Berrikuntzetan murgildu dira Olinpiar Jokoak azken boladan. Tokioko Olinpiar Jokoetan surfa, kirol eskalada eta skateboardinga txertatu zituzten. Aurtengo Jokoetan, berriz, breakdancea egongo da lehen aldiz. Thomas Bach NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeko presidenteak «koronabirusaren osteko mundura egokitzeko» lanean zihardutela aitortu zuen. Nobedadeak ez dira hor amaitzen. Mundua geroz eta digitalagoa dela dirudi, eta Jokoak ere bai. Hurrengo urtetik aurrera, izan ere, bideojokoen lehiak olinpiko bihurtuko dira: Kirol Elektronikoen Olinpiar Jokoak egingo dituzte estreinakoz. Saudi Arabian izango dira.
2018an bota zien NOBk begia kirol elektronikoei. Bost urte geroago, Kirol Elektronikoen Aste Olinpikoa antolatu zuen; gainera, Asiako Jokoetan bideojoko probak egon ziren. Ondorioz, NOBko presidenteak Kirol Elektronikoen Batzordeari eskatu zion Kirol Elektronikoen Olinpiar Jokoak sortzeko. Aurten garatu dute proiektu hori, David Lappartient kidearen gidaritzapean, eta uztailaren 23an eman zioten behin betiko onarpena, aho batez egindako bozketa baten bitartez.
Lappartientek hala deskribatu ditu egitasmoaren helburuak: «Kirol elektronikoen komunitatearen interesak kontuan hartzea, betiere balio olinpikoak errespetatuz». Horretaz gainera, gazteriarengana hurbiltzea eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna identifikatu dituzte helburu gisa. Izan ere, breakdancea eta skateboardinga sartu dituzte programa olinpikoan, eta Parisen lortu da lehen aldiz Jokoetan emakumezko kirolarien eta gizonezko kirolarien kopuruak bera izatea. Kirol Elektronikoen Jokoen bidez, horri guztiari jarraipena eman nahi diote.
«Kirol elektronikoek diru asko mugitzen dute, eta horregatik sartu dira mundu olinpikoan»
IGOR GAMINDE GARRIDO EuskoEsports-eko zuzendaritza batzordeko kidea
Igor Gaminde Garrido EuskoEsports erakundeko zuzendaritza batzordeko kide da, eta helburuak beteko direla uste du: «Kirol elektronikoen helburuak ondo pasatzea, errespetua sustatzea eta diskriminazioaren aurka aritzea dira. Balio horiek bultzatzea derrigorrezkoa da kirol bat olinpikoa izateko». Bestalde, joko horiek antolatzeko arrazoien artean aipatu ez den bat azpimarratu du Gamindek: «Kirol elektronikoek diru asko mugitzen dute, eta horregatik sartu dira mundu olinpikoan».
Saudi Arabian antolatuko dira Jokoak. Hamabi urteko lankidetza hitzarmena sinatu du bertako agintaritzak NOBrekin. Goi mailako kirol txapelketen zerrenda luze bateko azken atala dira Jokoak: nazioarteko ehun lehiaketa baino gehiago antolatu ditu herrialde horrek azkenaldian –esate baterako, 1 Formulako Saudi Arabiako Sari Nagusia eta Dakar rallya–. Reema Bandar Al-Saud printzesa saudiarabiar, enbaxadore eta NOBko kidearen arabera, 2025ean Kirol Elektronikoen Olinpiar Jokoak antolatzea «beste urrats bat da Saudi Arabia munduari begira irekiagoa izateko eta mundua Saudi Arabiari begira irekiagoa izateko».
Esperientzia zabala du herrialdeak kirol elektronikoei dagokienez: NOBren esanetan, saudiarabiarren %67 aritzen dira bideojokoetan, eta ospe handiko txapelketa ugari antolatuak dituzte han —besteak beste, Kirol Elektronikoen Munduko Kopa—. Gaminderen hitzetan, «berdin dio lehiaketak non jokatzen diren, betiere egoitzak behar bezala prestatuta badaude». Baina zenbait kezka agerrarazi ditu: «Talde aberatsek soilik edukiko dute dirua Saudi Arabiara joateko. Gainera, herrialdea ezaguna da genero diskriminazioagatik. NOBk berdintasuna zainduko duela espero dut».
Iritzi kontrajarriak
Zeresana eman du erabakiak. Alde agertu direnak badaude; horien artean dago Alban Dechelotte, G2 Esports kirol elektronikoen enpresaren zuzendari nagusia. «Kirol elektronikoentzako eta mugimendu olinpikoarentzako garai historikoa» dela esan du. Gaminde oso baikor mintzatu da: «Pozik nago. Jendeak ikusiko du kirol elektronikoak benetako kirolak direla». Hala ere, iritzi negatibo batzuk plazaratu ditu, nagusiki Jokoetan egongo diren bideojokoei dagokienez: «Hiltzeko bideojokoek mugitzen dute diru gehien, eta arraroa izango litzateke horiek Jokoetan ez egotea». Izan ere, NOBk erabaki du indarkeria irudikatzen duen jokorik ez hautatzea, «balio olinpikoen aurka» doazela eta.