Arrastoa utzi dute

10.500 atleta inguru lehiatu dira Parisko Olinpiar Jokoetan. Denek eman dute beren onena, baina horietatik batzuk izan dira benetako distira egin dutenak. Haietako askok orain arte gaindituak ez ziren mugarriak ezarri dituzte.

Armand Duplantis urrezko domina ospatzen. JULIO MUÑOZ / EFE
ainara arratibel gascon
Paris
2024ko abuztuaren 13a
05:05
Entzun

Armand Duplantis
Markak eta ikuskizuna

Bazirudien ziurra zela hark urrea irabaztea. Baina, ohikoa duen moduan, Armand Duplantis pertika jauzilaria ikuskizuna emateko asmoz irten zen Stade Francera abuztuaren 5ean. Tokion lortutakoaren ostean, lehenbizi urrezko domina ziurtatu zuen. 6,00 metroko jauzia eginda lortu zuen hori. Ordu arte pertika jauzilari bakarrak zituen irabaziak urrezko bi domina Olinpiar Jokoetan: Bob Richard estatubatuarrak. Sergei Bubbkak berak ez zuen halakorik lortu. Baina estadioan bildutako 80.000 ikusleek gehiago merezi zuten, eta Duplantisek eman egin zien. 6,10 metroan jarri zuen hurrengo jauziaren langa. Aise gainditu zuen, eta, hala, txiki utzi zuen ordu arteko marka olinpikoa. Thiago Brizek zeukan marka hori. Brasildarrak 6,03 egin zuen salto 2016an, Rion. Horrekin konforme ez, eta 6,25eko salto batekin munduko marka ezarri zuen. Aurrekoa berea zen: 6,24. Bederatzigarren aldia zen munduko marka bat ezartzen zuela. «Saiatzea dibertigarria izan zitekeela pentsatu dut, eta lortu dut. Oso pozik eta hunkituta nago», esan zuen, balentria egin ostean.

Simone Biles gimnasta

MOHAMMED BADRA / EFE

Simone Biles
Onena eta gizatiarrena

2020ko Olinpiar Jokoetan buruko osasun arazoengatik hainbat probatan ez parte hartu ostean, Simone Biles gimnasta gorenera bueltatu da Parisen. Lau domina lortu ditu: hiru urre eta zilar bat. Hala, 11 domina olinpiko ditu: zazpi urre, zilar bat eta hiru brontze. Parisen, lehen urrea taldekakoan lortu zuen; bigarrena, bakarkakoan; eta hirugarrena, saltokoan. Haren jarduna ikusgarria bezain distiratsua izan zen, perfektua. Lurrekoan zilarra kolkoratu zuen, bi aldiz atera baitzen tapizetik. Hori bai, berak eta podiumeko Jordan Chiles herrikideak ere erreberentzia egin zioten Rebeca Andrare txapeldunari. Bestalde, barra asimetrikoetako finaletik kanpo gertu zen, erori egin zela eta. Hor, Biles gizatiarrena ikusi zen. Proba guztiak amaituta, irribarretsu agertu zen: «Oso zoriontsu, hunkituta eta harro nago. Duela pare bat urte ez nekien beste Olinpiar Joko batzuetan egongo nintzenik ere. Amestu nuena baino askoz gehiago lortu dut».

Novak Djokovic tenislaria

JUANJO MARTIN / EFE

Novak Djokovic
Azkenean, lortu du

Novak Djokovicen garaipen zerrenda amaiezina da. Baina bat falta zitzaion: urrezko domina lortzea Olinpiar Jokoetan. Brontzezkoa baino ez zuen. 2008an irabazi zuen, Pekinen. Hurrengo hiru Jokoetan esku hutsik amaitu zuen. 37 urterekin, Parisko Jokoetan izan zezakeen horretarako azken aukera, eta ez dio ihes egiten utzi. Hala, Golden Slam deitutakoa lortu du: Ronald Garros, Wimbledon, Australiako Irekia, AEBetako Irekia eta urrezko domina olinpikoa irabaztea. Artean lau tenislarik zuten lorpen hori: Andre Agassik, Steffi Graffek, Rafa Nadalek eta Serena Williamsek. «Nire kirol ibilbideko lorpenik handiena da hau, gehien kostatu zaidana izan baita», esan zuen finala amaitutakoan, malko artean. Ekainaren 6an ebakuntza egin zioten meniskoan, eta ez zegoen argi nola iritsiko zen Parisera. Baina bikain lehiatu da, eta finalean aspaldiko jokorik onena egin du. Bi setetan hartu zuen mendean Carlos Alcaraz (7-6 eta 7-6).

