Urretxuko (Gipuzkoa) lehen kirolari olinpikoa da Imanol Gartziandia (Urretxu, 1995). Ez zekien, eta ezusteko ederra hartu zuen jakin zuenean. Halakoetan, ohikoa da Olinpiar Jokoetatik bueltan udalak omenaldiren bat egitea. «Festetako txupinazoa botatzea? Sekulakoa litzateke, baina ordurako Hungarian egongo naiz, denboraldiaurrea prestatzen [Pick Szeged taldean ari da]. Pena da, baina oso harro nago herriko lehen kirolari olinpikoa izateaz. Sekulako ilusioa pizten dit».
Zer sentitu zenuen Parisko Olinpiar Jokoetan ariko zinela esan zizutenean?
Batetik, poz ikaragarria, eta, bestetik, satisfazio handia; azken urteetan egin dudan lan gogorrak fruitua eman du.
Itxaropena bazenuen?
Bai, batez ere, hiru urte daramatzalako Espainiako selekzioaren dinamikan bete-betean sartuta, eta feedbacka oso ona izan delako. Hala ere, ez nuen ziurtzat jo zerrendaren berri izan arte. Ez zen erraza tokia izatea: bi eskuin alboko ginen, Maqueda eta biok, eta hura geratu zen kanpoan Joan Cañellasek min hartu aurretik: beraz, aukera bera nuen barruan edo kanpoan egoteko. Zorionez, barruan nago. Duela ez asko ia ezinezkotzat jotzen nuen, baina hemen nago. Urratsez urrats eta helburuz helburu joatea gustatzen zait niri, burua galdu gabe beti. Ez dakit hau baino zerbait handiagoa dagoen. Tira, bai, domina bat lortzea. Amets bat da hemen egotea, baina amets handiagoa da domina bat lortzea.
Berehala esan zenien etxekoei?
Bai, baina labur-labur, egun horretan bileraz bilera ibili bainintzen. Hurrengo egunean, etxera joatekoan, ospatu genuen behar bezala.
Eta lagunek zer esan zizuten?
Haiek bai ospatu zutela! Ezkontza batean zeuden esan nienean. Beste aitzakia bat izan zuten festarekin jarraitzeko [barrez].
Norbaiti esan zenion aurretik sarrerak erosteko?
Ez. Nik argi esan nien denei ez erosteko sarrerarik ziur jakin arte Parisen ariko nintzela. Etxekoei esan nien lasai egoteko, tokia banuen, sarreraren bat izango nuela haiei emateko.
«Hiri olinpikoko giroak erakartzen nau gehien: hemen ari diren kirolarien berri izan nahi dut. Djokovicekin atera nahiko nuke argazkia»
Denek egin zizuten kasu?
Familiakoek bai; lagunen artean, ordea, baten batek aurretik erosi zuen [barrez].
Munduko eta Europako txapelketak jokatu dituzu, baina Olinpiar Jokoek ez dute parekorik, ezta?
Kirolari batentzat ez dago Olinpiar Joko batzuk baino ezer handiagorik. Beste xarma bat dute: kirolari pila bat lehiatzen gara, eta ia guztiak elkarrekin bizi gara hiri olinpikoan. Hau ez da munduko edo Europako txapelketa bat; kirol ekitaldirik handiena da.
Zein da Olinpiar Jokoez duzun lehen oroitzapena?
2004an Atenasen egin zirenak. Bolten eta Phelpsen proba guztiak ikusten nituen. Eskubaloian jartzen nuen arreta gehien, baina Jokoek kirol pila bat ikusteko aukera ematen dute, eta horixe egiten nuen nik, telebistan zegoen edozein kirol ikusi.
Parisen norbaitekin argazkia ateratzeko asmoa duzu?
Hiri olinpikoko giroak erakartzen nau gehien: hemen ari diren kirolarien berri izan nahi dut. Gustatuko litzaidake Djokovicekin topo egitea eta harekin argazki bat ateratzea.
Zer kontatu dizute taldekideek Olinpiar Jokoez?
Ez duela antzik beste edozein txapelketarekin, eta bizitzen diren sentipenak eta emozioak oso bereziak direla. Hala izaten ari da.
Ez zarete egongo inaugurazio ekitaldian.
Ez, larunbatean, goizeko bederatzietan jokatuko dugulako lehen partida, Esloveniaren aurka. Zorte txarra izan dugu.
Esloveniaz gain, Alemania, Suedia, Kroazia eta Japonia izango dituzue aurkari multzoan. Zer itxura hartzen diozu?
Multzo oso gogorra da. Izenari erreparatuta, Kroazia, Alemania eta Suedia lehen koskan daude; Eslovenia, berriz, koska bat beherago; eta, azkenik, Japonia, beste bat beherago. Sei taldetatik lau sailkatuko gara final-laurdenetarako. Lehia gogorra izango da.
«Dominen lehian aritzea da helburua. Gure lana ondo egin dugunetan, gutxienez finalerdietan aritu gara»
Zein da helburua?
Dominen lehian aritzea. Gure lana ondo egin dugunetan, gutxienez finalerdietan aritu gara. Beraz, gure lana ondo egitea da lehen egitekoa. Ez badugu egiten, urtarrilean gertatu zitzaiguna gertatuko zaigu [Espainia hamahirugarren izan zen Europako Txapelketan].
Zer egin behar duzue ondo?
Gure dohain nagusia da gai garela partida hasita dagoela aurkariaren ahulezia antzemateko eta gure jokamoldea aldatzeko. Hori egin beharra dugu. Izan ere, talde indartsu asko daude hemen, eta ezin izango dugu beti gure jokamoldearekin nagusitu.
Zer egiteko duzu zuk?
Hamalau jokalari besterik ez gara ariko; beraz, bakoitzak egiteko bat baino gehiago izango dugu. Nire dohain nagusia da urrutitik jaurtitzeko abilezia dudala. Baina, oraingoan, gutxiago ariko garenez, defentsan ere asko lagundu beharko dut.
Espainiako selekzioan egonkortuta zaude, baita zure taldean ere, Pick Szegeden: hiru urte daramatzazu Hungarian, eta beste bi urterako berritu duzu. Horrek lasaitasuna ematen dizu?
Bai, batez ere, pixkanaka-pixkanaka lortu baititut helburuak. Oso zoriontsua naiz bide zuzena daramadalako: urteak daramatzat Txapeldunen Liga jokatzen, eta, gutxienez, beste bi urtez jarraituko dut horretan. Horretarako eta Espainiarekin jokatzeko joan nintzen Hungariara, eta biak egitea lortu dut. Oso gustura nago Hungarian. Horrek lasaitasun handia ematen dit, eta mesede egiten dit hobeto aritzeko.