Olinpiar Jokoak

72 domina 128 urtean

Atenasen 1896an izandako alditik jokatu diren 29 Olinpiar Jokoetatik hamalautan lortu dute Euskal Herriko atletek gutxienean domina bat irabaztea: 64 kirolarik, guztira.

Maialen Chourraut piraguista urrezko dominarekin, Rion, 2016ko Jokoetan. ORESTIS PANAGIOTOU / EFE
Maialen Chourraut piraguista urrezko dominarekin, Rion, 2016ko Jokoetan. ORESTIS PANAGIOTOU / EFE
mikel rodriguez
Paris
2024ko uztailaren 28a
05:10
Entzun

Urrezko hamalau, zilarrezko 35 eta brontzezko 23. Horiek dira Euskal Herriko kirolariek Olinpiar Joko modernoetan lepoan zintzilikatu dituzten dominak —zerrenda ofizialekoak, erakustaldiko kirolenak kanpoan utzita—. 1896tik jokatu diren 29 jokoetatik hamalautan irabazi dute gutxienean domina bat. Gehien-gehienak Espainia ordezkatuz irabazi dituzte, eta gainerakoak Frantziako selekzioekin. Izan dira bertze selekzio batzuekin parte hartu duten euskal kirolariak —Mexikorekin, Venezuelarekin...—, baina 128 urteko historia luzean inor ezin izan da Euskal Herriaren izenean lehiatu.

Domina bat irabazi zuen lehenbiziko euskal kirolaria Jose Amezola arabarra izan zen: Parisko 1900eko Jokoetan eskuratu zuen, historia modernoko bigarrengoetan. BERRIAk iragan otsailaren 24ko zenbakian kontatu zuen haren historia bitxia. NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak 2004an aitortu zuen Amezolak urrezko domina irabazi zuela zesta-puntako binakakoan —Francisco Villota espainiarra zuen bikotekide—, arabarra hil eta 82 urtera. 1900eko Jokoak bereziak izan ziren, sei hilabetez jokatu baitziren, Nazioarteko Erakusketaren programaren parte zirela, eta ez zuten izan ez hasiera ekitaldirik, ez dominak ematekorik, ezta bukaerakorik ere. Gerora hartu ziren ofizialki Olinpiar Jokotzat. Amezolak eta haren bikotekideak bertze bi euskal herritarren kontra lehiatu behar zuten finalean: Maurice Durquetty bidartarraren eta Etxegarai baionarraren kontra —Frantzia ordezkatzen zuten—. Lapurtarrak partida hasi eta segituan deskalifikatu zituztela diote iturri batzuek; bertze batzuek, berriz, antolakuntzarekin eta txapelketan jarritako arauekin ados egon ez, eta jokatu gabe lehiaketa uztea erabaki zutela. 1998an, Bill Mallon historialariak 1900eko Jokoak ikertu zituen NOBk eskatuta, eta ondorioztatu zuen Amezolari urrezko domina zegokiola. Durquetty eta Etxegarai, ordea, ez dira ageri zilarra dutenen zerrendan.

Gainera, zerrenda ofiziala hartuz gero, Euskal Herriko bertze kirolari bat ere ageri da 1900eko Jokoetako dominen irabazleen artean, baina, kasu horretan, historialariek ondorioztatu dute NOBk kendu egin beharko liokeela garaikur hori. Dominique Garderes miarriztarra da kirolari hori. Ekitazioko gorako jauzian —gaur egun ez da egiten halako probrarik— irabazletzat ageri daex aequo Giovanni Giorgio Trissino italiarrarekin. Stephane Gachet historialariaren arabera, urrezko domina horren irabazlea ez zen Garderes izan, Andre Gardere izeneko gaskoi bat baizik. JO d'été-Tous les médaillés français de 1896 à nos jours (Udako Olinpiar Jokoak-dominadun frantziar guziak 1896tik gaur egunera arte) liburua argitaratu zuen iaz, eta hor argitu du nahasmendua. Hasteko, Garderes miarriztarra Joko haiek egin baino bi urte lehenago hil zen, 1898an, Buenos Airesen. Bi kirolariak nahasi izanaren arrazoietako bat abizenaren antzekotasuna litzateke, eta, bertzea, Garderek izan zuela lotura bat Miarritzerekin (Lapurdi): Hougakoa zen, Gaskoiniako herri txiki batekoa —Euskal Herritik 100 kilometro ingurura dago—, baina 1900eko Jokoak egin zirenean Miarritzen bizi zen. Gaur-gaurkoz, NOBk ez du zuzendu zerrenda ofiziala.

