Olinpiar Jokoak

Asier Martinezek Tokion egindakoa du helduleku

2023a lehiatu gabe eman zuen Asier Martinezek, gorabehera fisiko eta mentalak tarteko. Baina bihar lehen urratsa egin nahi du 110 metroko hesidunen finalean egoteko. Iker Alfonso atletak nabarmendu egin du denbora honetan egin duen lana.

Asier Martinez hesi jauzilaria, egindako ahaleginetik osatzen proba baten ostean. ADAM VAUGHAN / EFE
Asier Martinez hesi jauzilaria, egindako ahaleginetik osatzen proba baten ostean. ADAM VAUGHAN / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko abuztuaren 3a
05:10
Entzun

Asier Martinez hesi jauzilariak (Iruñea, 2000) loria dastatu zuen Tokioko Olinpiar Jokoetan, 2021ean. Txapelketa ikusgarria egin zuen, eta seigarren amaitu zuen 110 metroko hesiduneko finalean. Diploma olinpikoa eskuratu zuen. Gainera, ordu arteko bere markarik onena egin zuen: 13,22 segundo. Esne mamitan zegoen. Balentria olinpikoak hauspotuta, hurrengo urtean Europako txapeldun izan zen. Txiki utzi zuen Tokioko marka: 13,14 egin zuen. Baina orduan hasi zen haren gurutze bidea. Fisikoki eta mentalki gorabehera dezente izan zituen, eta urtebete eman zuen lehiatu gabe. Kirolaren alderik «mingotsena» bizi izan zuela onartu zuen Martinezek berak, elkarrizketa batean. «Burbuila batean bizi izan naiz. Naizena baino hobea naizela sinestarazi didate, eta hori oso arriskutsua da kirolari batentzat».

Iazko abenduan itzuli zen, baina emaitzei erreparatuta, sasoi onenetik urrun dago. 13,29 segundo da aurten egin duen markarik onena. Pista estaliko Munduko Txapelketan finaletik kanpo geratu zen 60 metrokoko hesidunean, finalerdietan epaileek baliorik gabe utzi baitzuten haren irteera.

Ekainean, berriz, laugarren izan zen Europako Txapelketan, 110 metroko hesidunean. Duela hilabete jokatutako Espainiako Txapelketan, aldiz, bigarren sailkatu zen. Ez dira emaitzarik onenak Olinpiar Jokoei heltzeko. Bihar, 11:50ean, sailkapen proba izango du. Aurrera egitea lortzen ez badu, asteartean, 10:50ean, bigarren aukera bat edukiko du. Finalerdia eta finala, asteazkenean (19:05) eta ostegunean (21:45) jokatuko dira, hurrenez hurren. 

Gorabeherak gorabehera, Iker Alfonso (Uztarroze, Nafarroa, 1999) baikor da. Hesi jauzilaria da bera ere, eta Martinezen laguna. «Ni itxaropentsu nago. Ez dago duela bi urte lortutako emaitzak lortzen ari. Baina aldea ez da horren handia. Gainera, balio duena orain egingo duena da. Fisikoki oso ondo ikusi dut, eta mentalki ere ondo prestatu da onena emateko».

«Egia da ez dagoela duela bi urteko emaitzak lortzen ari. Baina fisikoki ondo ikusi dut, eta mentalki ere ondo prestatu da bere onena emateko. Itxaropentsu nago» IKER ALFONSO Atleta eta Asier Martinezen laguna

Alfonsoren arabera, Tokion egindakoak izan behar du Martinezen heldulekua: «Orduan ere marka 13,20 pasatxokoa zuen, eta begira azkenean zer egin zuen. Lehiatu zen hiru aldietan marka hobetu zuen». Gainera, argi du: Martinez 2021ean baino atleta hobea dela orain: «Orduan 20 urte besterik ez zituen, eta orain, 24. Askoz hobeto ezagutzen du bere gorputza, arreta gehiago jartzen du atsedenean eta elikaduran... Modu profesionalagoan bizi du atletismoa. Hori beti da onerako».