Katie Ledecky igerilaria

RITCHIE B. TONGO / EFE

Katie Ledecky
Latinina berdindu du

Olinpiar Joko bakoitzean, Katie Ledecky igerilaria Larisa Latinina gimnastak ezarritako markara gerturatuz joan da. Bederatzi urrerekin, hura zen urrezko domina olinpiko gehien zuen emakumezko kirolaria. Bada, haren parean jarri da Ledecky, Parisen lortutako bi urreekin. Estilo libreko 800 eta 1.500 metroetan nagusitu zen. Lehenengoan, gainera, lau Olinpiar Joko daramatza gorenean. Berezia izan zen domina hori harentzat: «Lehen domina 2012an irabazi nuen, gaurko egunez; eta egun berean lortzea ikaragarria da». Ledeckyk beti izango du gogoan abuztuaren 3a.«Banekien lasterketa gogorra izango zela, baina konfiantza nuen nigan, eta lortu dut». Beste bi dominarekin handitu du zakua: 4x100 estilo libreko erreleboan zilarra irabazi baitu, eta 400 metroko estilo librekoan, brontzea. Hala, hamahiru domina olinpiko ditu jada. Izango al da Los Angeleseko Jokoetan, 2028an? Hauxe erantzuna: «Ilusio hori dut, baina ez da erraza. Urtez urte noa gauzak aztertuz eta ikusiz ea nire onena eman dezakedan».

Remco Evenepoel txirrindularia

CHRISTOPHE PETIT TESSO / EFE

Remco Evenepoel
Bietan, onena

Olinpiar Joko guztiek uzten dituzte irudi ahaztezinak, oroimenean gordetzen direnak. Bada, Pariskoen artean egongo da Remco Evenepoelek utzitakoa, errepideko proba irabazi ostean. Helmugaratu eta Eiffel dorrea parez pare zuela, bizikletatik jaitsi, eta besoak zabalduta geratu zen. «Zoriontsu naiz lortutakoarekin». Merezi zuen halako ospakizun batek, artean gizonezkoen txirrindularitzan inor lortu gabe zegoena lortu baitzuen: Olinpiar Joko batzuetan errepideko proba eta erlojuaren aurkakoa irabaztea aldi berean. Leontien van Moorselek 2000. urtean egindako balentria errepikatu zuen. Erlojupekoan, euria egin arren, Evenepoelek abiadura bizian osatu zuen 33 kilometroko ibilbidea. Orduko 53,7 kilometroan aritu zen, batez beste. Errepidekoan, berriz, lasterketa amaitzeko 37 kilometro falta zirenean egin zuen ihes; aurretik zegoen taldetxoa harrapatu, eta atzean utzi zituen denak. Klasiko handietako irudiak utzi zituen errepideko probak, batez ere Monmartre inguruan.

Lisa Carrington

ALI HAIDAR  / EFE

Lisa Carrington
Txapeldun isila

Ziurrenik ez da beste kirol batzuk bezain ezaguna. Haren kirolak ere Olinpiar Jokoetan izaten du ikusgaitasun gehien. Baina Lisa Carrington piraguista Olinpiar Jokoetako kirolari onenen parera iristen ari da pixkanaka. Beste hiru urre olinpiko lepoan dituela amaitu ditu Pariskoak: K4 500ekoa, K2 500ekoa eta K1 500ekoa. Jokatu dituen proba guztiak irabazi ditu. Rion ere beste horrenbeste lortu zituen. Guztira zortzi ditu, eta jada Birgit Fischer alemaniarraren pare jarri da. Batera ditu, berriz, Katie Ledecky igerilariaren eta Larisa Latininaren bederatziak. K1 500ean biribildu zuen bere lana. Bakarka nabarmenago erakutsi zituen bere ahalmen teknikoak eta izaera lehiakorra. Isilean eta palakadaz palakada landu du bere bidea piraguista gisa: «Estrategia onena izatea da gakoa, eta teknikari ahalik eta etekin handiena ateratzea. Estropada bakoitzean zerbait berria eraikitzen ahalegintzen naiz, eta ahazten jarraitzen». Finalisten artean helduena zen, baina oso nagusi izan zen.

