Sena ibaiko urek harrabotsa eragiten jarraitzen dute. Atzo jakin zen Belgikako triatleta bat, Claire Michel, E-coli gaitzak kutsatuta dagoela. Michelek emakumezkoen proban hartu zuen parte, asteazkenean, eta lau egunez gaixo egon ostean, ospitaletik ere igaro da. Hala, Belgikako selekzioa erretiratu egin da, eta ez du parte hartu gaur jokatu den triatloi mistoan. Ezta Adrien Brifford australiarrak ere, gastroenteritisak jota baitago, Senan igeri egin eta gero.
Egun batzuetan entrenamenduak bertan behera geratu eta gero, eta gizonezkoen triatloia egun batez atzeratu ostean, probak asteazkenean jokatu ziren. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak, eta Parisko Udaleko ordezkariek berretsi zuten uretako bakterioen maila «arauzkoa eta ziurra» zela kirolarientzat. Baina jada agertu da kutsatutako kirolari bat. «Espero dut Munduko Triatloi Federazioak gertatutakoaz ikasi izana, hurrengo txapelketei begira. Kirolarien entrenamenduez, lehiaketa egunez eta proben formatuez asko hitz egiten dugu, baina gehiago hitz egin beharko genuke haiek lehiatzen diren eremuez. Ziurrak izan behar dute, kirolarien eta zaleen artean izan daitezkeen zalantzak uxatzeko», adierazi du ohar batean Belgikako Triatloi Federazioak.
Apustu politiko handia izan zen probak Senan egitea, eta gutxienez bederatzi urte egin dituzte antolatzen, Parisek Jokoak egiteko hautagaitza aurkeztu zuenetik. Amelie Oudea-Castera Frantziako Kirol ministroak atzo adierazi zuen gobernuak beti «garden» jokatu duela. Anne Hidalgo hiriko auzapeza, Marc Guillaume Parisko prefeta eta Tony Estanguet Jokoen antolakuntzako presidentea Senan sartu ziren uztailaren 17an, uraren kalitatea igeriketa probak egiteko bezain ona zela erakusteko. Baina orain egun batzuk jakin zen, Hidalgo eta beste kargudunak bainatu ziren egunean E. coli kopurua ez zela igeriketa baimentzeko modukoa —100 mililitroko 900 kolonia unitateren gainetik zegoen, Europako Batasunak ezarritako langa pasatuta—. Gaurko maratoi mistoan Alemania gailendu da, AEBak bigarren izan dira, eta Britania Handia hirugarren.