OLINPIAR JOKOAK

Are eta gailenago

Armand Duplatisek pertika jauzian eta Sydney McLaughlinek 400 metroko hesidunean, beren munduko errekorrak hobetu dituzte Parisko Olinpiar Jokoetan. Abiaduran AEBetako atletak nabarmendu dira, eta iraupenean, Beatrice Chebet kenyarra.

Sydney McLaughlin aise nagusitu zen 400 metroko hesidunean. FRANCK ROBICHON / EFE
Sydney McLaughlin aise nagusitu zen 400 metroko hesidunean. FRANCK ROBICHON / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko abuztuaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Tokioko Jokoetan urrezko domina lortu zuten. Nork bere proban, munduko errekorra ere ezarri zuen. Eta orain, Parisen, biek ala biek urrea irabazteaz gain, munduko errekorra hobetu dute. Inor ez zaie hurbildu ere egin Armand Duplantisi pertika jauzian eta Sydney McLaughlini 400 metroko hesidunean.

Duplantis suediarrak 6.25 metroko jauzia egin zuen, bere aurreko markari zentimetro bat gehituta. Bigarren sailkatuak 30 zentimetro gutxiagoko jauzia egin zuen, 5.95 metrokoa. McLaughlin estatubatuarrak 2022an lortu zuen 400 metroko hesiduna 51 segundo baino gutxiagoan egitea, eta lehen emakumezkoa izan zen hori erdiesten. Uztailean, ordea, Femke Bol herbeheretarrak ere muga hori gainditu zuen. AEBetakoaren errekorra hobetu ez bazuen ere, bazirudien Parisen garaitu ahal izango zuela. Bada, McLaughlinek ez zion utzi ilusiorik egiten ere. Birrindu egin zituen aurkariak, baita munduko errekorra ere: 50.37 segundoan osatu zituen 400 metroak —aurreko errekorra, hura ere harena, 50.65ekoa zen—.

Armand Duplantis munduko errekor berria egin zuen unean. RONALD WITTEK / EFE
Armand Duplantis munduko errekor berria egin zuen unean. RONALD WITTEK / EFE

McLaughlinen herrikideek munduko beste errekor bat ere egin dute Parisen, distantzia berean, baina taldeka. 4x400 metroko txandakako mistoan ezarri zuten marka berria. 3:07.41eko denboran eman zizkioten lau itzuli atletismo pistari. Baina finalerdietan egin zuten denbora hori. Finalean geldoago ibili ziren, eta Herbehereek aurrea hartu zieten, Femke Bolek azken zuzengunerako indarrak bikain neurtu ostean.

Aldiz, inork ez zien aurrea hartu AEBetako ordezkariei 100 metroko gizonezkoen lasterketan, ezta 200 metroko emakumezkoenenean ere. Noah Lylesek, azkenean, lortu du urrezko domina olinpikoa. 100 metroko proban, Kishane Thompson jamaikarrak eta Lylesen herrikide Fred Kerleyk zilarrarekin eta brontzearekin konformatu behar izan zuten. 200 metrokoan, ostera, bere espezialitatean, Lylesek hirugarren baino ezin izan zuen amaitu. Letsile Tebogo botswanarrak ez zuen aurkaririk izan distantzia horretan. Emakumezkoetan, berdin gertatu zen Gabrielle Thomasekin. AEBetakoa tarte handiarekin nagusitu zitzaion Parisko beste protagonistetako bati, Julien Alfredi. Alfred santaluziarrak bere herrialdearen lehen domina olinpikoa eskuratu zuen, 100 metrokoan Sha'Carri Richardson faboritoa mendean hartuta. AEBek 100 eta 200 metroko probetan jokoan zeuden hamabi dominetatik zortzi irabazi dituzte.

Chebet eta Kipyegon

Iraupeneko probetarako izen bat aipatzen zuten kiniela guztiek: Faith Kipyegon. 1.500 eta 5.000 metroko probetarako hautagai nagusia zen. Eta, atzo, aurreikuspenak bete zituen bere proban, 1.500 metrokoan. Hirugarrenez irabazi zuen urrezko domina olinpikoa lasterketa horretan: Rio de Janeiron nagusitu zen 2016an; Tokion, 2021ean eta; Parisen, atzo. Distantzi horretan ez du parekorik, munduko errekorra ere berea du.

5.000, metrokoan ere lortu zuen domina; baina, kasu honetan zilarrezkoa. Beste kenyar batek hartu zion aurrea, Beatrice Chebetek. Azken Munduko Txapelketetan bere izena aditzera ematen hasia zen, baina Parisen iraupeneko probetako protagonista nagusia izan da. 24 urteko atletak bi urrezko domina irabazi ditu aurtengo Jokoetan: 5.000 metrokoan eta 10.000koan. Bietan podiumean egon den beste bat Sifan Hassan izan da, hirugarren bietan. Gainera, Hassan hautagai nagusietako bat da gaurko maratoirako. Proba horrekin amaituko dira Parisko Jokoetako atletismoko lehiaketak.

Kipyegonek hirugarren aldiz irabazi du 1.500 metroko proba Jokoetan. Chebetek 5.000koa eta 10.000koa irabazi ditu, aurten. RONALD WITTEK / EFE
Kipyegonek —ezkerrean— hirugarren aldiz irabazi du 1.500 metroko proba Jokoetan. Chebetek —ezkerrean— 5.000koa eta 10.000koa irabazi ditu, aurten. R.WITTEK / EFE

 

Kipyegonekin 5.000 metrokoan gertatu moduan, gizonezkoen iraupen probetan ere egon dira ezustekoak. 10.000 metrokoan, ez. Proba horretan munduko errekorra duen Joshua Cheptegei ugandarra nagusitu zen. 1.500 metroko lasterketan, ostera, Josh Kerren eta Jakob Ingebrigtsenen arteko buruz burukoa espero zen. Baina beste bat agertu zen: Cole Hocker estatubatuarra. Bera nagusitu zen, Kerren aurretik. Eta Ingebrigtsen laugarren izan zen. Atzo, ordea, norvegiarrak ez zuen hutsik egin. 5.000 metroko lasterketa geldo baten ostean, Ingebrigtsen nagusitasunez gailendu zitzaien Ronald Kwemoiri eta Grant Fisherri. Maratoirako Kipchoge eta Bekele izenak aditzen ziren nonahi; bada, bi beteranoek huts egin zuten atzo. Tamirat Tolak lortu zuen urrea, hasiera batean Etiopiako ordezkoa izan behar zenak. Bere atzetik amaitu zuten Baxir Abdi belgikarrak eta Benson Kipruto kenyarrak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.