Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria

Gorka Iturriaga: «22 federaziok hasi dute nazioartekotzeko eskaria»

Espainiako Kirol Legea aldatu izanak bide berriak zabaldu dituela nabarmendu du Iturriagak, eta «irmo» ari direla lanean, «gero eta bidelagun gehiagorekin».

Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendaria. OLI ARTOLA APEZTEGIA
Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendaria. OLI ARTOLA APEZTEGIA
ainara arratibel gascon
Paris
2024ko uztailaren 31
05:05
Entzun

Olinpiar Jokoak bertatik bertara ikusten aritu da egun hauetan Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria. Gozatua hartu duela nabari da. «Pena» du Euskal Herriko kirolariak ezin direlako lehiatu euskal selekzioarekin. «Baina federazioekin elkarlanean ari gara, eta bide bat izan daiteke etorkizunean hori lortzeko».

Nola pasatu dituzu egun hauek Parisen?

Lehen aldia da Joko batzuetaz bertatik bertara gozatzeko aukera dudana, eta pribilegio bat da hemen egotea. Gure kirolariei babesa ematera etorri naiz. Zaila izan da sarrerak lortzea, kasu batzuetan aspalditik agortuta zeudelako, eta beste batzuetan oso garestiak zirelako. Azkenean Oier Ibarretxe, Oier Lazkano eta Maialen Chourraut ikusteko aukera izan dut. Antolakuntza eta kudeaketa kontuak ere asko interesatu zaizkit, atzean dagoen hori guztia.

Euskal Herriko 43 kirolari ari dira Olinpiar Jokoetan lehiatzen, baina beste estatu batzuekin, ez euskal selekzioarekin. Zer sentipen eragiten dizu horrek?

Pena. Baina Nazioarteko Batzorde Olinpikoak gaur egun dituen baldintzak kontuan hartuta, oraingoz, Euskadik ez dauka aukerarik bertan sartu eta lehiatzeko. Bitartean, gu bestelako bide batzuk jorratzen ari gara, federazioen bidez gure ofizialtasuna nazioartekotzeko, eta aukera bat da etorkizun batean hori lortzeko. Orain munduratu egin behar ditugu gure kirolak eta kirolariak. Gure kirolariei lagundu behar diegu, nazioartean aurrera egin dezaten, eta amestu etorkizunean gure koloreak Olinpiar Jokoetan eta nazioarteko txapelketa ofizialetan izango direla.

Nola dago federazioen bidez zabaldutako bide hori?

Aurretik dugun bidea ez da makala, nazioarteko federazioen estatutuak eta arauak aldatzea ez baita erraza. Baina Espainiako Kirol Legea aldatu ostean, oso aukera polit bat zabaldu zaigu, historikoak diren eta sozialki lurralde batean nolabaiteko ezarpena duten kiroletan nazioartean ofizialki lehiatzeko eskaria egiteko. Gure kasuan, bi kirol ditugu hor: surfa eta pilota. Bestalde, bost modalitate ari dira jada nazioartean ofizialki lehiatzen: adibidez, sokatira eta padela. Gainera, 22 federaziok beren kabuz hasi dute nazioartekotzeko eskaria. 48tik 22k egin dute, eta aurten kalkulatzen dugu beste bost izango direla. Gero, hasi duten bide horri jarraipena egin behar zaio. Hori ez dugu erakundeok egiten, baizik eta federazioek. Guk gure laguntza, bermea, bultzada eta aholkularitza juridikoa eskaintzen dizkiegu, prozesu hori ahalik eta lasaien egiteko. Kirolarien konpromisoa ere garrantzitsua da, haiek nahi dutena.

Euskal selekzioa ofiziala balitz, zer herrialderekin parekatu liteke?

