Parisko Sena ibaian ehun urte baino gehiagoan izan zen indarrean uretan sartzeko debekua, eta herriko etxeak 1.400 milioi euro gastatu ditu urak arazteko lanetan; bertzeak bertze, iragan maiatzean biltegi handi bat ireki zuten euriak eragindako ur soberakina bildu eta ibaiaren bakterio kopuruari neurrian eutsi ahal izateko. Inbertsio hori guzia egin zuten Olinpiar Jokoetako triatloi eta igeriketako proba luzeak Sena ibaian egin ahal izateko, hiriaren erdigunean. Bada, ailegatu da lehenbiziko probaren bezpera, gizonezkoen triatloiarena, eta oraindik ez da ziurra jokatu ahalko den, uraren kalitate txarra dela eta. Bihar goizaldean 03:30 aldera biltzekoak dira arduradunak gaur hartu dituzten uraren laginen emaitzak aztertu eta erabaki bat hartzeko.
Bezperan egitekoak ziren igeriketa entrenamenduak bertan behera utzi dituzte uraren kalitate eskasagatik. Atzo ere gauza bera egin zuten. Munduko Triatloiak —nazioarteko federazioak— ohar bat argitaratu du gaur goizaldean, igande goizaldekoaren hagitz antzekoa. Federazioak Frantziako hainbat erakunde publikorekin batera erabaki du saioak bertan behera uztea —zirkuitua ezagutzeko ziren—, uraren kalitatea neurtzeko emaitzek erakutsi dutelako ez dagoela «behar adinako bermerik ekitaldia egin ahal izateko». Bezperan bezala, Olinpiar Jokoen antolakuntzak ere bileran parte hartu duela zehaztu dute oharrean. Dena den, eutsi egin diote bihar —asteartea— proba egiteko asmoari.
Federazioak oharrean adierazi duenez, iragan ortziralean —hasiera ekitaldiaren egunean— eta larunbatean izandako euriteek okertu dute uraren kalitatea. Egunero neurtzen dute hori Senan, eta atzo hartutako laginen emaitzek erakutsi dute egoera txarrean dagoela oraindik. Baina, oraingoz, proba bertan behera ez uzteko igandean azaldutako arrazoi bera eman dute astelehen goizaldean: eguraldi iragarpenen arabera egun beroak eta idorrak izanen direla hurrengoak Parisen. «Paris 2024k eta Munduko Triatloiak konfiantza dute uraren kalitatea bere onera itzuliko dela triatloi lehiaketa hasi aitzinetik. Uztailean ikusi denez, udako baldintzekin —eguzki argi gehiago, tenperatura beroagoak eta euririk gabeko denbora tarte luzeak— Senako uraren kalitatea dezente hobetu da».
Frantziako Gobernua: «Garden jokatu dugu»
Apustu politiko handia izan zen probak Senan egitea, eta gutxienean bederatzi urte egin dituzte antolatzen, Parisek Jokoak egiteko hautagaitza aurkeztu zuenetik. Amelie Oudea-Castera Frantziako Kirol ministroak gaur adierazi du gobernuak beti «garden» jokatu duela, eta «konfiantza» duela bihar ez bada, probak aste honetan egin ahalko direla.
Nazioarteko hainbat hedabidek argitaratu dutenez, astearterako uraren kalitatea egokia ez bada, proba gibelatu eginen dute antolatzaileek ura bere onera etorri arte, edo, bertzela, Paristik kanpo egitea edo triatloia duatloi bihurtzea ere izan daitezke alternatibak. Hala ere, ofizialki ez dute jakinarazi zer eginen luketen kasu horretan. Emakumezkoen proba etzi da jokatzekoa, eta errelebokako mistoa, berriz, heldu den astelehenean, abuztuaren 5ean. Igeriketako proba luzeak, berriz, abuztuaren 8an eta 9an.
Alexandre III.a zubian hasi eta bukatzekoak dira probak, eta azken egunetan langileak normal aritu dira lanean, eremuari azken ukituak ematen. Senaren bi hegiak lotzen dituen zubirik ikusgarrienetakoa da, eta gune olinpiko handi bat eratu dute haren inguruan.