Irribarretsu atera da Begoña Lazkano piraguista pasaitarra Vares-sur-Marneko pistatik (Frantzia), baina zuhur mintzatu da: «Irribarretsu bai, finalerdietara pasatu naizelako, baina ez naiz bereziki ongi sentitu. Proba gogorra izan da». Goizean jokatu dute K1eko 500 metroko lehenbiziko kanporaketa, eta proba horretan lehenbiziko biak zuzenean sailkatu dira larunbateko saiorako. Lazkanok ez du lortu, baina goizean sailkatu ez direnek eguerdian jokatu duten final-laurdenetakoan bete du helburua. 30 urte ditu, eta lehenbizikoz parte hartu du Olinpiar Jokoetan, Rio de Janeirokoetara (2016) eta Tokiokoetara (2020) sailkatzeko huts egin ondoren. Ez da gaizki hasi.
Lazkanok bertze bortz piraguistari buru egin behar izan die finalerdietarako sailkatzeko. Seitik bortzek igaroko zuten langa, eta, lehenbiziko txandako jarduna kontuan hartuta, aukera handiak zituen gainditzeko. Sei horietatik Dominika Putto poloniarrak egin du denborarik onena lehenbiziko kanporaketan, eta final-laurdenetan ez du hutsik egin: hura atera da bizkorren, eta lehenbiziko postuan ailegatu da helmugaraino. Lazkanok, berriz, bigarren tokia hartu du erdiko erreferentzia gunera ailegatu aitzinetik, eta horrelaxe pasatu ditu lehenbiziko 250 metroak. Seguru zen: sei lehiakideetatik bat, Salman Soltani Errefuxiatuen Taldekoa, gibeleratua zen ordurako.
Azken 100 metroetan Ruth Vorsselman herbeheretarrak eta Beatriz Briones mexikarrak gainditu dute gipuzkoarra. «Jada barruan nintzela ikusi dut, baina nire entrenatzailearekin hitz eginda nuen gorputza behartu egin behar nuela. Ez dut erritmoa asko moteldu, baina neure buruari esan diot: ‘Hor zoaz'», adierazi du proba bukatu berritan.
«Lehenengo eguneko zailtasun hori kendu dut, eta uste dut gutxinaka hobeto sentituko naizela. Bi egun ditut atseden hartzeko, eta burua eta gorputza prestatzeko»
BEGOÑA LAZKANO Piraguista
Lazkanok goizean izan du finalerdietara pasatzeko lehenbiziko aukera, baina proba «gogorra» izan da. Ez zuen lan erraza, kontuan hartuta ur lasaietako piraguismoko izarrik handienetakoa eta urrea irabazteko faboritoa zuela txanda berean —Lisa Carrington Zeelanda Berrikoa: bortz urrezko dominaren eta brontzezko baten irabazlea Olinpiar Jokoetan, Zeelanda Berriko kirolari olinpikorik arrakastatsuena—, eta bi bakarrik sailkatzen ahal zirela. «Hemen mundu guztia da ona; beraz, kontuz ibili behar da», irri egin du Lazkanok. Carringtonek egin du eguneko marka: 1.48.51. Pasaiakoak 1.55.54koa egin du kanporaketan, eta 1.53.83 final-laurdenetan —laugarren helmugaratu da bi probetan—.
Lazkanok iragan maiatzean lortu zuen Jokoetarako sailkatzea, Szegeden (Hungaria) jokatu zuten Munduko Kopako proban. 1.49.50eko marka egin zuen. Kontuan hartu behar da K1eko 500 metrokoa ez dela anitzetan jorratu duen espezialitatea. «K1a bera, eta gainera Olinpiar Joko batzuetan izanda, ez da txantxa bat: puntu-puntuan egon behar da arraunketa guztietan, eta nik oso ondo egin behar ditut gauzak finalerdietan ondo aritzeko».
Goi mailako aurkariak
Finalerdia larunbatean jokatuko dute, 10:30ean. Txanda bakoitzeko zortzi piraguistetatik bi baino ez dira sailkatuko finalerako, eta Lazkanok goi mailako aurkariak izanen ditu. Bertzeak bertze: Tamara Csipes hungariarra —domina bat irabazteko faboritoetako bat—, lehen kanporaketako garaileetako bat —Linnea Stensils suediarra—, eta gaur 1.50.00 baino gutxiagoko markak egin dituzten hiru —Selma Konijn herbeheretarra, Anezka Paloudova txekiarra eta Michelle Russell kanadarra—. Hala ere, Lazkanori «konfiantza» eman dio sailkapenak. «Lehenengo eguneko zailtasun hori kendu dut, eta uste dut gutxinaka hobeto sentituko naizela. Bi egun ditut atseden hartzeko, eta burua eta gorputza prestatzeko».