Hitz egiten hasi bezain laster nabari zaio Lysa Tchaptcheti (Yaunde, Kamenur, 2001) gozatzen ari dela. Denboraldi betea izan du, baina Olinpiar Jokoetan aritzeko ametsa betetzeko prest dago.
Etzi ekingo diozue txapelketari, Brasilen kontra (14:00). Nola zaudete?
Ondo gaude. Prestaketa oso ondo joan da. Hilabete pasatxo eman dugu elkarrekin entrenatzen. Ondo eta gogor egin dugu lan, eta Galizian egin genuen egonaldia bikaina izan zen, leku ederra izan genuen lan egiteko. Are gehiago batu ginen. Ondoren Irunen [Gipuzkoa] jokatutako hiru partidak irabazi egin genituen, gainera. Multzo zoragarria daukagu. Plazera da jokalari hauetako bakoitzarekin jokatzea eta lan egitea.
Zure lehen Olinpiar Jokoak izango dira. Nola helduko diezu?
Gogo eta ilusio handiarekin nago nire onena emateko. Aurreko Olinpiar Jokoetako prestakuntzan ere egon nintzen, baina azken deialditik kanpo geratu nintzen. Oso gaztetxoa nintzen orduan, eta nire rola ere oso bestelakoa zen. Multzora iritsi berria nintzen. Azken aste hauetan asko gogoratu naiz ordukoaz. Gainera, Joko batzuetan aritzeko irrikaz nago. Betidanik ikusi izan ditut telebistan, batez ere atletismoko probak. Ea aukera dudan probaren batzuk zuzenean ikusteko.
Brasilez gain, Hungaria, Herbehereak, Frantzia eta Angola izango dituzue aurkari multzoen fasean. Zer iritzi duzu aurkariez?
Olinpiar Jokoetarako kontinente bakoitzeko selekziorik indartsuenak sailkatu ohi dira, eta bagenekien aurkariak gogorrak izango zirela. Baina arreta gugan jarriz gero, edozeini irabazteko gai gara. Batez ere Hungaria, Herbehereak eta Frantzia oso talde fisikoak dira. Gure indargunea, berriz, gehiago dira teknika eta abiadura, eta, hori baliatuz gero, min egin diezaiekegu. Indargune horiek baliatzeko funtsezkoa izango da defentsan sendo egotea. Ondo zaindu behar ditugu baloia galtzen dugun momentuak, bizi jokatzean arrisku gehiago baitago horretarako.
Abenduan Munduko Txapelketa jokatu zenuten, eta ez zineten sailkatu final-laurdenetarako.
Hala da. Argi dago ez genuela txapelketa ona egin. Baina uste dut ordutik hazi egin garela talde moduan. Pixkanaka jokalari gazteak sartuz joan gara, eta denbora behar izaten da egokitzeko. Selekzioetan aukera gutxiago dago horretarako, egonaldiak ez baitira hainbeste izaten. Alde horretatik, azken hilabete hau oso ondo etorri zaigu.
Ambros Martinek iaz hartu zuen hautatzaile kargua. Zer ekarpen egin dizue?
Ambrosek esperientzia handia du, eta hori asko nabari da partidak prestatzeko garaian. Oso ondo ezagutzen ditu aurkariak. Bestalde, gure jokatzeko erari ere egitura sendoago bat eman dio, gauzak argiago ditugu, bai multzo moduan, bai bakarka, eta horrek beti laguntzen du.
Domina bat lortzea posible dela uste duzu?
Ezin gara gu izan geure buruari muga jarriko diona, eta baietz uste dut. Esan bezala, oso ondo egin dugu lan azken asteetan, eta horretarako zutarriak jarri ditugula uste dut.
Nor ikusten duzu urrea kolkoratzeko hautagai nagusitzat?
Frantzia esango nuke, etxean jokatzea beti delako abantaila bat, eta talde oso indartsua duelako. Baina etxean jokatzeak ere zama bat dakar, eta hori ere ondo kudeatzen jakin beharko du.
Jokalari askok Espainiako liga utzi eta Europako liga indartsuenetan jokatzeko urratsa egin duzue. Horrek sendoago egin zaituzte?
Baietz esango nuke, bi arrazoirengatik. Batetik, liga horietan jokatzeko beste era batzuk daude, eta horrek bestelako aukera batzuk ematen dizkigu. Bestalde, beste selekzioetako jokalariak hobeto ezagutzen laguntzen digu, eta hori ere garrantzitsua da.
Zure kasuan, azken denboraldietan Norvegiako Vipersen jokatu ostean, Danimarkako Odensen jokatuko duzu hemendik aurrera. Gustura zaude aldaketarekin?
Bai, oso pozik nago. Norvegian eman ditudan urteak zoragarriak izan dira. Pertsona moduan hazi egin naiz, baita jokalari moduan ere. Bizkorragoa naiz orain, fisikoki indartsuagoa, eta jokoa interpretatzeko gaitasun handiagoa daukat. Halako liga fisikoetan funtsezkoa da hori, are gehiago pibote moduan jokatuta, baloia bizkorrago mugitzen baita.
Pibotearen postua lehen baino garrantzi handiagoa hartzen ari da gaur egungo eskubaloian. Zuk ere hala dela sentitu duzu?
Bai, dudarik gabe. Bai defentsan, baita erasoan ere entrenatzaileek gero eta garrantzia gehiago ematen diote. Garai batean ez bezala, fisikoki jokalari arinagoak gara, eta gehiago mugitzen gara. Horrek aukera gehiago ematen die lehen lerroko jokalariei gurekin jokatzeko.
«Aurrena Joko hauetaz gozatu nahi dut, baina ederra litzateke hurrengoetan ahizpa biok egotea»
LYSA TCHAPTCHETEskubaloi jokalaria
Zure ahizpa gazteak ere, Lindyek, postu horretan jokatzen du. Gaur egun Bera Beran dago. Hemendik lau urtera Los Angelesen izango dira Jokoak. Amets egiten duzu han biak aritzearekin?
Aurrena Joko hauetaz gozatu nahi dut, baina ederra litzateke biak batera Joko batzuetan egotea. Izugarrizko denboraldia egin du Bera Beran, eta Ligako piboterik onena izendatu dute. Asko pozten naiz harengatik.
Fisikoki antz handia duzue. Baina jokoan zer alde ikusten dituzu bien artean?
Uste dut jokatzekoan hark patxada handiagoa duela nik baino. Oso ondo neurtzen du gauzak noiz egin, edozein pase jasotzeko gai da, eta kantxan ni baino adimentsuagoa dela uste dut. Nik, berriz, biziago jokatzen dut, kaotikoagoa naiz. Helduena izan arren, badut zer ikasia harengandik.
Multzoan bada beste euskal herritar bat: Maitane Etxeberria. Nola ikusten duzu?
Maitane funtsezko jokalaria da guretzat. Defentsan erabakigarria da, oso bizkorra baita, eta abila aurkariaren jokaldiei aurrea hartzen. Erasoan ere noiznahi hartzen du ardura.