Azkenaldian Martinez lortzen ari den emaitzetan eragina izan du urtebete lehiatu gabe egoteak, Alfonsoren ustez. «Goi mailako kirolean denbora asko da hori. Lehiatzeko eta bete-betean entrenatzeko ohitura galtzen duzu, eta sasoi fisikoa eta teknikoa berreskuratzea kosta egiten da. Are gehiago halako proba motz batean. Akats txikiena ere ordaindu egiten da, eta aurrean edo atzean egotea alde oso txiki batek erabakitzen du».

Fisikoa eta teknika elkar hartuta doaz jauzilari baten jardunean, eta bietako bat hankamotz egonez gero ordaindu egiten da. «Zuk teknika lantzen duzu, abiadura betean egiteko. Beraz, fisikoki %100ean egon beharrean, %80ean bazaude, keinuetan, koordinazioan eta erreakzioetan nabaritu egiten da». Martinezek badaki atzetik aurrera egiten: «Hain lasterketa bizian, amaieran teknikari eustea zailagoa da fisikoki ondo ez bazaude. Lortzen badu, lan ona egingo du».

Konfiantzaz aritzearen garrantzia

Martinezek arreta osoa lasterketa bakoitzean jarri behar duela nabarmendu du, orain artekoari begiratu gabe. «Gakoa konfiantzaz aritzea izango da, zalantzak alde batera utzi, eta aurkariei ez erreparatzea». Kezka horietako bat izan daiteke baliorik gabeko irteera bat egitea; denboraldi honetan hirutan gertatu zaio. «Nahiago nuke hala ez izatea, baina eragiten dizu». Lehiatzeko eta gauzak ondo egiteko izan dezakeen grinak ba al du eragina horretan? «Zaila da hori erantzutea, muga hori apur bat arbitrarioa delako. Aipatutakoa faktore bat izan daiteke, baina beste asko ere egon daitezke». 

Kezka horiek alde batera utziko dituela ziur dago. «Beti izan duen lehiatzeko grina eta gogoa berreskuratu dituela uste dut. Iaz, nahiz eta fisikoki arazoak izan, sekulako lana egin zuen, eta aurten ere bai. Ez da erraza hori lehiatik, pistatik, kanpo zaudenean».

Martinez fokuetatik aldendu da azken bi urteetan, eta hori ere aipatu du Alfonsok.  «Ulertzekoa da. Bere espazioa bilatu nahi izan du, egunero gauza berdinen inguruan hitz egiten aritu behar izatea nekagarria da; are gehiago, momentu zail batean zaudenean. Zeure burua babesteko modu bat ere bada»

Lehia polita espero du, eta urrea irabazteko izen bat aipatu du: Grant Holloway estatubatuarra. Tokion ihes egin zion urreak; Hansle Parchment jamaikarrak aurrea hartu zion. «Arantza hori atera nahiko du, eta,, gainera, sekulako denboraldia egiten ari da». Sasoi bikainean iritsi den seinale, Jokoetarako sailkatzeko AEBetako probetan lehena izan zen. 12,86ko marka egin zuen, munduko markatik sei ehunenekora. 

Inoizko lasterketa bizkorrena izan zen orduko hura, bigarren eta hirugarren sailkatuak ere —Freddie Crittenden eta Daniel Roberts— 13 segundotik jaitsi ziren: 12,93 eta 12,96. Laugarrenak, Corden Tinchek, 13,03 egin zuen. Aurtengo lau marka onenak dira.  «Lasterketa bakoitzean gozatzen ikusten zaio [Hollawayiri], eta zaleak gozarazten. Ikuskizun izugarria eskaintzen du».

110 metro hesidunetan abiadura gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dela nabarmendu du Alfonsok. «Orain gutxi arte, irteeratik lehen hesira zortzi pausotan iristen ziren atleta onenak; orain, berriz, zazpitan. Horrek eskatzen du indar eta abiadura handiagoa izatea hankak kokatzeko garaian. Ez da erraza lortzea, baina, eginez gero, abantaila lortzen duzu datorrenari begira».

Alfonso ez da Parisen izango. «Nahiko nuke, baina sarrerak oso garestiak ziren. Telebistatik ikusiko dut».  Gozatu egiten du Martinez ikusten, baina sufritu ere bai. «Azken batean, laguna dut, eta egunerokoan egiten duen lana ikusi dut». Gomendio bat eman beharko balio, hau esango lioke: «Gozatu dezala, bigarrenez amets bat betetzera doalako, eta lan asko egin duelako hori lortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.