Amaitu dira Parisko Olinpiar Jokoak. Mundu osoko milaka eta milaka atleta elkarren aurka lehiatzen aritu dira ia hiru astez. Aldi berean, munduko beste puntan, batzuk beste zeregin batzuetan aritu dira, eta horretan ibiliko dira datozen lau urteetan ere: hurrengo Olinpiar Jokoak prestatzen.
2017an jakin zen 2028ko Olinpiar Jokoak Los Angelesen (AEB) egingo zirela. Ohikoena izaten da Olinpiar Jokoak baino zazpi bat urte lehenago egitea hiri aukeraketa, baina 2024ko eta 2028ko egoitzak batera aukeratu zituen NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak. Izan ere, bost hirik —Paris, Los Angeles, Budapest, Hanburgo (Alemania) eta Erroma— aurkeztu zuten hautagaitza, baina azkar hasi ziren gorabeherak: Budapesten, Olinpiar Jokoak antolatzearen aurkako kanpaina batek arrakasta handia lortu zuen, eta erreferendum bat egiteko nahikoa sinadura eskuratu ere bai; Hanburgoko biztanleen erdiek baino gehiagok ere Jokoen aurka bozkatu zuten; eta Erromak bertan behera utzi zuen hautagaitza, diru arazoengatik. Horren ondorioz, NOBek zera adostu zuen: geratzen ziren hautagaitzetako bakoitzari aukera ematea Olinpiar Joko batzuk antolatzeko. Parisek nahiago zuen aurtengoak egin, eta hala izan da. Beraz, Los Angelesek antolatuko ditu Olinpiar Jokoak 2028an.
Hirugarrenez egingo dituzte Olinpiar Jokoak Los Angelesen: 1932an egin zituzten lehen aldiz, eta 1984an azkenekoz. 1932ko Olinpiar Jokoak antolatu eta lau urtera, Hitlerren Alemanian antolatu zen txapelketa, eta nazien erregimenaren erakusgarri izan zen. Hiru urte geroago, Bigarren Mundu Gerra hasi zen, eta, hamabi urtez, Olinpiar Jokoak ez ziren egin. 1984an, Gerra Hotzak baldintzatu zituen Jokoak: lau urte lehenago AEBek eta haren aliatuek Moskuko Olinpiar Jokoak boikotatu zituzten, Sobietar Batasunak Afganistan inbaditu zuelako, eta, horren ondorioz, Sobietar Batasuna eta haren aliatuak ez ziren Los Angelesera joan.
Los Angelesen ondo dakite ekitaldia nola antolatu ia dirurik xahutu gabe. 1932ko Olinpiar Jokoetan agertu ziren lehen aldiz olinpiar hiria, podiuma eta Jokoetako maskota; gainera, estadio bakar bat eraiki zuten berariaz ekitaldirako: Los Angelesko Igeriketa Estadioa. Gaur egun, 92 urteren ostean, oraindik erabiltzen da. 1984ko Olinpiar Jokoak izan ziren ordura arte arrakasta ekonomiko handiena lortu zutenak; 1976an Montrealen eta 1980an Moskun izandako Jokoak porrot ekonomikoa izan ziren, eta aldaketa ugari egon ziren Los Angelesko Olinpiar Jokoen antolakuntzan. Bi estadio soilik eraiki ziren, eta diru guztia enpresa pribatuek eman zuten; estadio horietako bat oraindik erabiltzen da. Lehen aldiz, dirua lortu zen emisio eskubideengatik. Guztira, orduko 250 milioi dolar irabazi zituzten antolatzaileek.
Enpresa pribatuen esku
2028rako hainbat gauzari eutsi nahi zaio: Olinpiar Jokoak antolatzeko behar den diru guztia enpresa pribatuek jarriko dute, eta ez AEBetako Gobernuak; eta ez da estadiorik eraikiko, ezta olinpiar hiririk ere. 1932ko eta 1984ko Olinpiar Jokoetan erabilitako bi estadio berriz erabiliko dira 2028ko Jokoetan: LA Memorial koliseoa eta Rose Bowl. Bestalde, garraio azpiegiturak hobetzeko proiektu bat sortu du hiriak: Twenty-eight by ‘28 (28 2028rako). 28 garraio azpiegitura sortu nahi dituzte.
Baina denak ez daude alde: Olinpiar Jokoak Los Angelesen antolatzearen aurka dauden taldeak badaude; esanguratsuena Nolympics LA da. 2017an sortu zen, eta Olinpiar Jokoek sortu edo handitu ohi dituzten arazo batzuk salatzen dituzte: esate baterako, Poliziaren presentzia areagotzea, biztanleak lekualdatzera derrigortzea —nagusiki, pobreak—, arrazakeria, demokrazia falta —ez zen erreferendumik egin Jokoak antolatu ala ez erabakitzeko— eta ustelkeria.
Gainera, Airbnb enpresak Jokoekin sinatu duen hitzarmena kritikatu dute. Nolympics LA taldearen hitzetan, Olinpiar Jokoek «Poliziaren presentzia, etxegabetzeak, berdintasunik eza, esplotazioa eta demokraziaren higatzea azkartzen dituzte egoitza diren hiri guztietan, hala nola Los Angelesen». 2020ko Tokioko eta 2024ko Parisko Olinpiar Jokoak salatzeko kanpainak egin dituzte, baita Pariskoak bertan behera uzteko eskaera bat abiarazi ere; berdin egin dute 2028koekin. Izan ere, 1984ko Olinpiar Jokoen harira, Los Angelesek Polizia indartu eta militarizatu zuen, eta Jokoengatik lortutako dirua ez zitzaion hiriari eman, fundazio pribatu bati baizik.