Olinpiar Joko txiki batzuk, berotzeko

Pistako Munduko Kopako azken proba jokatuko da igandea bitartean, Londresen, Jokoak hasteko bost hilabete falta direneanBederatzi euskal herritar ariko dira lehian, dominen borrokan sartzeko aukera irmoekin

unai zubeldia
Donostia
2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Olinpiar urtean dena da berezia, baita Munduko Kopako edozein proba ere. Dena dasentsazioen jokoa; dena prestaketa; dena arerioen azterketa. Igandea bitartean jokoan izango da Pistako Munduko Kopako laugarren eta azken proba, Londresen, Olinpiar Jokoen gune berean bertan, Stratfordeko olinpiar gunearen iparraldean eraiki duten belodromoan. Bost hilabete eskas falta dira lau urtetik behin jokatzen den munduko lehiaketa entzutetsuena hasteko, eta pistako txirrindularitza ere Londresera begira jarrita dago jada. Selekzio guztiek punta-puntako taldeak eraman dituzte Munduko Kopako azken probara, bost hilabete barru erabakigarria izan daitezkeelako egunotan pilatuko dituzten kilometroak eta sentsazioak.

Bederatzi euskal herritar ariko dira lehian Londresen. Bost nafar: German Lopez, Juan Peralta, Hodei Mazkiaran, Sergio Aliaga eta Ainara Elbusto; bi gipuzkoar: Asier Maeztu eta Leire Olaberria; arabar bat: Tania Calvo; eta bizkaitar bat: Unai Elorriaga. Bederatzi horietako bat atzo bertan hasi zen lehian: Maeztu. Izan ere, Londresko Munduko Kopa hasi, gaur hasiko den arren, taldekako jazarpen probako sailkapen saioak jokatu zituzten atzo.

«Fisikoki ondo» dago donostiarra. «Iazkoa urte gogorra izan zen, gaixoaldi larri samarra eduki nuelako irail inguruan. Asko galdu nuen, nahiz eta gero Munduko Kopara eraman ninduten». Zerbait esan nahi du horrek. Ordurako Olinpiar Jokoak buruan zeuzkan Maeztuk, eta egun bakoitza entrenamendu saio gogor bihurtuta dabil azken aldian.

Hori bai, gaurkoa ez da froga erreal-erreala izango. «David Muntaner eta Pablo Bernal, berez laukotean aritzen diren bi txirrindulari, min hartuta daude, eta A taldearekin ez garela ariko esan daiteke». Eloy Teruel, Albert Torres, Sebastian Mora eta Maeztu bera ariko dira jazarpen probako laukotean, Espainiako selekzioarekin. Laukote horrek «maila apalagoa» daukala onartu du Maeztuk. «Eta selekziorik onenak talderik onenekin etorri dira Munduko Kopako azken probara. Ingelesak, australiarrak... Puntako selekzio asko daude, eta zaila izango da horiei aurre egitea. Olinpiar Jokoen entsegua izango da».

«Oso test garrantzitsua da»

Taldekako jazarpen proba horixe da: taldeko jarduna. Maeztuk ez dio jarri helburu zehatzik bere buruari. «Ahalik eta lanik onena egitea da nire helburua, eta ahalik eta gehien laguntzea. %120 ematen saiatuko naiz». Hausnarketan hasita, ordea, beretzat uste baino saio garrantzitsuagoa dela aitortu du donostiarrak. «Caliko Munduko Kopan ezin izan nuen parte hartu, ez nengoelako sasoirik onenean. Eta amaierako emaitza gorabehera, Londresko hau test garrantzitsua da niretzat».

Londresko Munduko Koparen eta Olinpiar Jokoen artean, Munduko Txapelketa ere izango dute pistako txirrindulariek, zazpi bat aste barru, apirilaren 4tik aurrera. «Baina entrenamendu gisa baliatuko dugu txapelketa hori ere. Izan ere, iaztik Olinpiar Jokoetara begira ari gara buru-belarri lanean». Maeztu tartean dela, Espainiako selekzioko laukoteak oraindik ez du ziurtatu lehiarako sailkatzea. «Baina oso gaizki egin beharko genituzke gauzak uztailean Olinpiar Jokoetan ez egoteko».

Behin lehiarako sailkatuta, laukotean egoteko itxaropen itsua dauka donostiarrak. «Iaz, Munduko Kopan, oso ondo aritu nintzen. Txinan lehenengo, eta Manchesterren gero, oso lan ona egin genuen. Manchesterren, esaterako, Espainiako marka berdindu genuen ia-ia». Munduko Txapelketako taldean ere parte hartu zuen gero. «Eta inork ez dauka ziurtatuta lehiarako sailkatzea, lesioak ere egon daitezkeelako tartean. Baina, ondo bidean, ez dut uste arazorik edukiko dudanik». Espainiako selekzioko hautatzaileak erabateko konfiantza dauka donostiarrarengan, eta, ondo bidean, Londresen izango da uztail-abuztuan.

Londres aipatuta, bertako belodromo berriko pista ere aztertu du Maeztuk. Oso azkarra dela esan eta esan ari dira aditu guztiak. «Baina guk, oraingoz, ez dugu aldaketa handirik nabaritu. Instalazioa oso ona da, oso ondo prestatuta dago. Baina entrenamenduetan ez dugu nabaritu hain pista azkarra denik. Orain arte ezagutu ditudan belodromoetan inondik inora ere ez da azkarrena».

Maezturekin batera beste bost euskal herritar ariko dira gaur lehian, 13:00etatik aurrera: Elorriaga eta Lopez, puntuazioan; Calvo, taldekako abiadura proban; Olaberria, scratch-ean; eta Peralta, kilometro bateko proban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.