Igeriketa da Olinpiar Jokoen ikurretako bat. 1896an Atenasen egindako lehen aldian abiatu zen kirol horren ibilbide olinpikoa, eta, ordutik, arreta eta ikusmin handia sortu du —1908az geroztik igerilekuan egiten dira—. Parisko aldia ere ez da salbuespena izango. Horren adibide da proba nagusietako sarrerak salgai jarri orduko saldu izana. Zaleek atsegin dute, eta nabari da hori. Ez hori bakarrik: entzute handiko modalitatea da igerilekuan egiten dutena, eta, ondorioz, bestelako diziplinetan aritzen diren atleta ugari biltzen dira probak ikustera, ikuskizun egarriz. Aurten, Parisen aldirietako Nanterre hirian egingo dituzte proban, La Defense Arena pabiloian.
Hara biltzen diren guztiek izango dute zer gozatua. 2024ko Olinpiar Jokoek igeriketa estaliko 34 ekitaldi izango dituzte; hamazazpi gizonezkoetan, eta hamasei emakumezkoetan, eta lehiaketa misto bat. Haatik, bera da gizon eta andre kopurua: 896 parte hartzaileetatik 448na dira. Proba guztiak bihartik abuztuaren 4ra jokatuko dituzte uretara jauzi egingo duten izarrek.
Estatu Batuetako ordezkaritza izan zen Tokio 2020ko loriatsuena, 30 domina eskuratuta. Haien atzetik, Australia eta Erresuma Batua sailkatu ziren. Oraingoan ere, estatubatuarrak dira podiumetara igotzeko hautagai nagusiak.
Katie Ledecky
Katie Ledecky (Washington, 1997) da domina gehien eskuratzeko hautagaietako bat. Estatubatuarra itzal handiko kirolaria da bere herrialdean, eta horren erakusgarri da azken unera arte talde olinpiarraren banderari izateko hautagai izan dela, Lebron Jamesekin eta Simone Bilesekin batera. Azkenerako, James saskibaloi jokalari entzutetsua izan da hautatua.
Nolanahi ere, Ledecky garaikur gehien eskuratu dezaketenen zerrendan dago. Bere ibilbidea du horretarako berme. Londresko 2012ko Olinpiar Jokoak izan ziren Ledeckyren lehendabizikoak, artean 15 urte zituela. Urre olinpikoa jantzi zuen urte hartan bertan, 800 metroko proban, baita AEBetako marka berria ezarri ere: 8.14,63.
Ordutik aurrerakoa mito baten zizelkatzea izan da. Munduko hamasei errekor ezarritakoa da, eta Munduko Txapelketen historian domina gehien duen igerilaria (26), baita bakarka jantzitakoei dagokienez ere (hamasei). Azken hori, Michael Phelps bere haur garaiko idoloaren marka gaindituta (hamabost). Gainera, hiru Olinpiar Jokoetan hartu du parte —Londresen, Rio de Janeiron eta Tokion—, eta hamar domina jantzi ditu orotara, urrezko zazpi tartean. 200 eta 1.500 metro arteko distantzia guztietan gailendu da, baina oraindik marka gehiago hautsi ditzake.
Ledeckyk urre bat irabazten badu, emakume estatubatuar batek sekula eskuratu duen kopururik handiena izango du, zortzi, Jenny Thompsonekin berdinduta. Bi lortzen baditu, igeriketan gehien duen emakumea izango da, eta, hiru urrerekin, Olinpiar Jokoetako kirol guztiak kontuan urre gehien duen emakumezkoa izango da. Agerikoa denez, izar nagusia da: 200, 400, 800 eta 1.500 metrokoetan ariko da, baita 4x200 txandakakoan ere.
Caeleb Dressel
Ledecky bezala, AEBen ordezkaria da Caeleb Dressel ere (Florida, AEB, 1996). Pariskoak hirugarren Olinpiar Jokoak izango ditu, eta grina handiz ekingo dio lehiari. Orain baino lehen, Rio de Jaineron eta Tokion hartu zuen parte, orotara zazpi domina bilduta, guztiak ere urrezkoak. Brasilen 4x100 txandakakoan jantzi zituen bi dominak; bata tximeleta estiloan, bestea proba konbinatuan.
Ordea, 2021ean Tokion jokatutako lehiak zabaldu zion kirolaren Olinpoko atea: ekitaldi berean bost urrezko domina eskuratuta, hori lortu duten igerilarien zerrendan sartu zen. Aurrez, Phelpsek eta Mark Spitzek soilik lortu zuten hori. Dresselek estilo libreko 50 eta 100 metrokoetan, tximeleta estiloko 100 metrokoan —munduko errekorra ezarri zuen (49.45)—, eta estilo libreko nahiz txandakako 4x100ekoetan lortu zituen garaipenak. Azken horretan, marka olinpikoa ezarrita.
Haren gaitasunaz jakitun, Dressel garaipen sorta bat eskuratzeko hautagaia da Parisen ere, baina aurtengo lehiarako bidea ez du erraza izan. Buru osasunarekin lotutako arazoek kolokan jarri dute haren parte hartzea. Tokioko Olinpiar Jokoen aurretik atsedenaldi bat hartu zuen, eta, haien ondoren, beste bat. Gerora adierazi zuenez, garai hartan antsietatea izan zuen lehendabizi, eta depresioa gero. Gehiegizko presioaren ondorio, alboratu egin zuen lehiaketa.
