Olinpiar Jokoak

Atlanta eta Paris gerturatu nahi ditu

Salma Solaun gimnasta estreinakoz arituko da gaur Olinpiar Joko batzuetan. Mugarriz mugarri egindako bidea izan da, eta diziplina oinarri izan duena. «Fisikoki eta mentalki, egunerokoa gogorra da, baina ohitu egiten zara, eta ondo eraman dut».

Salma Solaun atleta ariketa bat egiten aurtengo Munduko Txapelketan. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE
Salma Solaun atleta ariketa bat egiten, aurtengo Munduko Txapelketan. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko abuztuaren 9a
05:05
Entzun

Elkarrengandik urruti daude Atlanta (AEB) eta Paris. Ozeano batek eta kontinente batek bereizten dituzte, milaka kilometrok. Baina Euskal Herriko kirolariek Olinpiar Jokoetan egindako bidean, uste baino gertuago egon daitezke hemendik aurrera. 1996an Lorena Gurendez, Estibalitz Martinez eta Tania Lamarca gimnastek urrea kolkoratu zuten Atlantan, taldeka; oraingo honetan, Frantziako hiriburuan, Salma Solaun (Gasteiz, 2005) da horretarako aukera izan dezakeena. Gurendez, Martinez eta Lamarca bezala, Gasteizko Beti Aurrera klubaren harrobiko beste gimnastetako bat da, eta 2020. urtetik mugarriak ezarriz joan da Parisera iristeko bidean. «Gogoz nago nire txikitako ametsa betetzeko. Orain gutxi arte, Jokoetan erabiliko dugun arropa aurkeztu arte, ez nintzen hasi horretaz jabetzen», nabarmendu du. Gaurtik aurrera, Porte de La Chapelle Arenako tapizean egia bihurtuko du. «Niretzat, Lorena, Estibalitz, Tania eta Almudena Cid bera erreferente izan dira. Ez nituen lehiatzen ikusi, baina maiz aritu naiz haien bideoak ikusten. Haiek bezala Olinpiar Joko batzuetan egotea izugarria da, eta zer esanik ez domina bat lortzeko borrokan egotea».

Solaun oso txikia zela hasi zen gimnastika egiten: 3 urterekin. «Ez nintzen geldirik egoten, eta gurasoek apuntatu egin ninduten». Igeriketa eta patinajea ere egin zituen. Baina bat aukeratu behar izan zuenean, gimnastikaren alde egin zuen. «Gehien gustatzen eta betetzen ninduena zen. Argi izan nuen». 9 urterekin hasi zen lehiatzen, eta handik urte batzuetara jaso zuen Espainiako selekzioko multzoaren parte izateko deia. Hasieran, bakarka aritzeko izan zen. Deialdi horrekin batera, ohikoa izaten da goi errendimenduko zentroetako batera joateko proposamena.

Baina Solaunek nahiago izan zuen Gasteizen geratu. «Eroso nengoen bertan entrenatzen, Abetxukuko kiroldegian». 2020an egin zuen Madrilera joateko urratsa. Hori izan zen aipatutako mugarrietako bat. «15 urte besterik ez nituen, eta ez da erraza etxetik urrun joatea. Baina gimnastikak erakusten dizkizun balioak, batez ere diziplina, oso baliagarriak egin zitzaizkidan. Gainontzean, oso zaila da hain gaztea izanda etxetik urrun egotea, eta goi mailako kirola eta ikasketak uztartzea».

Beste mugarria urtebete geroago iritsi zen: belaunean min hartu zuen, eta, ebakuntza osteko prozesuan, bakarka lehiatzeari utzi, eta taldeka egiten hastea erabaki zuen. «Buruan nuen zerbait zen. Hautatzaileari esan nion, eta baiezkoa eman zidan. Uste dut aldaketa horri esker nagoela Parisen». Askok pentsatuko dute bakarka arituta presioa eta ardura handiagoa dela. Baina, askotan gertatzen den moduan, usteak erdi ustel. Hala azaldu du, behintzat, Solaunek. «Bakarka huts egiten duzunean, zuri bakarrik eragiten dizu. Taldeka egiten duzunean, berriz, multzoari. Horrek zama handiagoa sortzen dizu».

Urte hauetan emaitza paregabeak lortu dituzte. 2022an brontzezko hiru domina irabazi zituzten Sofian jokatutako Munduko Txapelketan. Lorpenak, gainera, beste sari potolo bat izan zuen: Pariserako sailkapena. «Ez genuen espero. Bi urteko aurrerapenarekin sailkatzeak asko lagundu digu prestakuntzan, patxada eta zehaztasun handiagoz egin ahal izan baitugu».

