Kirolari batek beti behar ditu erronka berriak. Entrenatzen eta lehiatzen jarraitzeko pizgarri izaten dira, egunerokoari ilusioz heltzeko erregaia. Olinpiar Jokoetan egotea izan du helduleku horietako bat Virginia Diaz arraunlariak (Astillero, Espainia, 1991) . Tokion lortu zuen aurrenekoz, eta oraingo honetan ere Parisen izango da. Baina beste desafio bat izango du: binaka aritu ostean, bakarka lehiatuko da oraingo honetan: scull kategorian. «Oso pozik eta ilusio handiarekin nago, erronka handia baita bakarrik lehiatzea», nabarmendu du. Bihar hasiko da lehiatzen.
Parisera iristeko bidea «diferentea eta gorabeheratsua» izan dela onartu du. «Batez ere, bakarrik aritu naizelako oraingo honetan. Aurretik ere aritua nintzen, baina ez halako maila batean». Tokioko Olinpiar Jokoen ostean egin zuen bakarka lehiatzeko urratsa. «Aspalditik buruan nuen zerbait zen, aurretik ere aritua nintzelako, eta gustuko nuelako». Erronka handia zen; batetik, bakarka lehiatzera egokitu behar zuelako, eta, bestetik, pandemia tarteko, Olinpiar Jokoen arteko tartea txikiagoa zelako: hiru urtekoa. «Normalean, Olinpiar Joko batzuen osteko urtea lasaiagoa izaten da, atseden apur bat hartzeko baliatzen dugu kirolariok. Hori nuen buruan nik ere, baina, azkenean, planak aldatu genituen».
Bakarka arraun egitera ohitu behar zuen. Izan ere, bada aldea binaka egitearekin. Diazek berak azaldu ditu desberdintasun nagusiak: «Pala batekin beharrean birekin aritzen zarela da nabarmenena, eta horrek sentipen desberdinak izatea dakar: gorputzaren jarrera, koordinazioa... Gainera, ni istriborrera eta lerro batera arraun egitera ohituta nengoen, eta orain ez da horrela. Bestalde, ontziaren maila edo oreka ere ezberdinak dira». Egokitzapen hori «apur bat» kostatu zitzaiola azaldu du. «Baina, egia esan, ederra da buruz buru lehiatzea».
Moldatzeko zailtasun horiek iazko Munduko Txapelketan antzeman zituen, Belgraden. «Txapelketak lau estropadetara izaten dira. Lehen biei ondo eutsi nien, oso ondo aritu nintzen. Baina hirugarrenean behera egin nuen, ezin izan nien erritmoari eta intentsitateari eutsi, eta ezin izan nuen Jokoetarako sailkapena ziurtatu». Muturrekoa izan zela onartu du. «Maldan gora ikusi nituen gauzak, aukera bakarra geratzen zitzaidalako sailkatzeko: Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko probak. Kale edo bale egin behar nuen. Baina bai nik, baita nire entrenatzaileak ere argi izan genuen egoera hura hazten jarraitzeko aukera baten moduan ikusi behar genuela».
«Maldan gora ikusi nituen gauzak. Baina bai nik, baita nire entrenatzaileak ere argi izan genuen egoera hura hazten jarraitzeko aukera baten moduan ikusi behar genuela» Virginia DiazArraunlaria
Sakon aztertu zituzten Munduko Txapelketako emaitzak, baita arraunean puntan dabiltzan herrialdeetan egiten den lana ere: Zeelanda Berria, Australia, Alemania, Herbehereak... Ondorio argi bat atera zuten: entrenamenduen bolumena eta intentsitatea areagotu behar zituzten. «Kilometro gehiago arraun egiten hasi ginen, eta serieen bolumena ere handitu genuen».
Horrek lan saioen ordura arteko egitura aldatzea ekarri zuen. «Hiru egiten hasi ginen, bat goizean goiz, beste bat eguerdian eta azkena arratsaldean». Fisikoki «gogorra» izan zela onartu du. Horrek, gainera, beste aldaketa bat egitera behartu zuen: Diaz erizaina da, eta Medikuntza ikasten ari da. «Erizaintza amaitu nuenean, erabaki nuen Medikuntza ikasten hastea, konturatu nintzelako gustuko nuela». Baina azken urte honetan «arreta osoa» kirolean jartzea erabaki zuen. «Orain arte, ahalegin handia eginez eta klasekideen eta irakasleen laguntzari esker, eta urtero ikasgai gutxi hartuta, teorikoenak eginez joan naiz. Baina Medikuntza ikasteak diziplina eta denbora asko eskatzen du, eta ezinezkoa zen Jokoen prestakuntzarekin jarraitzeko. Hau pasata, berriz helduko diot».
Emaitzak Luzernan (Suitza) iritsi ziren, Olinpiar Jokoetara sailkatzeko proban, jokatutako estropada guztiak irabazi baitzituen. «Hamabost parte hartzaile ginen, eta finalerako sei sailkatu ginen. Horietatik hiruk lortu genuen Parisen egotea. Azken estropadan nabaritu nuen txinparta gehiagorekin nengoela, eta hobeto eusten niola fisikoki. Horri esker lortu nuen garaipena».
Eremu haizetsua
Horrek «konfiantza handia» eman dio gaurtik aurrera izango duen erronkari heltzeko. «Lucernan bezala arraun egitea da helburua, eta estropadaz estropada nire onena ematea. Finalean egoteko borrokatuko gara, eta hor edozer gerta daiteke». Izan ere, arraunean badira eragina duten beste faktore batzuk; nagusienak haizea eta arraun egiteko kalea dira. Tokion, adibidez, nabarmen eragin zien alboko haizeak berak eta Aina Cidek osatu zuten ontziari, eta azken tokian amaitu zuten kategoriako finala, bi lemazainik gabe. Nahiz eta dominaren bat irabazteko hautagai ziren. Diploma olinpikoa eskuratu zuten.
Oraingo honetan ere traba hori izan dezake, zera azaldu baitu Parisko eremuaren inguruan. «Eremu nahiko haizetsua da hau ere, eta batez ere albotik jotzen du. Nire kasuan, nahiago izaten dut eremu bareago bat. Baina azken txapelketetan halako eremuak egokitu zaizkigu. Antolatzaileek, askotan, bestelako baldintza batzuk hartzen dituzte kontuan eremuak aukeratzeko orduan, eta moldatzea baino ez daukagu». Baikor da, eta gainera gustura da etxekoak ondoan izango dituelako. «Olinpiar giroa bizitzeko gogoz era banago, asko ikasten baita beste kirolariekin egunerokoan egonda».