berriro

Buruko osasun kontuak zirela medio Tokioko Olinpiar Jokoetan final gehienetatik erretiratu ostean, Simone Biles inoizko sasoirik onenean iritsi da Parisera.

Simone Biles, Anbereseko iazko Munduko Txapelketan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Simone Biles, Anbereseko iazko Munduko Txapelketan. OLIVIER MATTHYS / EFE
inaut matauko rada
2024ko uztailaren 25a
05:00
Entzun

Urte zailak izan dira Simone Bilesentzat (Columbus, AEBak, 1997). Rio de Janeiroko 2016ko Olinpiar Jokoetan mundua liluratu zuen gimnasta estatubatuarrak, urrezko lau domina eta brontzezko bat lortuz: lau banaka eta bat taldeka. Olinpiar Jokoetan halako estreinaldia eginda, historian mugarri bat jarriko zuela zirudien, baina hainbat arazok oztopatu zioten ibilbidea. Larry Nassar medikuaren sexu erasoen biktima izana salatu zuen 2018an, beste hainbat kirolari emakumek egin moduan, baina bitartean Munduko Txapelketetan urrezko dominak bata bestearen atzetik jasotzen jarraitu zuen, nahiz eta onartu duen sexu eraso horiek jasan izanak eragina izan duela bere ibilbidean.

Handik aurrera, buruko osasun arazoak izaten hasi zen. Gimnastetan ohikoa den ingelesezko yips-ak edo twisties-ak pairatzen hasi zen; hau da, jauzietan gorputzaren kontrola mantentzeko ezintasuna. Hori dela eta, uko egin zion Tokioko Olinpiar Jokoetako hainbat finaletan parte hartzeari, taldekako lehiaketa barne, eta, parte hartutako final bakarrean, zilarrezko domina eskuratu zuen: oreka barretan. Arabatxo gimnastika taldeko Aratz Ramos kirolariaren arabera, gimnastek izaten dituzten arazo horiek larriak dira, jauzi batean arriskua hartuz gero min handia egiteko aukera dagoelako lurreratzean; hori dela-eta parte hartu zuen finalean bakarrik, «akrobazia gutxien duen» proba baita. «Gimnastikan, oso zaila da batzuetan zure gorputzaren jabe izatea airean; bi bira oso egin behar badituzu, galdu zaitezke, eta motz edo luze geratu. Eta arriskutsua da, edozer gauza gertatu daitekeelako».

Tokioko amesgaiztoaren ostean, Ramosek azaldu duenez, ziklo olinpiko berriko lehen bi urteetan serio entrenatu gabe geratzea erabaki zuen Bilesek, bere onera itzultzeko. Ez zuen nazioarteko txapelketetan parte hartu, eta 2023an itzuli zen goi mailan lehiatzera. Eta nola itzuli: 2023an Anberesen (Flandria) egin zen Munduko Txapelketan urrezko lau domina eskuratu zituen, bakarkako hiru eta taldekako bat. Munduko onena bueltan zen.

«Ikusten da Jokoetan [Biles] bikain ariko dela, ezer arrarorik gertatzen ez bada. Printzipioz, bera da munduko hoberena»

ARATZ RAMOSArabatxo taldeko gimnasta

Sasoi horri eusten dio oraindik ere Bilesek, eta horregatik uste du Ramosek faboritoa dela Olinpiar Joko hauetan urrezko domina gehien irabazteko. Duela hiru aste, adibidez, AEBetako taldea erabakitzeko txapelketa izan zen, eta bikain aritu zen: «Izugarri ondo lehiatu zen. Ikusten da Jokoetan bikain ariko dela, ezer arrarorik gertatzen ez bada. Printzipioz, bera da munduko hoberena».

Rebeca Andrade brasildarra izan daiteke Bilesen aurkari handiena. Azken Jokoetan urrezko bat eta zilarrezko bat irabazi zituen, eta azken Munduko Txapelketan urrezko bat, zilarrezko hiru eta zilarrezko bat etxeratu zituen. «Oso gimnasta osoa da, baina berak 58 puntu atera ditzake, eta Bilesek, berriz, 60,5. Besteengandik urrun dago Biles».

-FOTODELDÍA- BÉLGICA GIMNASIA MUNDIALES
Rebeca Andrade, akrobazia bat egiten, Anberesko iazko Munduko Txapelketan. OLIVIER MATTHYS / EFE

Bien arteko ezberdintasuna ariketen aukeraketan dago. Ramosen arabera, Bilesek orokorrean ariketa «oso zailak» egiten ditu, «akrobatikoagoak». Beraz, «arrisku handia» hartzen du, baina ondo eginez gero, puntu gehiago lortzen ditu, nahiz eta gaizki egiteko aukera gehiago izan. «Gerta daiteke huts egin eta jaustea, eta hori gertatzen bada Andrade gertu egongo da».