Iaz, bestei bi domina erdietsi zituzten. Valentzian (Herrialde Katalanak) izan zen, baita Munduko Txapelketan ere. Brontzezkoa izan zen bat, eta zilarrezkoa bestea. Aurten, hiru domina eskuratu zituzten apirilean, Budapesten, Europako Txapelketan: urrezko, zilarrezko eta brontzezko bana. «Jokoetarako konfiantza handia eman digu. Oso lan ona eta zehatza egin genuen, eta jabetu ginen onenen pare aritu gintezkeela. Gainera, indarra eman zigun Jokoen prestakuntzaren azken txanpari heltzeko».

«Niretzat, Lorena [Gurendez], Estibalitz [Martinez], Tania [Lamarca] eta Almudena Cid bera erreferente izan ziren, eta haiek bezala Olinpiar Joko batzuetan egotea izugarria da, zer esanik ez domina bat lortzeko borrokan egotea» SALMA SOLAUNGimnasta

Orain, Jokoetan jarri nahi diote ginga lan on horri. Bi ariketa egingo dituzte: bat bost uztaikoa, eta bestea mistoa. Azken horretan hainbat tresna erabiliko dituzte: zinta, baloia, mazoak... Horiekin, larunbateko finalean egon nahi dute. Uztaien kasuan, aldaketa txiki bat egin dute. «Beste estilo bat eman nahi izan diogu. Horretarako, musika apur bat bizkorragoa aukeratu dugu. Horrek ariketa zailagoa izatea dakar, baina, aldi berean, aukera handiagoa ematen digu dugun indarra erakusteko. Hori da gure ezaugarri nagusietako bat. Mistoaren kasuan, bakearen aldeko mezu bat zabaldu nahi dute, Ukrainari eta Palestinari keinu bat eginda. Ariketa horretan, John Lennonen Imagine eta Fast & Furious filmeko musika uztartuko dituzte. «Horretan ere moldaketak eginez joan gara, zailtasuna handitzeko».

Hilabeteetako lana

Denbora dezente daramate bi ariketak prestatzen. Zehaztasuna eta perfekzioa dira gimnastikaren bi ezaugarri nagusiak. Eguneroko betea izaten dute: «Goiz eta arratsaldez entrenatu gara. Hasteko, balet, luzamendu edo beroketa ariketak egin ditugu, ordubetez. Tokatzen zena. Gero, ariketak entseatuz joan gara. Txandaka egin dugu: egun batean mistoa, eta bestean bost uztaiena. Egun batzuetan hamar ordu baino gehiago entrenatu gara, batez ere ariketak prestatzen hasi ginenean. Orain, berriz, Jokoei begira, karga txikiagoa izan da: sei-zortzi ordu inguru». Tresnen artean, zinta da gehien gustatzen zaiona. «Zailena da, baina, aldi berean, ederrena».

Fisikoki egunerokoa gogorra dela onartu du. «Azken batean, gorputza muturreraino eramaten dugu, eta ohikoa izaten da tokiren batean min izatea. Baina ohitu egiten zara. Mentalki ere asko eskatzen du, baina, psikologoari esker, arlo hori ere ondo daramagu. Urrutira ez begiratzen erakutsi digu, arreta eguneroko helburuetan jartzen. Gainera, egunerokoa ahalik eta dibertigarriena eta arinena egiten saiatzen gara elkarrekin. Oso batuta gaude».

Europako Txapelketako emaitzen ostean, dominaren bat lortzeko hautagaien artean daude. «Hori nahiko genuke». Pronostiko bat ere egin du: «Bulgaria, Italia, Israel eta Txina ere oso boskote indartsuak dira. Uste dut bosten artean erabakiko direla hiru dominak. Konfiantzaz irten behar dugu. Gure onena ematen badugu, ezin diogu geure buruari ezer leporatu. Aurkaria zoriontzea baino ez zaigu geratuko». 

Baina gimnasta batek tapizean egiten dituen urteak ez dira asko. Hori dela eta, etorkizunean ere ari da pentsatzen Solaun. Ingeniaritza matematikoa ikasten ari da. «Dena den, aurten albo batera utzi ditut ikasketak, arreta osoa Jokoetan jartzeko». Haatik, ez du denbora galdu. Entrenatzaile izateko ikastaroa egin du, eta ingelesa ere ikasten aritu da. «Ikasketek egunerokoa ahazten laguntzen dizute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.