OLINPIAR JOKOAK

Aimar Oroz, Jon Pacheco eta Beñat Turrientes futbolariek urrezko domina irabazi dute

Parisko Olinpiar Jokoak amaitzeko bi egunen faltan lortu dute euskal kirolariek lehenengo urrezko domina. Orain arte, Parisen, euskal kirolariek domina bat lortu dute bakarka, eta bi taldeko kiroletan.

Hiru euskal jokalariak aritu dira gaurko finalean. Irudian, Oroz. MOHAMMED BADRA / EFE
Hiru euskal jokalariak aritu dira gaurko finalean. Irudian, Oroz. MOHAMMED BADRA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko abuztuaren 9a
21:24
Entzun

Parisko Olinpiar Jokoetako lehen urrezko domina lortu dute euskal kirolariek. Aimar Oroz, Jon Pacheco eta Beñat Turrientes futbolariek eskuratu dute. Hirurek Espainiako selekzioarekin jokatzen dute, eta, gaur, Frantziako selekzioa garaitu dute Printzeen Parkea estadioan, 3 eta 5.

Aurrez brontzezko domina eskuratu zuen Pau Etxanizek ur bizietako piraguismoan, eslalomean, K1 modalitatean. Gero, Gracia Alonso de Armiñok zilarra kolkoratu zuen hiruko saskibaloian. Zilarra eta brontzea lortuta, urrezkoa falta zen. Bada, gaur, hiru euskal futbolarik eskuratu dute dominarik preziatuena. Hirurak aritu dira finalean. Orozek hasieratik jokatu du, eta 87. minutuan aldatu dute Pachecorengatik. Turrientes ere partidaren amaieran zelairatu dute, 82. minutuan 

Lehen zatiaren ostean, Espainiak finala bideratuta zeukala zirudien. Partida hasieran, Frantziak hartu du aurrea. Enzo Millotek hamaikagarren minutuan sartu du norgehiagokako lehen gola. Jarraian, baina, Espainiaren erantzuna iritsi da. Fermin Lopezek bi gol sartu ditu: lehena, hemezortzigarren minutuan, eta bigarrena, 25.ean. Hiru minutu geroago, gainera, hirugarrena sartu du Espainiak. Area bazterretik, falta jaurtiketa Frantziaren sareetara bidali du Alex Baenak. Horrela amaitu da lehen zatia, markagailuak 1 eta 3 irudikatzen zuela.

Bigarren zatian, bi taldeek izan dituzte aukerak, baina Frantziak ez zuen lortzen aldea murriztea, ezta Espainiak areagotzea ere. Azkenean, 78. minutuan, Maghnes Akliouchek Frantziaren bigarren gola sartu du. Berriz ere partidan sartu du Frantziako selekzioa; gol baten aldearekin berdintzea posible zen. Eta 90. minutuan iritsi da berdinketaren gola. Turrientesek penaltia egin dio Frantziako jokalari bati, eta Jean-Philippe Matetak ez du hutsik egin jaurtiketan. Hurrengo jokaldian Turrientes berak aukera izan du garaipenaren gola sartzeko, baina areaz kanpotik jaurtitako baloiak langa jo du.

Luzapenean erabaki da partida. Espainiak laugarren gola sartu du 100. minutuan. Sergio Camello aurrelaria aurrez aurre geratu da Frantziako atezainarekin, eta sareetara bidali du baloia. Hortik aurrera eustera mugatu da Orozen, Pachecoren eta Turrientesen taldea. Frantziak ahaleginak eta bi egin ditu bere zaleen aurrean norgehiagoka irabazteko, baina ezin izan du berdindu. Azken unera arte izan ditu gol aukerak Frantziak, baina Espainia sendo aritu da defentsan. Azkenean, partidako azken minutuan, Camellok, berriz ere atezainarekin buruz buru, 3 eta 5ekoa egin du.

Bestetik, brontzezko domina Marokok lortu zuen. Atzo jokatu zuten hirugarren posturako norgehiagoka, Beaujoireko estadioan. Bertan, Marokok 6 eta 0 garaitu zuen Egipto.

Paredes, Hernandez, Garcia eta Lete, dominarik gabe

Alemaniako futbol selekzioak irabazi du brontzezko domina. Gaur arratsaldean jokatu dute hirugarren posturako norgehiagoka Alemaniak eta Espainiak, Lyongo estadioan. 1 eta 0 nagusitu da Alemania. Horrela, Irene Paredes, Oihane Hernandez, Lucia Garcia eta Elene Lete euskal jokalariak dominarik gabe geratu dira, laugarren. 

Paredes ez da aritu gaurko partidan, min hartuta baitago. Hernandezek, berriz, partidaren zati handiena jokatu du —71. minutuan aldatu dute—, eta Garcia azken minutuetan —84. ean— zelairatu dute. Lete, ostera, aulkian egon da.

Finala bihar jokatuko dute, 17:00etan, Parisko Printzeen Parkea estadioan. Bertan erabakiko da nork irabaziko duen urrezko domina, Brasilgo selekzioaren edo AEBetakoaren artean. Norgehiagoka horrekin amaituko dira Parisko Olinpiar Jokoetako futboleko lehiaketak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.