AEBak dira faborito

AEBetako selekzioak du munduko gimnasta onena: Biles. Beraz, taldekako lehia irabazteko faborito da, Ramosek azaldu duen moduan. Azken Olinpiar Jokoetan Errusiak irabazi zuen, baina garaipen horretan eragin handia izan zuen Bilesen erretiroak. Orain, baina, sasoi bikainean iritsi da Parisera estatubatuarra, eta talderik onena dute urrezko domina irabazteko: «Munduko hamar gimnasta onenen artean, bost estatubatuar daude. Aldea oso handia da». azaldu du Ramosek. Horri gehitu behar zaio aurten Errusiak ez duela talde gisa parte hartuko Olinpiar Jokoetan. Ustezko dopin sistematiko kasuak direla eta, Tokion ezin izan zuten Errusiaren izenean parte hartu, baina bai Errusiako Olinpiar Batzordearen izenean. Oraingoan, ezta hori ere, eta herri ordezkaritzarik gabeko kirolarien gisan ariko dira. Larunbatean hasiko da festa, gizonen sailkapenekin, eta igandean emakumeen txanda izango da. Abuztuaren 5ean izango dira azken finalak.

BELGIUM GYMNASTICS
Daiki Hashimoto barrari helduta, 2023ko Munduko Txapelketan, Anberesen. OLIVIER MATTHYS / EFE

Lehia estua gizonezkoetan

Emakumeekin ez bezala, gizonezkoen gimnasia artistikoan ez dago faborito argirik. Hala ere, bada gimnasta talde bat besteen gainetik dagoena. Aratz Ramosek azaldu du Daiki Hashimoto japoniarra dela gainontzekoen gainetik daudenetako bat. Azken Jokoetan bi urrezko domina lortu zituen, banakakoan eta barra finkoan, eta taldekako lehian zilarrezkoa eskuratu zuen. Bakarkako bi lehia horietan ere urrea irabazi du azken Munduko Txapelketan, eta taldeka ere lehena izan zen. 

Batzuentzat, Kohei Uchimuraren oinordekoa da, askorentzat historiako gimnasta onenetako bat. Japoniak «gimnasia eskolarik onena» duela azaldu du Ramosek. Horregatik uste du Japonia dela faboritoa taldekako lehia irabazteko: «Japonian, guztiek gimnastika oso parekoa dute, oso teknikoa eta ikusteko ederra. Han egiten da gimnastikarik onena. Horregatik, normala da Hashimoto Uchimurarekin alderatzea, biak izan direlako oso gimnasta onak». Banakako lehia bi Jokotan jarraian irabazi duen gimnasta bakarrenetakoa da Uchimura, eta, Parisen irabaziz gero, Hashimotok aukera du bere aurrekoak eginikoa berdintzeko.

Hala ere, Txinan badira Hashimotori aurre egin diezaioketen zenbait gimnasta. «Egia da ziklo olinpiko honetan Hashimoto izan dela onena, baina ez dago emakumeetan bezain besteko alderik». Azken Munduko Txapelketan parte hartu ez bazuen ere, Zhang Boheng da, Ramosen iritziz, Olinpiar Jokoetara indartsuen iritsiko den gimnasta: «Nire ustez, hobeto dago Hashimoto baino. Berak irabaziko duela uste dut, baina edozer gauza gerta daiteke».

CHINA ASIAN GAMES
Zhang Boheng, iazko Asiako Jokoetan, Hangzhoun, barra paraleloetan. ALEX PLAVEVSKI / EFE

Olinpiar Joko hauetan, Errusiako taldearen falta izango da garrantzitsuena. Emakumeetan bezala, Tokion ere errusiarrek lortu zuten urrea taldekakoan, baina aurten ezingo dira aritu, Ukrainako inbasioa dela eta. Herri ordezkaritzarik gabeko kirolarien gisan ariko dira. «Aurreko Jokoetan, Errusia txapeldun izan zen taldekakoan, bai emakumezkoetan bai gizonezkoetan. Uste dut ez direla Joko hauetarako faboritoak, baina bai talde onenetako bat». Gizonezkoen talde onenen artean ez du ezberdintasun handirik ikusten: «Egia da Txinak gimnasta oso egonkorrak dituela, baina uste dut Japoniak ondo egiten badu taldekako proba irabazi beharko lukeela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.