OLINPIAR JOKOAK

Euriak baldintzatuta jokatu dute erlojupeko proba, eta Brown eta Evenepoel nagusitu dira

Errepide bustiak eta erorikoek zaildu egin dute Parisko Olinpiar Jokoetako erlojupeko proba. Halere, espezialistek ez dute huts egin. Oier Lazkanok 26. postuan amaitu du.

Munduko Txapelketaren azken bi aldietan zilarra lortu ostean, Olinpiar Jokoetako urrezko domina eskuratu du gaur Grace Brownek. YOAN VALAT / EFE
Munduko Txapelketaren azken bi aldietan zilarra lortu ostean, Olinpiar Jokoetako urrezko domina eskuratu du gaur Grace Brownek. YOAN VALAT / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko uztailaren 27a
18:44
Entzun

Euria etengabe, errepidea distiratsu eta bihurgunedun ibilbidea hiri barnean. Erlojupeko espezialistaren baten bart gaueko amesgaiztoa egia bihurtu da. Halere, ibilbidean zehar bazeuden espezialistak beren dohainez baliatu ahal izateko moduko zuzenguneak. Hautagai nagusiek ez dute huts egin. Nahi baino geldiago hartu behar izan dituzte bihurguneak, baina potentziaren eta aerodinamikaren arteko batura onena duten ziklistek jantzi dituzte dominak. Nagusitasunez gailendu dira Remco Evenepoel eta Grace Brown. Biek ala biek denbora onenak egin dituzte ibilbideko hiru puntu kronometratuetan.

Ziztu bizian abiatu da Joshua Tarling galesa. Hura izan da, itxuraz, bihurguneetan gehien arriskatu duena. Ez da erori, baina gurpila zulatu du. Bizikleta aldatzen hogei bat segundo galdu ditu, baina berriz erritmoa hartu, eta erlojupeko ona osatu du amaierarako. Laugarren postuan amaitu du, Evenepoelengandik 27 segundora. Bi segundo azkarrago bururatu du ibilbidea Wout van Aertek. Flandriarrak brontzezko domina lortu du; iazko Munduko Txapelketako bi onenak bakarrik izan ditu aurretik: Filippo Ganna eta Evenepoel.

Remco Evenepoel garaipena ospatzen. TERESA SUAREZ / EFE
Remco Evenepoel garaipena ospatzen. TERESA SUAREZ / EFE

Gannak Van Aertek baino denbora okerragoa egin du bigarren puntu kronometratuan, eta, horren ondoren, bide bazterreko hesi bat ukitu eta erortzeko zorian egon da. Nolanahi ere, bikain amaitu du proba, eta, helmugara iritsi denean, denbora onena lortu du. Txirrindulari bat falta zen helmugaratzeko, eta italiarrak nahi baino lehenago iritsi da hura. Iaz aurretik izan zuen Munduko Txapelketan, eta gaur ere hegan egin du Evenepoelek. Batez beste, orduko 53,7 kilometroko abiaduran osatu du 33 kilometroko ibilbidea. Euriak ez du flandriarra geldiarazi. Hamabost segundo atera dizkio Gannari, eta 25 Van Aerti.

Oier Lazkanok ezin izan du diploma olinpikoa lortu. Gasteiztarrak egin izan ditu erlojupeko hobeak; gaur, 26. postuan amaitu du. Azken bihurgunean erortzeko zorian egon da, eta helmugan ia hiru minutu galdu ditu irabazlearekin alderatuz. Lazkanok baino zorte okerragoa izan dute Soren Waerenskjoldek eta Lucas Plappek. Biak erori dira, eta lasterketa utzi behar izan dute. Datorren larunbatean egingo dute errepideko proba. Hartan ere lehiatuko da Lazkano, Alex Aranburu ezkiotarrarekin batera.

Oier Lazkano, Parisko erlojupekoan. YOAN VALAT / EFE
Oier Lazkano, Parisko erlojupekoan. YOAN VALAT / EFE

Azkenean, urrea

Emakumezkoen proban, Chloe Dygerten eta Grace Brownen arteko lehia estua espero zen. Iazko Munduko Txapelketan Dygert estatubatuarra nagusitu zitzaion Brown australiarrari. Sei segundorena izan zen bien arteko aldea orduan. Gaur, bost atereak zizkion Brownek Dygerti hamahirugarren kilometroan. Gero, ordea, estatubatuarra erori egin da. Bigarren puntu kronometratuan, aldea 50 segundo baino gehiagorena zen jada. Hortik aurrera, domina segurtatzera mugatu da Dygert, ez du asko arriskatu eta, azkenean, bigarren postua ere galdu du. Helmugan, Brown izan da 33 kilometroak 40 minutu baino gutxiagoan osatu dituen bakarra (39.38). Beste espezialista batek egin du bigarren denborarik onena, Anna Henderson britaniarrak (41.09), eta Dygertek brontzezko dominarekin konformatu behar izan du (41.10).

Brownek zilarra lortu du Munduko Txapelketaren azken bi aldietan, eta laugarren izan zen Tokioko Jokoetan. Bada, azkenean atera du arantza, eta aise nagusitu da gaur. Erlojuaren aurkako hiru espezialisten atzetik amaitu dute errepideko probarako hautagai diren zenbaitek. Juliette Labous frantziarrak erlojupeko bikaina egin du bere herrialdean. Sasoi betean iritsi da Italiako Girotik —bosgarren izan zen—, eta laugarren amaitu du gaur. Haren atzetik gelditu dira datorren asteko errepideko probarako hautagai nagusiak. Bosgarren egin du Demi Volleringek, eta seigarren Lotte Kopeckyk. Kopecky ere erori da.

Huts egin dutenen artean bi nabarmentzen dira. Elisa Longo Borghini ez da espezialista, baina jokatutako azken erlojupekoan garaipena eskuratu zuen. Gaurko irabazleari, hau da, Grace Browni gailendu zitzaion Italiako Giroko erlojuaren aurkako etapan. Gaur, ostera, australiarrak bi minutu baino gehiago atera dizkio. Christina Schweinberger austriarrarengandik ere gehiago espero zen. Iaz hirugarren postua lortu zuen Munduko Txapelketan, Hendersonen aurretik. Hamargarren amaitu du gaur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.