Gerra arteko dominak

Bi mundu gerren arteko garaian bortz Olinpiar Joko egin zituzten, eta, horietan, euskal kirolariek bete-betean lehiatuta irabazitako lehenbiziko dominak eskuratu zituzten. Taldekako edo binakako kiroletan irabazi zituzten. Lehenbizikoak Anberesko Jokoetan (Belgika) izan ziren, 1920an. Espainiak lehenbiziko aldiz egin zuen futboleko selekzio bat, eta ia talde osoa osatu zuen Euskal Herriko futbolariekin: deialdiko hemeretzi jokalarietatik hamalau. Deigarria da gainerako bortzak Herrialde Katalanetakoak eta Galiziakoak izatea ere. Zilarra lortu zuten. Hegoaldeko futbolari horiek irabazi zuten metal berbera eskuratu zuten Iparraldeko errugbi jokalari batzuek lau urte geroago, Frantziako selekzioarekin, 1924ko Jokoetan, Parisen. Andre Behotegi, Jean Etxeberri eta Felix Laserre lapurtarrak, eta Adolphe Jauregi baxenabartarra izan ziren horiek. Hamabosteko errugbia ez da kirol olinpikoa izan orduz geroztik. Bertze lapurtar batek ere domina bat irabazi zuen Joko horietan: Jean Borotra Euskal Herriaren historiako tenis jokalaririk loriatsuenak —bortz Grand Slam irabazi zituen—. Brontzea eskuratu zuen binakakoan.

Gerra arteko Jokoen azken lorpenak Noel Vandernotte euskal-bretoiarenak izan ziren. Frantziako selekzioarekin brontzezko bi domina irabazi zituen arraunean Berlingo Jokoetan (1936), eta domina bat baino gehiago irabazitako lehenbiziko euskal atleta da; zazpi dira guztira. 12 urterekin irabazi zituen, eta historiako dominadun gazteenetakoa da. Vandernotte Angelun (Lapurdi) jaio zen, baina haurra zela Bretainiara joan zen bizitzera, familiarekin. Henri, haren aita, bretoia zen, eta errugbian jokatu zuen Baionan. Ama, Leontine Etxebarne, angeluarra zen. Bigarren Mundu Gerrako urteetan (1939-1945) Vandernotte Angelura itzuli zen, etxebarnetarren etxera, aitari Alemaniaren okupazioaren kontrako erresistentzian lagundu zionez, Euskal Herrian seguruago egonen zela iritzita. Duela lau urte zendu zen, Okzitaniako Bellcaire udalerrian.

Domina bat irabazi zuen lehenbiziko euskal kirolaria Jose Amezola arabarra izan zen: Parisko 1900eko Jokoetan eskuratu zuen, historia modernoko bigarrengoetan

Gerra arteko garaian badira bertze bi domina irabazle Euskal Herriarekin harremana izan zutenak; erlazio berantiarragoa izan zen batena, eta zoriak eragindakoa bertzearena. Batetik, Andre Chilo errugbi jokalari bordelesak zilarra eskuratu zuen Frantziako selekzioarekin Anberesen. Jokalari ibilbidea bukatu ondotik, Barkoxera (Zuberoa) joan zen bizitzera, eta han zendu zen, 1982an. Chilok sortu zuen Barkoxeko errugbi taldea, eta zelaiak haren izena du. Bertzetik, Jeanette Campbell igerilari argentinarra, Berlinen 100 metroko proban zilarra irabazi zuena, Donibane Lohizunen (Lapurdi) jaio zen, 1916an. Gurasoak, Europan zirela, Argentinara itzuli ezinik gelditu ziren Lehen Mundu Gerraren ondorioz. Campbellek 2 urte zituenean lortu zuten etxera itzultzea, eta hor bukatu zen gerora igerilari izanen zenak Euskal Herriarekin izan zuen harremana.