2022an Budapesten jokatutako Munduko Txapelketa jokoan zela, bertan behera utzi zuen bere parte hartzea, 50 eta 100 metroko probak irabazi ostean. Gaitzak berriz erasan zion, eta zortzi hilabete egin ditu lehiatu gabe, harik eta berrosatu eta uretara itzuli den arte. Trials deitutako AEBetako probatan sailkatuta, bere herrialdea ordezkatuko du tximeleta estiloko 100 metrokoan eta estilo libreko 50 metrokoan, eta baita tximeleta estiloko, estilo libreko eta txandakako 4x100ekoetan ere.
Ariarne Titmus
Ledecky eta Dressel gazteak badira, oraindik gazteagoa da Ariarne Titmus (Launceston, Australia, 2000). Emakumezkoetan Ledeckyren oinordeko eta aurkari izango bide den kirolariak 23 urte besterik ez du, eta bigarrenez ariko da Olinpiar Jokoetan. Tokioko esperientzia baliatu nahi du orain arteko lorpen bikainak hobetzeko.
Estilo librean zaildutako igerilaria da, eta aurreko aldian lau domina eskuratuta ailegatu da Parisera: urrea 200 eta 400 metrokoetan, zilarra 800 metrokoan, eta brontzea taldekako 4x200 txandakakoan. Hain justu ere, Ledecky eta beste zenbait kirolariren aurkako finalean lortu zituen estreinako bi urrezko dominak, eta bereak dira distantzia horietako munduko markak ere. Berriki, ekainean lortu zuen 200 metrokoa ontzea (1.52,23), Australiako ordezkaritza hautatzeko proben barruan.
Aurrez, olinpiar zikloan eten bat egin behar izan zuen Titmusek. Iazko irailean ebakuntza egin zioten, obulutegi batean lau zentimetroko bi tumore aurkitu ondotik. Laster osatu zuen errekuperazio aldia, eta berehala ekin zion prestaketari. Azken emaitzei erreparatuta, sasoi betean ailegatuko da.
Emma McKeon
Ibilbide luzeagoko kirolaria da Emma McKeon (Wollolong, Australia, 1994). 30 urteren langa gaindituta, bere hirugarren Olinpiar Jokoei ekingo die Parisen. Aurreko bi aldiak kontuan hartuta, 11 domina eskuratu ditu orotara: urrezko bost, zilarrezko bi, eta brontzezko lau. Rioko estreinaldian lortu zuen lehen urrea, estilo libreko 4x100 txandakakoan. Tokioko lehian handitu zuen garaipen zerrenda, estilo libreko 50, 100, 4x100 eta proba konbinatuaren 4x100 metrokoa irabazita. Horri guztiari esker, 2021eko igerilari onena izendatu zuen Nazioarteko Igeriketa Federazioak.
Aurrez, Munduko Txapelketan garaikur sorta handia pilatutakoa da, hamazapi domina bildu baititu azken hamar urteetan. Parisen marka bat ezartzeko aukera du McKeonek: emakume batek igeriketan duen olinpiar domina kopuru handiena berdindu dezake (hamabi). Domina bakarrera du helburua lortzea.
Proba nagusiak
Igerilari horiek eta beste zenbait ariko dira uztailaren 27tik abuztuaren 4ra jokatuko dituzten probetan. Igeriketako final nagusiak izango dira egun guztietan. Estreinako egunean, bihar, estilo libreko 400 eta 4x100 metrokoak; igandean, gizonezkoen bakarkako 400 metroko konbinatua, emakumezkoetan tximeleta estiloko 100 metrokoa, eta gizonezkoetan bular estiloko 100 metrokoa.
Astelehenean eta asteazkenean jokatuko dute finalik gehien, bost guztira. Asteartean eta ostiralean hiru urre jarriko dituzte jokoan, ostegunean eta larunbatean lau, eta azken egunean finalak soilik jokatuko dituzte. Hain zuzen ere, emakumezkoen 50 metrokoan, gizonezkoen 1.500ekoan, eta bi kategoriatako lau estiloko 4x100 metrokoan.
SENA, KEZKA ITURRI
Igeriketa estalikoak ez ezik, ur zabaletako probak ere jokatuko dituzte Parisko Olinpiar Jokoetan. Sena ibaian egingo dituzte, beste zenbait modalitaterekin batera, eta erabaki horrek harrabotsa sortu du jokoen atarian. Anne Hidalgo alkateak ziurtatu du «baldintza egokietan» egongo dela ibaia, eta bainatu ere egin da aurreko egunetan. Zenbait kirolarik, ordea kezka agertu dute kutsadurarengatik, eta herritarrek protestak egin dituzte eremua egokitzeko erabilitako dirutzagatik. Halaber, talde ekologistek salatu dute ibaia garbitzeko erabilitako produktuek «arriskuan» jarri dituztela uretako bizidunak.