Asier Martinez Olinpiar Jokoetako 110 metroko hesidunen finalerdietan lehiatuko da bihar Frantziako Estadioan (19:05), eta «presioa kendu» kendu du gainetik. Herenegun sailkapena lortu ez zutenek bertze aukera bat zuten gaur finalerdietan egoteko; txanda bakoitzeko bi onenak sailka zitezkeen, eta Martinezek bigarren postuan bukatu du berea, 13.46ko markarekin. John Cabangek ere gaur zuen bigarren aukera, baina atera aitzinetik erretiratu egin da, min hartu baitzuen igandeko sailkapen proban.
Freddie Crittenden estatubatuarrak irabazi du lasterketa; lehenbiziko kaletik atera da, eta aitzina hartu du hasieratik. Martinezek gibeletik aitzinera egin du, baina erdialderako Crittenden ez bertze atleten artean burua hartzea lortu du. «Aurreko lasterketetan presio hori sentitzen nuen irteerarekin. Aurreko seriean ikusi zen bazegoela irteeran koxka bat erreakzio horrekin, eta aurten ere egokitu izan zait erreakzio horrekin lehiatzea». Martinezen ustez, «agian gehiegi» pentsatu du irteerako faktoreei buruz, baina gaurkoan «ezberdina izan da».
Igandeko sailkapen probaren aitzineko beroketan «ondo» sentitu zen zizurtarra, baina lasterketa «oso txarra» egin zuen, eta ez da ongi sentitu ordutik, «presioarengatik».
Finalerdietako helburuak: gozatzea eta «lehiatzea»
Ehuneko batean hobetu du igandeko marka, eta aldartea arrunt aldatu zaio. «Erabat. Igandean pasatu behar nuen atleta nintzen, eta ez nuen egin. Gaurkoan pasatu naiz, eta bihar ez da niregan egonen arretagunea; besteengan egongo da, eta ikusiko dugu nola erantzuten duten haiek». Gozatzea du helburu, eta «lehiatzea». «Ondo sentitzen naiz, uste dut borrokatu naitekeela».