Bartzelonako 1992ko Jokoak mugarri

Bigarren Mundu Gerrak orain arteko etenik luzeena eragin zien Jokoei. Erran liteke Londresen 1948an egindakoetatik aitzinera Joko modernoen aro modernoa hasi zela: ekitaldiz ekitaldi gaur egungoen gero eta antz handiagoa hartu zuten partaidetzan, kirol kopuruan, profesionalizazioan, azpiegituran eta ikus-entzunezko mediatizazioaren hedapenean. Garai berriago horietan dominak irabazi zituzten Euskal Herriko lehenbiziko kirolariak Rafael Eguskiza, Perico Murua eta Luis Mari Usoz belar hockeyko jokalariak izan ziren, Erromako 1960koetan: brontzezko domina eskuratu zuten. Baina euskal kirol olinpikoaren historian Bartzelonako Jokoek (1992) ezarri zuten mugarri bat. Batetik, urrezko dominak irabazi zituzten sei kirolarik —David Billabonak eta Mikel Lasak futbolean, eta Nagore Gaballanesek, Silvia Manriquek, Teresa Motosek eta Maider Telleriak belar hockeyan—, eta, Amezolaren historia ez zenez ezaguna, metal preziatuena lortu zuten Euskal Herriko lehenbiziko atletatzat hartu ziren orduan —urrea irabazi zutela bazekiten lehenbizikoak ziren, bederen—. Bertzetik, Espainiako belar hockey selekzioarekin aritu ziren lau jokalari horiek dira domina olinpiko bat irabazi duten Euskal Herriko lehenbiziko emakumeak. Eta, azkenik, Bartzelonakoez geroztik jokatu diren zazpi Olinpiar Jokoetan irabazi dituzte dominak euskal atletek, eta horrek adierazten du Euskal Herriko eliteko kirolak zer-nolako garapena izan duen nazioartean.

Horregatik, 1992tik aitzinera ezarri dituzte mugarri gehiago. Errate baterako, bakarka irabazitako lehenbiziko dominak Atlantako (AEB) 1996ko Jokoetakoak dira. Biak proba berean irabazi zituzten, gainera: gizonezkoen errepideko txirrindularitzako bakarkako erlojupekoan. Urtebete lehenago Munduko Txapelketan egin bezala, Miguel Indurainek urrea irabazi zuen, eta Abraham Olanok zilarra. Atlantako Jokoen aitzinetik txirrindulari profesionalak ezin ziren Olinpiar Jokoetan lehiatu, eta debekua kendu zuten bi euskal ziklista bakarkako espezialitatean nagusi ziren urteetan, hain justu. Indurainek eta Olanok domina lortuz geroztik, euskal atletek bertze zazpi garaikur irabazi dituzte bakarkako probetan, eta atleta bat nabarmendu behar da hor, Euskal Herriko kirolarien artean domina olinpiko gehien irabazi duena: Maialen Chourraut piraguista. Metal bakoitzeko bana irabazi du orain arte —brontzea Londresen, 2012an; urrea Rio de Janeiron, 2016an, eta zilarra Tokion, 2021ean).

Bartzelonako Jokoetan belar hockeyko lau jokalarik urrezko dominak irabazi zituztenetik, Euskal Herriko bertze 11 emakumezko atletak lortu dute dominak irabaztea

Hain zuzen, Chourrauten arrakasta da emakumezkoen kirolaren garapenaren adierazleetako bat. Bartzelonako Jokoetan belar hockeyko lau jokalariek dominak irabazi zituztenetik, Euskal Herriko bertze 11 emakumezko atletak lortu dute hori, eta, Londresko Jokoetan, errate baterako, dominadun guziak izan ziren emakumezkoak —brontzea irabazi zuten denek—: Chourraut piraguismoan, Maider Unda borroka librean, eta Nely Carla Alberto, Andrea Barno, Patricia Elorza eta Eli Pinedo eskubaloian.

Kopuru absolututan, Anberesko Jokoetan izan ziren dominadun gehien, Espainiako futbol selekzioko hamalau kide baitziren Euskal Herrikoak, baina lehenbizikoz Atlantan ezarri eta orain arte inoiz gainditu ez den marka bat da ekitaldi bakar batean zenbat kirol ezberdinetan irabazi diren dominak: hirutan —Atlantan gimnastika erritmikoan, errepideko txirrindularitzan eta eskubaloian; Sydneyko 2000ko Jokoetan, taekwondoan, futbolean eta eskubaloian; Atenasen, 2004an, belako 49er modalitatean, tiroan eta pistako txirrindularitzan; Pekinen, 2008an, belako 49er modalitatean, pistako txirrindularitzan eta eskubaloian; Londresen, piraguismoan, borroka librean eta eskubaloian; eta Tokion, piraguismoan, futbolean eta eskubaloian—. Parisko 2024ko Jokoen ondotik, zerrenda errepasatu beharko da ikusteko izenik eta dominarik gehitu behar ote den, eta, gainera, ezin da inoiz baztertu ikerlariren batek bertze izenen bat ahanzturatik ateratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.