Europako eta munduko txapelketetan egona zen Kauldi Odriozola eskubaloi jokalaria (Zumaia, Gipuzkoa, 1997). Orain, berriz, Olinpiar Jokoetan egoteko esperientzia bizitzen ari da. Azken egunera arte biziko du, gainera, txapelketaren une erabakigarrira iritsi baita Espainiako selekzioa. Gaur finalerdietako norgehiagoka jokatuko dute, Alemaniaren kontra (16:30). «Oso esperientzia diferentea, polita eta aberasgarria da; gainera, munduko kirolari onenekin partekatzen ari gara. Txapelketan lan ona egiteak ere laguntzen du, esperientzia osoa izan dadin. Izugarri pozik nago». Euskal Herriko beste bi jokalari ere badaude multzoan: Imanol Gartziandia eta Sergei Hernandez, hain zuzen ere.
Final-laurdenetan partida gogorra, sufritua eta estua jokatu behar izan zuten, herenegun, Egiptoren kontra. Luzapenean irabazi zuten: 29-28. «Fisikoki nekatuta gaude, gogorra baita bi egunetik behin jokatzea. Hamabi egunean zazpigarren partida jokatuko dugu. Baina mentalki gogotsu eta indartsu gaude». Alemaniak ere luzapenean lortu zuen aurrera egitea. Askorentzat ezustekoa izan zen, Frantzia utzi baitzuen kanpoan. Etxean jokatuta, eta duen jokalari multzoa kontuan hartuta, hautagai nagusietako bat zen hiru dominetako bat kolkoratzeko. Txapelketa barrutik bizita eta aztertuta, ordea, Odriozolarentzat ez da horren ustekabekoa izan Alemania finalerdietan egotea. «Frantzia ez zen ondo aritu multzoen fasean. Laugarren sailkatu zen bere multzoan; Alemania, berriz, lehena izan zen gurean. Oso txapelketa ona egiten ari da».
«Harro egoteko modukoa da Zumaia bezalako herri batek bi kirolari izatea Jokoetan. Askok idatzi didate egiten ari naizen lanarengatik zoriontzeko»
KAULDI ODRIOZOLAEskubaloi jokalaria
Multzoen fasean, Alemaniaren kontra bi golen aldeaz galdu zuten: 33-31. Azken hamar minutuetan ez zuten golik sartu, eta hor egin zien ihes partidak. «Gure aukerak izan genituen, baina haien atezaina bikain aritu zen». Partida hura aztertu ostean, hauek izan daitezke, Odriozolaren ustez, finalerdia irabazteko gakoak: «Haiek oso talde fisikoa dira, eta halako neurketak nahi izaten dituzte. Hori da haien indargune nagusia. Horrenbestez, defentsan sendo egon beharko dugu, eta ea gure atezainek ere asmatzen duten. Gure euskarri nagusietakoak dira». Erasoan egin beharko duten lanaz ere mintzatu da. «Pazientziaz jokatu behar dugu, aukera aproposak bilatu, eta, batez ere, kontuz ibili behar dugu baloirik ez galtzeko».
Bera egiten ari den lanarekin gustura dago. «Hasieran ez nuen hainbeste jokatu, baina azken partidetan gehiago ari naiz parte hartzen, eta uste dut nahiko ondo ari naizela. Gol batzuk ere sartu ditut». Zumaian gertutik ari dira erreparatzen haren jardunari. «Etxekoak lehen partidan egon ziren, eta orain ere etorriko dira. Herriko jende askok idatzi dit zoriontzeko, egiten ari naizen lanarengatik. Pozgarria da. Pulpotik eta Bidasoatik ere jaso ditut mezuak». Tokion Iñigo Peña egon zen, eta Parisen Zumaiako bi kirolari aritu dira: bera eta Janire Gonzalez Txabarri surflaria. «Harro egoteko modukoa da gurea bezalako herri batek bi kirolari izatea Olinpiar Jokoetan».
Astialdian, musean
Estreinakoz ari da Odriozola Olinpiar Jokoetan, eta, halakoetan, kirolariak gogotsu egoten dira olinpiar hiria eta bertako giroa ezagutzeko. Horretarako aukera izan du. «Gehien harritu nauena telebistan ikusten ditudan izar horiek alboan bazkaltzen ikustea izan da: adibidez, Simone Biles».
Hainbat kirolari kexu izan dira bertan izan den jatekoaren inguruan. «Egia da lehen egunetan jantokian ilara luzeak zeudela, leku gutxi, eta janaria falta zela. Hurrengo egunetan hobetuz joan zen egoera, eta azken egunetan ez da arazorik egon». Gainontzean, berak ez du kexurik. «Zortziko apartamentuetan egon gara. Esperientzia ederra izan da, eta multzoa sendotzeko ere balio izan du». Orain Lillen (Frantzia) daude, bertan jokatu baitira final-laurdenak, finalerdiak eta finala. «Hemen lasaiago gaude». Denbora librean zer egiten duten ere azaldu du: «Musean aritzen gara ia gauero».