Zaila da horri erantzutea. Izan ere, estatu bakoitzean kirol jakin batzuk dira nagusitasuna dutenak. Esloveniarekin alderatu izan gaituzte: tamainarengatik, izaerarengatik eta antolamenduarengatik. Baina adibide bat jarriko dut: iaz, patin hockeyko euskal selekzioak txapelketa batean parte hartu zuen Txinaren, Japoniaren eta Australiaren kontra, eta irabazi egin zuen. Beraz, kirolaren arabera, edozein herrialderen kontra nor baino nor gehiago lehiatzeko gai gara. Azpimarratzekoa da gurearen moduko aberri txiki batean zenbat goi mailako kirolari dauden, eta kirolari horiek askotariko modalitatekoak direla. 

Kirolari olinpikoei begira, Basque Team proiektua da zuek bultzatzen duzuen egitasmoa. Zein da egoera?

Zerbitzu eta azpiegitura aldetik, pauso garrantzitsuak eman ditugu azken urteetan, baita gure kirolarien ikusgaitasuna areagotzeko ere. Adibidez, Getxoko goi errendimenduko zentroa berritu dugu, hor dago kirolarientzako egoitza... Talentuak identifikatzea da lehen urratsa, eta hortik aurrera guk eskaintzen dieguna da zerbitzu pertsonalizatu bat. Dituzten beharretara egokitzen gara. Diagnostiko moduko bat egiten dugu elkarrekin. Batzuek entrenatzeko tokiak eskatzen dizkigute, beste batzuek laguntza psikologikoa, fisioterapeutikoa. Kontuan izan behar da egiten duten kirolak kasu askotan ez duela horrenbesteko ikusgaitasuna, eta ez dituztela kirolari profesionalen baliabideak eta baldintzak. Gu horretarako gaude, haien talentuari bide emateko, nazioartean erakusteko aukera izan dezaten.

«Hiru domina lortzea izugarria litzateke euskal kirolarientzat. Baina, emaitzez gain, egunerokoan egiten duten lana aitortu behar da»

Zer behar eta kezka dituzte?

Errealitatea oso plurala da. Adibide bat jartzearren, piraguistek Pauera edo Seu de Urgellera joan behar izaten dute entrenatzera, eta buru-belarri ari gara lanean Usurbilen Maialen Chourraut kanala egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Usurbilgo Udalarekin batera, eta ea datozen bi urteetan gauzatzen dugun. Beste hainbat kiroletan ere azpiegiturak falta dira. Beste kasu batzuetan, babesleak lortzeko beharra izaten dute. 

Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko kirolariak ez daude proiektuaren barruan. Ba al dago Nafarroako Gobernuarekin eta Euskal Elkargoarekin elkarlanean aritzeko asmorik?

Bai, kirol batzuetan egiten da. Ez Basque Teamen bidez, baizik eta federazioen bidez gauzatzen ditugun proiektuen bidez. Adibidez, badago mugaz gaindiko egitasmo bat errugbiaren inguruan, pilotan ere ari gara lanean... Bestalde, federazioen artean badaude proiektuak, eta Euskadiko eta Nafarroako federazioak elkarlanean ari dira... Gero hori nazioartekotzea zailagoa da, baina horrek ez digu gogoa kentzen. 

Pilotarekin harremana duten herrialdeetan Olinpiar Jokoak izan direnean, beti egon da programan. Parisen ez da horrela izan. Pena duzu?

Egia da gauzatu izan balitz gure pilotariek Espainiako edo Frantziako selekzioekin lehiatu beharko zutela. Baina argi dago Olinpiar Joko batzuek ikusgaitasun handia ematen diotela nazioartean kirol bati, eta hori garrantzitsua da. Iaz ez genuen lortu nazioarteko federazioan sartzea. 2030ean Bilbon egingo da Pilotako Munduko Txapelketa, eta espero dugu ordurako Euskadiko Federazioa berme osoz egotea Nazioarteko Federazioan, eta lehiatu ahal izatea.

Ausartuko zinateke esatera Euskal Herriko kirolariek zenbat domina lortuko dituzten Parisko Olinpiar Jokoetan?

Hiru lortzea emaitza izugarria izango litzateke. Baina, emaitzak emaitza, egiten duten lan isila aitortu behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.