Mijain Lopezborrokalaria

YAHYA ARHAN / EFE

Mijain Lopez

Bostaren jiran egin du historia

Jokoetako Olinpoaren gorenean da Mijain Lopez borrokalari kubatarra. Bost Jokotan segidan, urrezko domina lortu du proba berean: 130 kiloko kategorian, borroka greko-erromatarrean. «Oraindik sinetsi ezinda nago. Kirol hau maitatzea izan da lorpen honen gakoa. Hamar urterekin hasi nintzen amets honekin, eta oraindik ez naiz esnatu. Kubatarron bizimodua, gainera, beti izan da oztopoak edo mugarriak gainditzea». Pekinen lortu zuen aurreneko urrea, 2008an, eta Parisen bosgarrena. Oraingo honetan, Yasmani Acosta borrokalari txiletarra hartu zuen mendean Lopezek. Garaipen horrekin Michael Phelps eta Katie Ledecky igerilariak, Carl Lewis atleta, Paul Elstron arraunlaria eta Icho Kaori borrokalaria gainditu ditu. Haiek lauko marka zuten. Marteren Zelaia Arena lepo bete zen Lopezen finala ikusteko. Txalo artean hartu zuten. Amaieran ere aitortza jaso zuen. Behin irabazita, zapatilak kendu, eta tatamiaren erdian utzi zituen, iragartzeko hura zela bere azken dantza.

Sifan Hassan

YOAN VALATA  /EFE

Sifan Hassan

Asfaltoan ere distiratsu

Pistan ondo moldatzen zela jakina zen, baina Sifan Hassan, Herbehereekin lehiatzen den Etiopiar jatorriko atleta, iaz hasi zen asfaltorako dohainak zituela erakusten. Londresko maratoian lehiatu zen lehen aldiz distantzia horretan, iaz, eta irabazi egin zuen. Ondoren, Chicagokoan ere gailendu zen. Emakumezko batek maratoi horretan egindako denborarik onenetan bigarrena izan zen: 2.13.44. Jokoetan Tigist Assefa munduko marka duen lasterkaria eta Peres Jepchirchir Tokioko txapeldun olinpikoa zituen aurrez aurre, besteak beste; eta, batez ere, ibilbide oso gogor bat. Bada, Hassan maratoiko izarretako bihurtu da Parisen, urrea kokoratu baitu. Egindako denbora: 2.22.55. Hala, marka olinpikoa ere eskuratu zuen, Tiki galena etiopiarrak Londresen 2012an egin baino hamabi segundo gutxiago eginda. Stade de Francetik ere ez zen esku hutsik joan Hassan; izan ere, brontzea lortu zuen 5.000 eta 10.000 metrokoetan. 1.500 metrokoan ere parte hartzeko asmoa zuen, baina azkenean uko egin zion.

Leon Marchand

MAST IRHAM / EFE

Leon Marchand

Frantsesen zoramenerako

Michael Phelps igerilariak Rioko 2016ko Olinpiar Jokoen ostean hartu zuen erretiroa. Ez zegoen argi nork hartuko zuen haren lekukoa. Tokioko Jokoetan Caeleb Dressel izan zitekeela zirudien, bost urre kolkoratu baitzituen. Baina horietako bi erreleboan izan ziren. Hala, oinordekoa Leon Marchand izango dela pentsa daiteke. Etxean, frantsesen zoramenerako, handia egin du. «Izugarria da, magikoa. Ona naiz nire energia kudeatzen. Igerileku osoaren babesa dut, nabari dut, eta baliatzen ari naiz».  Phelpsen entrenatzaile ohi Bob Bowmanek gidatuta, urrezko lau domina irabazi ditu bakarkako probetan: bular estiloko 200 metrokoan, tximeletako 200 metrokoan, lau estiloetako 200 metrokoan eta lau estiloetako 400 metrokoan. Artean lau igerilarik zuten egina balentria hori: Phelpsek, Mark Spitzek eta Kristin Ottok. Marchandek nagusitasun osoz irabazi du, gainera, lau probetan marka olinpikoa ezarri baitu. Gainera, 4x100 erreleboetan brontzea irabazi du.

POLAND EUROPEAN GAMES

SEBASTIAN BORWSK / EFE

Nino Salukvadze

Hamargarren aldiz Jokoetan

Nino Salukvadze Georgiako tiratzaileak urruti izan du Parisko Olinpiar Jokoetan domina bat lortzea. Airezko pistolako 10 metrokoan 38. tokian amaitu zuen sailkatze proba, eta zortzik baino ez zuten egingo finalerako urratsa. Baina haren izena Joko hauei lotuta geratu da. Izan ere, 55 urterekin, 10. aldiz lehiatu da Olinpiar Joko batzuetan. Balentria hori lortzen duen lehen emakumea da. Soilik beste kirolari batek zuen marka hori: Ian Millor zaldizkoak. 1988. urtean izan zuen estreinakoa, Seulen, eta 2016an, Rion, semea ere lehiatu zen. Ezusterik ezean, Pariskoak izango dira azkenak. «Psikologikoki eta teknikoki ondo nago, baina ikusmena ez da lehengo bera. Zahartuz noa, eta adinak ez du barkatzen. Semearekin Olinpiar Joko batzuetan parte hartzeko ametsa beteta noa. Gainera, uste dut gazteenei tokia egiteko garaia dela, eta Jokoez harmailetatik gozatzekoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.